Europass, Euroko txapelketarako baloi berria
Baloi berriak, diseinu berria ez ezik, berezi egiten duen bereizgarri bat ere badu: kanpoaldeko geruza fin-fina, PSC-Testure izenarekin bataiatua. Adituen arabera, geruza horri esker, baloia errazago kontrolatzen da, indarra hobeto transmititzen zaio, eta ukituak zehatzagoak izan daitezke. Eutsi ere, errazago eusten omen zaio; hortaz, atezainak pozik egoteko moduan daude.
Aurreko baieztapenak egia direla frogatzeko, Eurokopa hasten den unera arte itxaron beharko da. Aurrez, ordea, baloiaren ezaugarriak probatzeko, hainbat ikerketa egin dituzte Ingalaterrako Loughborough unibertsitatean zein Adidas etxearen laborategietan.
Kalitate-neurrietara iristen dela ziurtatzeko, nazioarteko futbol federakuntzak, Fifak, badu bere neurgailua. Zigilu hori eskuratu ahal izateko, edozein baloik proba-sorta bat gainditu behar du. Europass baloiarekin ere, noski, egin dituzte proba horiek.
Robot-hanka (Errotulua)
Makinak ostikoa ematen dio baloiari, nahi adina aldiz, baina betiere angelu berarekin eta indar eta abiadura berarekin.
Abiadura handiko kamera batek kolpearen ondorioak grabatzen ditu. Irudiek erakusten dute baloiaren erantzuna oso antzekoa dela beti, alde batetik zein bestetik kolpatuta.
Zirkunferentzia-testa (Errotulua)
Ondo kontrolatu ahal izateko, baloiak ahalik eta biribilena izan behar du. Baloiaren batez besteko zirkunferentzia neurtzeko, baloi bakoitza hamar puntutan neurtzen da.
FIFAk onartutako estandarra: 68,5 cm - 69,5 cm (Errotulua)
Europass: 69,0 cm - 69,25 cm(Errotulua)
Biribiltasun-testa (Errotulua)
Baloia biribila izatea garrantzitsua da, baina une oro biribiltasunari eusteak garrantzi handiagoa du, askoz zehatzagoa izango delako. Baloia osatzen duten zatien forma erabakigarria da.
Hainbat aldiz kolpatu ondoren, test-ean, baloiaren diametroa neurtzen da, hamasei puntutan. Diametro handienaren eta txikiaren tarteak oso muga zorrotzak gorde behar ditu.
FIFAren estandarra: gehienez ,% 1,5eko aldea. (Errotulua)
Europas: gehienez % 1eko aldea. (Errotulua).
Uraren xurgapena (Errotulua)
Bustitako baloiak eta lehor dagoenak ez dute berdin jokatzen; bustiak pisu handiagoa izaten du, motelago mugitzen da eta punpa txikiagoak egiten ditu. Beraz, ahalik eta ur gutxiena xurgatzen duen baloiarekin jokatzea izaten da egokiena.
Baloiak zenbat ur hartzen duen jakiteko, urez betetako ontzi batean 250 aldiz sartzen dute. Gero, pisatu egiten dute, zenbat ur hartu duen jakiteko.
FIFAren estandarra: gehienez, hasierako pisua baino % 10 gehiago har dezake. (Errotulua)
Europass: % 4,5 gehiago hartu du. (Errotulua).
Tamaina- eta forma-testa (Errotulua)
Futbol-lehia batean, batez beste, baloi bakoitzak 2.000 ostiko jasotzen ditu, eta beharrezkoa da lehen minututik azkeneraino baloiak modu berean erantzutea.
Tamainaz ez dela aldatzen eta forma berari eusten diola ziurtatzeko, baloia altzairuzko horma baten kontra botatzen dute orduko 50 kilometroko abiaduran. Probaren ondoren, baloiak ez du galdu behar ez presiorik, ez biribiltasunik.
Presioa kontrolatzeko, berezko beste proba bat ere egiten da: toperaino puzten dute, eta, hiru egun pasatu ondoren, berriro neurtzen diote presioa. Zuen airearen zati jakin bat baino ez luke galdu behar.
FIFAren estandarra: presioaren % 20.
EUROPASS: presioaren % 11.
Errebote-testa (Errotulua)
Futbol-jokalariek hanka, burua edo bularra jarri baino lehen, jakin egin behar dute baloiaren errebotea nolakoa izango den, beti antzera egin behar baitu errebote hori.
Proba horretan, baloia bi metroko altueratik erortzen uzten dute. Proba behin eta berriro egiten dute, eta errebote handienaren eta txikienaren arteko diferentzia ezin da izan 10 zentimetro baino handiagoa.
FIFAren estandarra: 10 zentimetroko aldea.
EUROPASS: 2 zentimetroko aldea.
Lehen begiratuan hala ez dirudien arren, teknologia-maila handiko produktua izan daiteke baloi bat.
Europass, Euroko txapelketarako baloi berria
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian