Eguzki-panel berriak
Dudarik gabe, irudi ikaragarriak mohawk indiarrenak; a ze gaitasuna etxe-orratzen fatxadetan lasai ibiltzeko, eguzkitik hain gertu.
Hain zuzen, orain, eguzkiari buruz hitz egingo dugu, eguzki-energiari buruz. Hurrengo erreportajean, Ingeteam taldeak garatu duen eguzki-panelen sistema berri bat aurkeztuko dizuegu.
Futbol-partida dagoen edozein igande Iruñean. Osasunaren zaleak berotzen hasiak daude.
Baina ez zaleak soilik; Reyno de Navarra bera ere bai. Izan ere, Eguzkiaren beroak, eta, batez ere, argiak lanean jartzen ditu futbol-zelaiko teilatuan dauden eguzki-panelak.
Berez, panelek ez diote zuzenean erantzuten futbol-zelaiko elektrizitate-beharrari, zeharka baizik. Egunez sortzen duten energia elektrikoa sare elektriko orokorrera bidaltzen da, eta, bestalde, futbol-zelaiak behar duen elektrizitatea saretik hartzen du. Une berean, ekoizle eta kontsumitzaile da futbol-zelaia, eta, azkenean, balantze energetiko eta ekonomiko bat egingo da. Balantze horretako datuetako batzuk, gainera, markagailuan ikusi ahal izango dituzte zaleek.
Eneko Imaz Amiano, Elhuyar Fundazioa: Instalazio hau Ingeteam-ek Iruñean duen egoitzan garatu dute. 75 kW-eko instalazio trifasikoa da. Baina ikus dezagun zer esan nahi duen horrek eta nola iritsi diren honetara.
Eguzki-panel guztiek eguzkiaren argia edo irradiazioa elektrizitate bihurtzen dute. Argiak panelean eragitean elektroien zirkulazioa sortzen du, eta, zirkulazio hori da, hain zuzen, korronte elektrikoa. Korronte hori zuzena da, hau da, elektroiak beti noranzko berean mugitzen dira. Halakoa da, esaterako, pila batek sortzen duen korronte elektrikoa.
Gure sare elektrikoa, ordea, korronte alternoan oinarritzen da; beraz, bihurgailu edo inbertsoreak jarri behar dira panelean sortutako korronte zuzena alterno bilakatzeko.
Mikel Borrega, Ingeteam.
Inbertsoreak etengailu oszilatzaile baten modukoa dauka. Etengailua alde batera edo bestera irekiz, elektroiak alde baterantz edo besterantz mugituko dira zirkuituan, eta aurrera-atzera hori uhin baten moduan garraiatuko da eroale elektrikoan. Hala, korronte zuzena alterno bilakatzen da.
Hori besterik egiten ez denean korronteak fase bakarra izango du: korronte alterno monofasikoa izango da, eta hari bakarraz garraiatuko da. Halakoa izaten da etxeetan erabiltzen den korrontea.
Eta halakoak izaten dira, halaber, etxe, baserri edo baratzeetan ikusten ditugun instalazio fotovoltaikoak; besteak beste, horrelakoak soilik lagundu izan direlako diruz orain arte. Instalazio txikiak izaten dira, 5 kW artekoak, eta korronte alterno monofasikoa ekoizten dute. Eta halakoak izan dira, nagusiki, Ingeteam-ek ekoitzi izan dituenak.
Mikel Borrega, Ingeteam.
Instalazio handietarako aldaketa hori, hala ere, ez da tamainaren aldaketa soilik. Izan ere, legez, sarera 5 kW baino gehiago sartu nahi badira, korronteak alterno trifasikoa izan behar du, eta ez monofasikoa.
Eta hori lortzeko, hiru inbertsore jarri behar dira. Hirurek maiztasun bereko korrontea sortzen du, baina desfase txiki bat izaten dute denboran. Hala, korronte alternoa trifasikoa sortuko da; hiru fase dituena.
Berez, trifasikorako inbertsorea egin eta jartzea garestiagoa da, baina etekintsua ere bada, sortzen den potentzia handitu egiten baita. Horregatik da interesgarria, ekonomikoki, 5 kW baino gehiago ekoitziko duten eguzki-panelak egitea. Osasunaren futbol-zelaikoa, kasu.
Futbol-zelaian, pozez txoratzen daude; Osasunak abantaila hartu dio aurkariari.
Abantailak baditu 5 kW baino ekoizpen handiagoa lortzea, trifasikoan lan egin arren, baina betebehar teknologikoak ere handiagoak dira.
Adibidez, panelak sortzen duen potentzia aldatu egiten da tenperaturaren, orientazioaren eta irradiazioaren arabera. Potentzia hori tentsioaren eta korrontearen arteko biderkadura da, eta grafikoko azaleraren bidez irudikatzen da. Kondizioak aldatzen badira, tentsioa ere aldatu egiten da eta ez da potentzia egonkorrik lortzen.
Hori arazo bilaka daiteke potentzia handiak sortzen direnean; horregatik, Ingeteamen etengabe potentzia maximoko puntua bilatzen duen inbertsorea diseinatu eta ekoitzi du, eta bere instalazioetan jartzen ditu. Hala, ekoizten den potentzia egonkorra izatea lortzen dute.
Mikel Borrega, Ingeteam.
Gaur egun, Ingeteam-en 500 kW adina ekoizteko panelak egiten dituzte, futbol-zelaikoa halako 6. Hain handiak izanik, 125 kW-eko lau modulutan banatzen dituzte plakak. Hala, inbertsore bat jarri ordez, lau dituzte, guztiak etengabeko potentzia maximoko bilatzailedunak, eta egoera zehatzago kontrola daiteke. Akatsen bat gertatzen bada ere, instalazioaren zati bat bakarrik geratuko da konpondu bitartean, ez guztia, eta ekoizpen-murrizpena txikiagoa da.
Bien bitartean, Osasunaren partida amaierara iritsi da; irabazi egin dute, bai kirolari dagokionez bai eta energiari dagokionez.
Eguzki-panel berriak
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian