Dietonhealth, osasuna etxean
Jorge de Antonio; FAGOR: Haririk gabe komunikatzeko gaitasuna duten gailu estandarrak erabiltzen ditugu, merkatuan daudenak, eta egiten duguna da etxean miniordenagailu bat jarri, bluetooth bidez datuak biltzeko ahalmena duena. Gero, Internet bidez bildutako informazio guztia plataformara igotzen dugu. Han, adituek diagnosia egin dezakete, eta beste laguntza-zerbitzu batzuk ere badira: nutrizionistak, prestatzaile fisikoak, psikologoak,...
Interneteko gune bat baino gehiago da dietonhealth. Ikusi dugun bezala, dituen aholkuak eskuratu daitezke, sare sozialetako komunitateetan parte hartu, edo gailuak erantsi. Azukre-neurgailuak, oxigeno-maila jakiteko saturometroak edo gure protagonistak darabilen tentsiometroa, adibidez. Hipertentsio apur bat du, eta parametro hori ere kontrolpean du. Gailuak ez ditu Fagorrek egiten, beharrezko driverrak edo softwarea diseinatzen ditu, sisteman integratu eta plataformara informazioa bidaltzeko gai izan daitezen. Tentsioa ondo dago.
Jorge de Antonio; FAGOR: Osasunaz arduratuta dagoen edozein pertsona osasuntsurentzat dago pentsatuta printzipioz, baina gaixotasun kronikoren bat duen edonorentzat bereziki egokia da, diabetesa dutenentzat, besteak beste.
Bide honetan, arazo kardiobaskularrak zituen talde batekin monitorizazio- eta jarraipen-saiakera bat egin berri dute Madrilen. Tentsioa altu samar izatea gaixotasun larria ez den arren, dietonhealth sistemak ongi kontuan izaten du: asteroko elikadura-plana eta jarduera fisikoa horrelako faktoreen arabera proposatzen du. Dietak agintzen du erosketa-zerrenda osatzeko garaian ere.
Denborak aurrera egin ahala, erabiltzaileak egunero sortzen dituen datuekin mediku-historia zabala osatzen da. Informazio erabat baliagarria, osasunaren gorabeherak kontrolatu eta beharrezko neurriak hartzeko. Dietonhealth plataforma modu irekian erabiltzeko pentsatua dago; hau da, informazioa abiapuntu hartuta zerbitzu berriak sortzeko moduan. Baina hori gertatzeko, guztiek lengoaia bera erabili behar dute: gailu berriek, plataformako datu-biltegiak eta informazio hori erabili nahi dutenek. Mondragon Unibertsitateak sortu duen interoperabilitate geruzari esker,elkartrukea posible da.
Urtzi Markiegi; Mondragon Unibertsitatea: Interoperabilitate-kontu honek ahalbidetzen du pertsona batek jasotzen dituen datuak ikusi dugun bezala, gure pertsonaiak pisua, tentsioa, zein beste datu batzuk jasotzen ahal ditu, eta jasotzen dituen datu horiek guztiak elkartruka ditzake bestelako plataforma batzuekin. Datuak jaso ostean, bere medikuarengana joango balitz ospitalera, ospitalean berez dituzten datuez aparte, gure geruzari eta plataformari esker haren historiko guztia ikusi ahal izango lukete, eta modu horretan medikuak aholku zehatzagoak eman ahal izango dizkio.
Interoperabilitate-geruzak ahalbidetuko luke gailu berriak sisteman integratzea, lengoaia bera dutelako. Dietonhealth oinarri duten beste erabilpen batzuk garatu ere egin ditzake plataformaz kanpoko edonork. Adibidez, osasun-zerbitzu publiko nahiz pribatuek, edo hain modan dauden smartphoneetarako aplikazio berrien abiapuntu izan liteke. Merkatua hor dago.
Urtzi Markiegi; Mondragon Unibertsitatea: Hori nola da posible? Posible da lengoaia estandar bat erabiltzen dugulako, eta geruza honek nolabait informazioaren itzulpen bat egiten du lengoaia estandar horretara, eta beste sistema batzuek hori uler dezakete.
Jorge de Antonio; FAGOR: Informazio hori webgunetik ikus daiteke gero, edo telefono inteligente, tablet eta antzeko gailuen bitartez erabili. Gure proposamena informazioa edonondik eskuragarri egotea da.
Plataformak eskaintzen dituen aukerak zabalak dira, baina proiektua ez dago oraindik indarrean: Arrasateko Fagorren erakustokian grabatu ditugun zerbitzu guztiak urte-bukaeran izango dira eskuragarri.
Dietonhealth, osasuna etxean
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



