BIzia laborategian ernaltzen denean
Ixone da hau, eta hau, berriz, Eukene; lau eta bi urte dituzte, hurrenez hurren, ahizpa biek. Bizi-biziak dira, geldirik egon ezin diren horietakoak, eta argiak. Ohartzeko, aurpegira begiratzea besterik ez dago. Araban bizi dira, Okondon. Haien gurasoak Lortxu eta Manu dira.
Hendaiako hondartzan beste bi neska-mutiko jolasten ari dira: bost urteko Iker eta laster bi egingo dituen Naroa. Hondarribitik etorri dira goiz hotz honetan, Alazne eta Patxi gurasoekin.
Familia biek ez dute elkar ezagutzen, baina haurretako batzuek badute zerbait komuna: ugalketa lagunduko teknikei esker iritsi dira mundu honetara.
ALAZNE EZKURRA: Gure familian daukagu herentziazko gaixotasun bat, izena du Alport-en sindromea. Eta gaixotasun horren ondorioz, giltzurrunek funtzionatzeari uzten diote.
Nik hasiera batean banekien gaixotasuna hor zegoela, baina ez nekien nola transmititzen zen. Orduan, informazioa jasotzen hasi nintzenean ikusi nuen teknika hori zegoela.
MANU MENDIGUREN: Lan-istripua izan nuen, 91ko apirilaren 8an, 23 urte nituela. Lanean ari nintzen, mendian. Bularretik behera ez dut ezer sentitzen.
Lan-istripuak paraplegiko utzi zuen Manu, aulki gurpildunari lotuta. Ospitalean eman zuen denbora bat, apur bat indartu arte. Gero, errehabilitazio-zentro berezi batean, ahal zen neurrian berez baliatzen ikasi zuen. Bularretik behera sentsaziorik ez eduki arren, bizitzako ateak ez zitzaizkion itxi.
MANU MENDIGUREN: Istripua izan eta gero ezagutu nuen Lortxu, Amurrioko Herrikoan lanean ari zela. Kamarera zen. Elkar ezagutu genuen, eta ezkontzea eta familia izatea erabaki genuen.
LORTXU ITURRIOZ: Garbi neukan umeak izan nahi nituela nola edo hala. Orduan, lehenengo gauza zen in vitro egitea, eta horrek ez bazuen funtzionatzen, ba adopzioa edo ahal genuena.
Umeak ekarri nahi eta ezin. Pertsona askoren arazoa izaten da. Adituek diotenez, bikoteen % 20 pasatxori gertatzen zaio. Urtebete inguru umea ekarri nahian ibili ondoren hartzen da bikote bat antzutzat. Horrelako egoeran dauden bikote askori, ginekologoek obulazioa indartsuagoa izateko tratamenduak jartzen dizkiete lehenik. Helburua obulazioa indartzea da, zein egunetan obulatu behar den jakitea, eta egun horietan harremanak izatea. Koito zuzendua deitzen zaio horri.
Koito zuzenduak huts egiten badu, ugalketa lagunduko zerbitzuetara jo behar izaten dute bikoteek. Lehenik gizonezkoaren hazia aztertzen da. Espermatozoide-kopuruari begiratzen zaio, espermatozoideen formari, eta mugikortasunari. Emakumezkoen kasuan, berriz, begiratzen da ea baden obulaziorik, ea tronpek ondo funtzionatzen duten, kisteren bat dagoen eta abar. Diagnostikoaren arabera, ugalketa lagunduko teknika bat edo beste bat aukeratuko da.
UGALKETA LAGUNDUKO TEKNIKAK
INTSEMINAZIO ARTIFIZIALA
Hazia emakumearen uteroan artifizialki ezartzean datza. Obulutegia estimulatzen da, ziklo berean obulu bat baino gehiago sor dezan. Bestetik, morfologiaren eta mugikortasunaren aldetik egokienak diren espermatozoideak aukeratzen dira. Intseminazioa ospitalean egiten da, eta ez du anestesiarik behar.
IN VITRO ERNALKETA
Haurdunaldia lortzeko aukera gehiago izateko, obulutegiak hormona bidez estimulatu behar dira, eta ondoren obozitoak erauzi, hau da, heltzeko bidean dauden obuluak erauzi. Erauzketa ebakuntza-gelan egiten da, emakumea anestesiapean dagoela. Semen-laginarekin eta erauzitako obuluekin egiten da ernalketa laborategian. Ernaldutako obozitoak in vitro hazten dituzte emakumearen umetokian ezarri baino lehen. Oro har, bi edo hiru enbrioi ezarri ohi dira. In vitro ernalketari esker, donaziotik datozen obuluak ere erabil daitezke.
ZITOPLASMA BARNEKO INJEKZIOA
Azken urteotan, in vitro ernalketa egiteko teknika berri eta zehatzago bat garatu da. Obozito bakoitzean espermatozoide bakar bat injektatzean datza. Kalitate oso baxuko esperma erabilita ere, ernalketa ziurtatzen da. Eiakulazioan bat ere espermatozoiderik ez dagoen kasuetan ere baliagarria da, espermatozoideak testikulutik bertatik erauz baitaitezke. Hala, esan daiteke gizonezkoaren esterilitatea ia guztiz gainditu dela.
Manuren kasuan, arazoa ez zen haziaren kalitatea, eiakulazioa lortzeko zailtasuna baizik.
ABEL ETXANOJAUREGI; Gurutzeta Ospitalea: Badakizu, lesioaren arabera, bizkarrezurrean zein alturatan dagoen kontuan hartuta, batez ere bi arazo-mota edukitzen dituzte. Lehenengoa da ez dutela hazia erraz ekoizten; orduan, ezin izaten dute isurketarik eduki. 11. ornotik gora lesioa dutenen % 80k ez du eiakulaziorik. Eta hori izaten da arazoa, hazia ezin delako irten kanpora. Beste arazo garrantzitsua izaten da ezin izaten dutela zakila tente jarri. Horiek dira arazoak: % 85ek arazoak ditu ejakulatzeko, hazia ekoizteko, eta beste % 80k erekzioa edukitzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoan Gurutzetan bakarrik tratatzen dira horrelako. Tratamendua mailakatua izaten da. Ospitaleko bizkarrezur-muineko lesioen zerbitzura jotzen dute. Lehen aukera estimulazioa eta eiakulazioa eragiten duen gailu bat ematea izaten da, bibratzaile baten bidez bakoitzak bere etxean isurketa lor dezan. Gero, hazi hori xiringa batean sartu eta baginan ezarri behar da. Autointseminazio-aukera hori oso gutxitan irteten da ondo, saiakera guztien % 5ean baino ez. Ohikoagoa da hazia ospitalean lortzea.
MANU MENDIGUREN: Hazia atera zidaten, laborategian aztertu zuten, eta ondo zegoela ikusita umearen bila joatea erabaki genuen.
MARIA LUISA JAUREGI; Gurutzeta Ospitalea: Guk hazia biltzen dugu. Hau ferticare klinikoa da. Aparatu handitxoa da, eta ferticare pertsonala baino gutxiago erabiltzen dugu. Gailuak bibrazioa sortzen du, besterik ez, eta zakilaren parte batean aplikatuta mugimendu erreflexua piztea lortzen dugu, eta hazia ateratzea. Hazia kanpora irten daiteke edo puxikara joan, eta orduan zunda batekin jasotzen dugu. Hala ere, berdin balio du, laborategian zentrifugatuta ez duelako ezaugarririk galtzen.
LORTXU ITURRIOZ: Eta zerrendan sartu ginen in vitro-a egiteko aukera bakarra zelako. Aulkian izanda, hori izaten da arazo handiena, normalean espermatozoideen mugikortasuna txikiagoa izaten da. Orduan, gertatzen dena da hori, in vitro-a egiten dela.
Gurutzetan 1998an hasi ziren bizkarrezur-muineko lesioa duten pertsonen ugalkortasun-programarekin. Ordutik, bizkarrezur-muineko lesio batekin bizi eta umea eduki nahi zuten bikoteak jaso dituzte han. Ia erdiek beren ametsa errealitate bihurtu dute.
ABEL ETXANOJAUREGI; Gurutzeta Ospitalea: Teknikak du errua, gu hasi ginenean in vitro teknikak ezartzen bikote arruntetan % 30eko arrakasta izaten genuen; orain, berriz, 40 eta 50 lortzen dugu.
LORTXU ITURRIOZ: Lehenengoan ez zuen funtzionatu, baina bigarrenean bai Ixone jaio zenean, berehala erabaki genuen beste bat izan nahi genuela. Izena eman genuen zerrenda batean, eta urte bat pasatu eta gero berriro egin genuen beste in vitro bat eta Eukene jaio zen. Eta oso pozik gaude biekin.
Haurrak izateko zailtasunez gainera, badira beste hainbat arrazoi ugalketa lagunduko tekniketara jotzeko. Gure gizartean gero eta ohikoagoa da emakumeek amatasun-adina atzeratu nahi izatea. 35 urte betetzean, ordea, obuluen kalitatea jaisten hasten da, eta adin horretatik aurrera gero eta zailagoa da haurdun gelditzea. Baina, gaur egun, aukera dago adin hori gainditu baino lehen obuluak izozteko, behar direnean erabiltzeko. Obozitoen beiraztatzea teknika berritzaile bat da.
ZALOA LARREATEGUI; IVI Bilbao: Ohiko izozketa mantsoagoa zen, eta eragozpen handi bat zeukan. Obulua oso zelula handia da, 140 mikrakoa, eta haren zatirik handiena urez osatua dago. Izozte-abiadura hain mantsoa zenez, izotz-kristalak eratzen ziren eta egiturak hautsi.
ZALOA LARREATEGUI; IVI Bilbao: Beiraztatzearekin, izozte-abiadura handiagoak eta kriobabesle-kontzentrazio altuagoak erabiltzen ditugu. Zuzenean nitrogeno likidoan murgiltzean, tenperatura 25 ºC-tik -196 ºC-ra jaits dezakegu, minutuko 25.000 graduko abiadura ultraazkarrean. Horri esker, obozitoen iraupen-tasa % 40tik % 98ra igo da.
Beiraztatzea duela bi urte hasi ziren erabiltzen, eta gaur egun errutina gisa erabiltzen da laborategi gehienetan. Oso baliagarria da donaziotik datozen obulu-bankuak sortzeko, baita norberaren obuluak gordetzeko ere. Are gehiago, minbizia duten emakumeei aukera bat eskaintzen die sendatzen direnean haurrak izateko. Izan ere, kimioterapiak eta zenbait erradioteriapiak obulu berriak sortzeko gaitasunik gabe uzten dituzte obulutegiak.
Baina teknikak oraindik aurrerago egin du: une honetan posible da minbiziaren ondoren obulutegiak berriro martxan jartzea. Horretarako, obulutegiaren azalaren zati bat erauzi eta izoztu egin daiteke.
MARCOS FERRANDO; IVI Bilbao: Obozitoak beiraztatzearen eta obulutegi-azala izoztearen arteko desberdintasuna zera da: azken horrekin emakumearen hormona-maila normalak berreskuratu egin daitezke. Beiraztatutako obozitoekin in vitro ernalketa egiteko aukera baino ez dugu. Baina obozitoak amaitzean, haurdunaldirik lortu ez bada, ez dago aukera gehiagorik. Obulutegiko azalak, berriz, bi gauza eskaintzen dizkigu: batetik, azalak funtzionatzen duen bitartean haurdunaldia lortzeko aukera mugagabeak. Eta, bestetik, emakume menopausiko baten hormona-mailak ez izatea; hori gertatzen baita kimioterapia hartzean, obulutegiak ez duela funtzionatzen.
ZALOA LARREATEGUI; IVI Bilbao: Oso teknika berritzailea da minbizia diagnostikatutakoan obozitoak erauzteko astirik ez duten emakumeentzat. Egun batetik bestera, laparoskopia bidezko ebakuntza erraz bat prestatuko genuke. Obulutegiaren gainazala hartuko genuke, han baitaude obuluak sortzen dituzten folikuluak. Azal hori laborategian izoztu eta berriz ezarri arte gordeko genuke.
Joan den abuztuan jaio ziren, Valentzian, berriz ezarritako obulutegi-azala eta beiraztatutako obuluak konbinatuz sortu diren lehen haurrak. Munduko lehen kasua da. Euskal Autonomia Erkidegoan, IVI Bilbao da teknika hori erabiltzeko baimena lortu duen aurreneko zentroa, eta hilabete honetan lehenengo pazienteak tratatzen hasiko direla aurreikusten dute.
Alazne eta Patxiren istorioa kontatzeko, bost urte egin behar da atzera, seme zaharrenak, Ikerrek, bost urte beteberriak baititu. Mutiko bizia da, baina Alazneren familiako gaitza heredatu du, Alport-en sindromea.
ALAZNE EZKURRA: Inork ez zigun esan "aizu, familia eduki nahi baduzu, kontuz" inork ez zigun ezer ere ez esan. Orduan, Iker jaio zenean, hasieratik hasi ginen medikuetan eta oso gogorra da. Sufrimendu bat da.
Bigarren haurra izatea erabaki zutenean, argi zuten gaixotasuna nolabait saihestu behar zutela. Horregatik, Naroa ekartzeko, ernalkuntza-tekniketan izandako aurrerapenak erabili zituzten. Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoa, hain zuzen ere, DGPa.
MIREN MANDIOLA; Quirón Ospitalea: Zer kasutan erabiltzen den? Batez ere familietatik gaixotasun genetiko larriak desagerrarazteko.
ALAZNE EZKURRA: Nik banekien familian gaixotasun hori zegoela, baina ez nekien nola transmititzen zen. Gure kasuan emakumeok gara gaixotasun horren eramaileak. Mutilek pairatzen dute eta garatzen dute, baina neskak gara gaixotasun hori transmititzen dugunak. Gure kasuan ez dakigu non dagoen gene hori, gaixotasuna eramaten duen mutazio hori. Horretarako, ikerketa genetiko bat egin behar da. Gure kasuan hori ez daukagunez, esan ziguten oso zaila zela, orduan, seme edo alabak gaixotasuna ez eramateko, ziurtatzeko ez duela eramango, aukera bakarra zen neska aukeratzea.
MIREN MANDIOLA; Quirón Ospitalea: Enbrioi neskak aukeratzen ditugu familian gaixo gehiago jaio ez daitezen. Baina badira gaixotasun batzuk lehen sexua aukeratuz saihesten zirenak eta orain ez; orain jakin dezakegu enbrioiak gaixotasuna baduen ala ez. Izan ere, denbora gutxian asko aurreratu da, eta geroz eta gaixotasun gehiagoren diagnosi genetikoak daude.
Gaixotasun genetiko bat saihesteko, funtsean in vitro ernalkuntza bat egiten da, baina enbrioiei analisi genetiko bat egiten zaie gaixotasuna ez dutenak bakarrik ezartzeko emakumeari. Enbrioiek hiru egun dutenean zelula bana erauzten zaie, eta zelula bakoitzari analisi genetiko bat egiten zaio.
Ohiko in vitro ernalkuntza batean amari ezarriko zaion enbrioia aukeratzeko ezaugarri morfologikoak izaten dira kontuan. Haurdunaldia emango duten enbrioi egokiak aukeratu behar dituzte: abiadura egokian hazten ari direnak, tamaina bereko zelulak dituztenak, detritu-hondakinik gabeak. Diagnostiko genetikoa egiten denean, berriz, ezaugarri morfologikoen gainetik azterketaren emaitza dago: gaixotasuna ez duten enbrioiak aukeratzen dira.
MIREN MANDIOLA; Quirón Ospitalea: DGP batean ia ez duzu enbrioiak aukeratzerik: lehenengo, ernaldutako enbrioi guztiak ezin dira biopsiatu, 6 edo 8 zelula dituztenak bakarrik; 3, 4 edo 5ekoek ez dute balio. Biopsia egin eta analizatutakoetatik gaixotasuna ez dutenak hartzen dira, baina laborategian hazten jarraitu dutenak. Hortaz, gero eta gutxiago dituzu, eta ezin da aukeraketarik egin; besterik gabe, gelditzen direnak transferitzen dira normalean.
Alazneren kasuan bi enbrioi iritsi ziren prozesuaren amaierara. Bosgarren eguna zen.
ALAZNE EZKURRA: Ni gogoratzen naiz kirofanoan nintzela eta medikua etorri zen, eta esan zidan "Bueno, aquí vienen las dos niñas", eta sartu zizkidaten bi neska. Eta gero itxaron hamabost egun, haurdunaldiaren testa egin arte.
Etxean egin nuen testa, eta medikuari deitu nion positibo eman zuela esateko. Joan ginen, eta esan zigun "neska bat da". Neska bagenekien zela baina "bat" da. Hori egin ondoren, behin haurdun geldituta listo!
Alaznek haur bakarra izan zuen, baina bikiak izan zitzakeen. Oro har bi edo hiru enbrioi ezartzen zaizkionez amagaiari, haurdunaldi anizkoitza izateko arriskua handia da in vitro ernalketetan. Bikien eta batez ere hirukien haurdunaldiak arrisku handikoak dira bai amarentzat eta baita haurrentzat ere. Horregatik, erronka handienetako bat enbrioi bakarra ezarri eta haurdunaldia lortzea da, zalantzarik gabe.
MIREN MANDIOLA; Quirón Ospitalea: Itxura oneko enbrioi asko transferitzen ditugu, baina, proportzioan, haurdunaldi gutxi lortzen dira. Horregatik, zerbait gehiago bilatu nahi da, enbrioi baten eta beste baten artean bereizten lagunduko duen zerbait, esateko enbrioi hau osasun onekoa da eta beste hau ez. Horregatik, metabolitoetan ari dira bilatzen, enbrioia hazten ari den tantatxo horretan dauden produktuetan, dirudienez enbrioien osasun onarekin edo txarrarekin lotuta baitaude.
Metabolitoak metabolismoarekin lotuta dauden substantziak dira, entzimak, proteinak... enbrioiak elikatzeko ingurunetik hartzen dituenak, eta hondakin gisa kanporatzen dituenak. Enbrioia hazten den disoluzioan, hau da, hazkuntza-ingurunean, milatik gora metabolito dago; eta, azken ikerketen arabera, osasun oneko enbrioiak bereizteko adierazle izan daitezke. Metabolitoen analisian oinarritutako ikerketak metabolomikaren esparruan daude.
Metabolomika dute oinarri Embryomics enpresan, hain zuzen ere. Embryomics Bizkaiko Parke Teknologikoko Biokabi enpresa berrien haztegian dago. Ikerketa egiten dute hemen: enbrioiak hazten diren disoluzioak aztertzen dituzte. Helburua da lortzea DGPa ordezka dezakeen teknika bat, enbrioia ukitu beharrik gabe egin daitekeen bat, edo, gutxienez, tresna bat enbrioi onenak aukeratzen laguntzeko in vitro-etan.
FRANCISCO DOMINGUEZ; Embryomics: Embryomics-en egiten duguna da profil metaboliko globalak analizatu, hau da, ingurunean dauden hainbat metabolito. Enbrioia hazten egon den inguruneak hartu, analizatu, eta, gero, lagin bakoitzean agertzen diren metabolitoen arabera enbrioi normalak eta ez normalak bereizten saiatzen gara.
IVIren hainbat klinikatatik jasotzen dituzte ikerketarako laginak Embryomics-en. DGPa egin dieten enbrioien hazkuntza-inguruneak dira, disoluzioak, 40 mikrolitro inguruko tantatxoak. Enbrioien osasuna baloratzeko, DGParen emaitza eta hazkuntza-ingurunearen konposizioa parekatzen dituzte.
Laginak prestatu, analisia egin eta ordenagailuan jasotzen dituzte emaitzak. Haiek interpretatuta jakiten dute zein den laginaren konposizioa.
Ehunka laginen konposizioa ezagututa, emaitzak bateratu egiten dituzte, eta DGParen emaitza kontuan izanda adierazpen grafikoa lortzen dute.
FRANCISCO DOMINGUEZ; Embryomics: Grafikoko puntu bakoitza metabolitoen global bati dagokio, hau da, enbrioi bat hazi zeneko ingurune bati. Beltzez enbrioi normalak daude, eta gorriz anomalia kromosomiko ugari dituztenak.
Grafiko honetan % 100 bereizi ditugu enbrioi osasuntsuak eta anomalia kromosomikodunak.
Metabolitoen ikuspegitik garbi bereizten dira anomalia askoko enbrioiak eta enbrioi normalak. Anomalia gutxiko enbrioiak ere bereizten dira, baina ez hain nabarmen.
MIREN MANDIOLA; Quirón Ospitalea: Urte batzuen buruan aplikazio kliniko garbia izango du, seguruenera, baina oraindik ikerketan ari dira. Etorkizunean agian.
Dena dela, horrek ez du gaixotasun baten diagnostikoa ordezkatuko. Esango digu enbrioi bat osasuntsua den kromosomei dagokienez, itsasteko gaitasun handia duen ala ez. Eta ohiko kasuetarako balioko luke, in vitro edo ICSI batean aukeraketa egiten lagunduko luke, baina ez DGP baterako.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Anna Veiga doktoreak egin zuen Espainiako lehen in vitro ernalketa arrakastatsua. Umetxo hark, joan den udan 25 urte bete zituen, eta bigarren izena, hain zuzen, Anna du. Veiga doktorea, kaixo, eta mila esker gu hemen hartzeagatik, Bartzelonan. Nola gogoratzen duzu une hura?
ANNA VEIGA; CMRB: Victoriaren jaiotza une hunkigarria izan zen talde osoarentzat, eta gauza askoren abiapuntu ere izan zen. In vitro ernalketarekin hasten ari ginen orduan, eta, nire ustez, beste 15.000 haurrek baino gehiagok jarraitu duten bidea ireki zuen Victoriak. Dagoeneko, munduan hiru milioi haur baino gehiago jaio dira teknika horri esker.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Orduz geroztik, gainera, Victoria Anna ikusteko aukera izan duzu, ezta?
ANNA VEIGA; CMRB: Bai. Victoriarekin eta beraren gurasoekin adiskidetasuna mantentzen dugu, eta sarritan ikusten dugu elkar.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Gaur egun, Zelula Amen Bankuaren zuzendaria zara, hemen, Bartzelonako Erregenerazio Medikuntza Zentroan. Zure iritziz, zer garrantzi izango du zelula amen ikerketak ugaltzeko tekniken aurrerapenei dagokienez?
ANNA VEIGA; CMRB: Baliteke garrantziren bat izatea, gehienbat oinarrizko ikerketari dagokionez. Hau da, espermatozoideak eta obozitoak sortzeko mekanismoak hobeto ulertzen lagundu diezagukete zelula amek. Haien aplikazio klinikoei eta ugalketaren gain izan ditzaketen eraginari dagokionez, ordea, zuhurrak izan behar dugu.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Ikertzaile talde britainiar batek, enbrioien zelula ametatik abiatuta, espermatozoideak sortzea lortu du orain dela gutxi. Zer aplikazio kliniko izan ditzake horrek etorkizun hurbilean?
ANNA VEIGA; CMRB: Lehen esan dudan bezala, baliteke zelula amek ez dakizkigun gauza asko erakustea gametoen sorkuntzaren inguruan. Baina zelula amak erabitzea obuluak eta espermatozoideak sortzeko... hori oraindik oso urrun dago. Gainera, kontuan izan behar da oraingoz saiakuntza horiek saguekin egin direla. Eta espermatozoide horietatik jaio diren saguek malformazioak eta arazo epigenetikoak izan ohi dituztela. Horregatik, zuhur jokatu behar da bikoteen antzutasun-arazoak ere zelula amek konponduko dituztela esan baino lehen.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Duela gutxi, zelula amak topatu dira saguen obulutegietan. Aurkikuntza horrek aldatzen al du emakumearen antzutasunari aurre egiteko modua?
ANNA VEIGA; CMRB: Seguruenik, ez da aldatzen emakumearen antzutasunari aurre egiteko modua, baina bai oso argi geneukan kontzeptu bat: emakumeak obulu-erreserba jakin batekin jaiotzen direla, eta erreserba hori amaitu egiten dela menopausiara iristean. Hau da, gure ugaltzeko sasoiak hasiera bat eta amaiera bat duela. Obulutegian zelula amak baleude -eta hori saguetan baieztatu da, nahiz eta emaitzak eztabaidagarriak izan-, horrek esan nahiko luke zelula ama horiek gai izango liratekeela obozito berriak sortzeko, nahiz eta emakumea heldua izan.
Hortaz, hain argi geneukan kontzeptu hori, emakumearen ugaltzeko sasoiaren hasiera eta amaierarena, aldatzen ari zaigu. Baina, diodan bezala, oso gai eztabaidagarria da. Badira zientzialari-talde pare bat aukera hori saguetan eta gizakietan defendatzen dutenak, baina ugalketa lagunduan lan egiten duten ikertzaile gehienek ukatu egiten dute. Eztabaida irekia dago. Ikusiko dugu zertan geratzen den, eta zer ondorio dituen. Baliteke obulutegian zelula amak egotea, baina obozitoak sortzeko egin dezaketen ekarpena oso txikia da, ziur aski.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Lehen aipatu dugun in vitro ernalketa hura egin zenuenetik, asko aurreratu da ugalketa lagunduaren arloan. Nola ikusten duzu etorkizuna beste 25 urte barru?
ANNA VEIGA; CMRB: Teknika oso estandarizatua dago. Gutxi gorabehera, laborategi guztiek modu berean egiten dute lan. Guztiek modu berean hazten dituzte enbrioiak, modu berean izozten dituzte enbrioiak, egiten dituzte biopsiak... Hori bai, emaitza onak izaten saiatzen ari gara, baina haurdunaldi anizkoitzak gutxituz, horrek asko arduratzen baikaitu arlo honetan lan egiten dugunok. Ugalketa-tratamendu baten helburua da haur osasuntsu bat jaiotzea, eta, horregatik, teknika doitu behar dugu hori horrela izan dadin. Haurdunaldi anizkoitz bat, ordea, beti da arriskutsua, haur bakarrekoa baino zailagoa. Haurdunaldi-tasa onak lortu behar ditugu haurdunaldi anizkoitzik izan gabe. Hori da gure helburuetako bat.
MAIDER EGÜÉS; Elhuyar Fundazioa: Mila esker, Veiga doktorea, gu atenditzeagatik, hemen, Bartzelonan. Zorte on etorkizunean, eta hurrengora arte.
ANNA VEIGA; CMRB: Eskerrik asko zuei.
Zelula-amekin oraindik ikustear dago zer gertatuko den, baina badira itxaropena izateko argudioak. Ugalketa lagunduko teknikek eta ikerketek ireki duten bidea hartzen badute, seme-alabak izateko oztopoak ia erabat desagertuko dira etorkizunean.
MARCOS FERRANDO; IVI Bilbao: 80ko hamarkadan ugalketa-teknikak hasi zirenean, haurdunaldi-tasak oso txikiak ziren, % 6koak. Gaur egun, % 50eko tasak lortu ditugu, baina oraindik ez gaude % 100ean. Nire ustez, etorkizuneko helburua honako hau da: haurrak izan ezin dituzten bikoteak guraso bilakatzea ahalik eta denbora laburrenean eta tratamendu gutxienekin. Horretarako, ezinbestekoa da haurdunaldi-tasak handitzea.
ALAZNE EZKURRA: Argi genuena zen gure ondorengoek gaixotasuna ez edukitzea... Oso gogorra da txikitatik jakitea zure semeak gaixotasun bat eduki behar duela. Hori oso gogorra da... Hori zeureganatu behar duzu. Eta erabaki genuen sufrimendu hori bigarrengoari ez pasatzea.
ABEL ETXANOJAUREGI; Gurutzeta Ospitalea: Luzea da kontua, eta lana egin behar da, baina tekniken bidez hazia lortuz gero, bizkarrrezur-muineko lesiorik ez duten bikoteek adina aukera dute. Beraz, aurrera beti!!!
LORTXU ITURRIOZ: Zure bizitza zuk nahi duzun bezalakoa da, eta ez elbarria izateagatik hau edo bestea ezin duzu egin. Hori egin daiteke elbarria izanda. Orduan posible baldin bada, ba hori, ez baduzu lortzen in vitro edo inseminazio bidez, adopzio bat egin dezakezu. Bizitza honetan aukera piloa dago, orduan zuk nahi duzuna egin behar duzu, eta pentsatu: zergatik ez? Eta hori egin genuen guk.
MANU MENDIGUREN: Hasteko, nik ez nuen espero ez ezkontzerik ez eta umeak edukitzerik. Ondo nengoen lagunekin, pozik eta ondo neraman, baina ez nuen espero ezkontzerik eta umeak edukitzerik. Hau oso bestelakoa da. Nik ez nuen espero, eta jende askok ere ez zuen uste aulki gurpildunean zegoen bat ezkontzea eta haurrak izatea.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







