Barakaldoko erakustazokan, BEC-en, bi urtez behin egin ohi den makina-erremintari buruzko erreportajea. Danobat-eko Asier Gandarias eta Beñar Kortabarria kazetaria bidelagun direla agertzen da biurtekoa.

Barakaldoko erakustazokan, BEC-en, bi urtez behin egin ohi den makina-erremintari buruzko erreportajea. Danobat-eko Asier Gandarias eta Beñar Kortabarria kazetaria bidelagun direla agertzen da biurtekoa.
ASIER GANDARIAS; DANOBAT: Egun on! Nola?

BEÑAR KORTABARRIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Ondo. Hementxe, zuen makinak ikustera.

A.G.: Zuzenean joango gara makinaren bat ikustera?

B.K.: Bale, ba.

A.G.: Etorri, bada. Orain gerturatzen ari gara zutikako tornu batera. Aurrean daukagun pieza hau Bermeoko itsasontzi batena da, helize bat da.

B.K.: Pieza handia, ezta?

A.G.: Bai, hau handia da, baina hau baino dezente handiagoak egiten ditugu. Ez dugu ekarri ahal izan. Badugu 6 metroko diametroko beste makina bat. Ideia bat egiteko, herrietan egoten dira bada zaldiko-maldikoak, bada zaldiko-maldikoen anteko tamaina izango lukeen makina bat. Hauek sektore jakin batzuei begira daude, pieza handiak erabiltzen dituzten sektore batzuentzat dira, eta apur bat "nitxo" horretan enfokatuta gaude.

B.K.: Horrelako pieza handiekin beti tornu bertikalak erabiltzen dira?

A.G.: Erabili, erabiltzen dira bai tornu bertikalak zein fresatzeko makina handiak, horrelako plater birakarien gainean jartzen dira. Sarritan, sektore eolikoko pieza handiak egiteko. Adibidez, aurrean eramaten duten kukurutxo itxurako pieza hori, bujea deitua. Bada bujeak eta horrelako elementu handiak mekanizatzeko erabiltzen da.

B.K.: Eta hau zer da, egin duzuen azken makina?

A.G.: Azkenetariko bat. Azkena, berez, Danobaten orain egiten ari garena da. Une honetan Europa hegoaldean arlo honi begira dagoen makinarik handiena da. Lur orotariko bat sartzeko moduko makina bat izango litzateke tamainan.


A.G.: Makina-erremintatik etorri gara, arrankeko makinetatik, eta ikusmen artifizialera etorri gara. Zerikusia dute? Hauek dira ekipoak eta sistemak makinetan sartzen hasi garenak orain urte batzuk. Zertarako? Euren doitasuna, kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko.

B.K.: Baina hauek gauza berriak dira, ezta? Duela hogei urte horrelakorik ez zegoen.

A.G.: Bai, nahiko berriak dira. Honen funtsa azkenean da, lehen komentatu dudan moduan, makinaren prestakuntza kontuan eta balio erantsia handitzea.

B.K.: Eta lehen nola betetzen zen funtzio hori?

A.G.: Lehen genuena, duela hogei-hogeitabost urte, zera zen: langile oso onak. Gaur egun ere badauzkagu, baina beste tresna batzuk dauzkate euren lana errazago eta kalitate hobeaz egin ahal izateko. Lehen, langilearen ikusmena erabiltzen zen, eta hark ikusten edo sentitzen zuenaren arabera, prozesuan aukera bat edo beste bat egiten zuen.

B.K.: Hemen aurrean, berriz, ogi-barra bat daukagu.

A.G.: Hau elementu bitxi bat da: apur bat makina-erremintatik bertatik irtenda, beste sektore batean izan ditzake aplikazioak. Kasu honetan uhal garraiatzaile bat izango genuke, eta hemen produktu bat etorriko litzateke. Kasu honetan, ogi bat daukagu, baina hori moduan txorizo bat edo dena delakoa etor daiteke. Zer egiten duen sistemak? Sistemak, hemen barrualdean dituen kamera-pilo baten bitartez, barruan dagoenaren geometria jasotzen du. Horren arabera, makinak datu guztiak dituela, jakin badaki noiz ebaki behar duen ogia edo txorizoa. Eta horrela dauzkagu gero, harategira joatean, txorizo guztiak tamaina berdinarekin. Hori da honen funtsa.

B.K.: Beste batzuk ere ikusten ditugu hemen.

A.G.: Bai, beste bat, kuriosoa, bazterrean daukagu, hemen aurrean dagoen garabiaren sistema.

B.K.: Lanean ari da, gainera.

A.G.: Bai, zortea daukagu kasu honetan. Gaur egun horrelako garabi handiak eraikuntzan eta altzairugintzan erabiltzen dira, kristoren xafla handiak mugitzeko orduan. Normalean, horrelako garabiak bi pertsonaren artean erabiltzen dituzte: bata behean egoten da, eta bestea goian. Behekoak aginduak ematen ditu, eta goikoak garabia mugitzen du. Altuera handiko elementuak dira, eta honen bitartez ahalbidetzen da pertsona bakar batek garabi osoa erabili ahal izatea.

B.K.: Behetik, gainera, ezta?

A.G.: Behetik bai. Lurrean dagoen pertsonak mugituko luke garabia instalazio guztietan, bai keinuen bitartez eta bai ahotsaren bitartez.

B.K.: Bitxia, benetan!

A.G.: Niri, behintzat, oso kuriosoa iruditu zait.

B.K.: Eta beste hau zer da, Asier?

A.G.: Hemen aurrean daukaguna da makina-erremintaren torlojuetan erabiliko genukeen garapen berri bat, une honetan martxan dagoena. Orain arteko errodamenduak-eta erabili beharrean, magnetismoa erabiliko luke. Gogoratzen umetan nola jolas egiten genuen imanekin? Polo berdin bi gerturatuta nola aldentzen ziren? Fenomeno horixe bera erabiltzen du. Ardatz baten inguruan imanak jartzen dira, eta horiek eratzen duten eremu magnetikoaren ondorioz ardatzean sartutako edozein erreminta airean geratuko litzateke.

B.K.: Orduan, lebitatzen moduan egongo litzateke eta ez luke inolako kontakturik edukiko inguruarekin.

A.G.: Hori da honen abantaila: kontakturik gabeko ardatza sortzea. Zer onura dakartzan horrek? Alde batetik, gerora, mantenuari begira, kontakturik ez dagoenez, marruskadurarik ere ez da egongo. Bestalde, makina hauek abiada handia hartzeko duten gaitasuna egongo litzateke. Kasu honetan, minutuko 70.000 erreboluziotan lan egin ahal izango luke.

B.K.: Bada zerbait, e!!

A.G.: Bada. Kontuan hartuta normalean ardatzak ibiltzen direla 3.000/5.000 10/15.000 eta 20.000 jada asko izaten direla...aipatzen ari garen zifrak ikaragarriak dira.

B.K.: Eta abiadura horretan, zer mekaniza daiteke?

A.G.: Bada, abiadura hori izaten da bai erreminta txikientzako, diametro gutxiko erremintentzako; adibidez, mikrofresaketa kontuetarako, eta baita doitasun handia eskatzen duten makinetarako.

B.K.: Eseri egin gara, ea!

A.G.: Jarri bai, ea gero nola irteten garen hemendik!


Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali