BCBL adineko hiztunen bila
Elebitasuna eta zahartzaroa lotuko dituen ikerketa-lerro bati ekingo diote BCBL-n. Lehenengo ikerketa saiorako 80 boluntarioko talde bat osatzen ari dira.
JON ANDONI DUÑABEITIA; BCBL: Froga honetarako 80 lagun elebidun eta elebakar bilatzen ari gara, 65-85 urte bitartekoak. Elebidun esaten dudanean esan gura dut euskara eta gaztelania ongi menderatzen duena. Eta elebakarrek gaztelania izan behar dute ama-hizkuntza bakarra.
Guk uste dugu justu adin-talde horretan eta gizarte-talde horretan aukera daukagula elebitasunaren ondorio positiboak ikusteko, hain justu adin horretan ez daudelako gaitasunen ehuneko ehunean.
Parte hartzera datozen boluntarioek, alde batetik, ordenagailuaren aurrean irakurmenari eta arreta-sistemari lotutako froga batzuk egingo dituzte: ozen eta isilean irakurriz, botoi batzuek zanpatuz... Eta, bestetik, erresonantzia magnetikoaren barruan beste zenbait froga egingo dituzte:etzanda hitz batzuk entzungo dituzte.
Azken helburua izango litzateke jakitea elebiduna izateak pertsonen sistema kognitibo osoan ondorio positiboak dituen ala ez. Zientzian badira horren susmoak, baina guk hemen frogatu gura genuke, gure gizartean. Badakigu, alde batetik, atentzioarekin edo arretarekin erlazio estua duela elebitasunak eta, bestetik, adineko pertsona elebidunek memoria hobea dutela elebakarrekin alderatuz gero.
Ikerkuntza-lerro berri bat da, eta hemendik aurrera beste ikerketa batzuk egin gura ditugu, batez ere neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonekin, alzheimerra dutenekin, adibidez.
- Teknopolis
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian