Basoa adituen begietan
EAEko ohiko mendi-paisaia da hau. Pinua da nagusi, eta bertako basoa iristeko zailagoak diren lekuetan dago. Hala ere, azken hogei urteetako paisaiaren bilakaera aztertu duen ikerketa baten arabera, pagadiak, hariztiak, eta oro har baso mistoak hobera bidean daude.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatera etorri gara, hemen baitago ikerketa hori aurrera eraman duen taldea. Landare Biologia eta Ekologia Saileko Ibone Amezagarekin egin dugu hitzordua.
Talde honetan kapital naturala dute ikergai. Ekosistemak aztertzen dituzte landarediaren ikuspegitik. Besteak beste, bertako basoen egoerari erreparatzen diote.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuek badaukazue aukera ikerketa egiteko baso batera joan beharrik gabe, urrutira, nolabait. Mapa batzuk erabiltzen dituzue horretarako.
IBONE AMEZAGA, EHU: Erabiltzen dugu Geographics Information Sistem, azken batean dira baliabide informatiko batzuk laguntzen dizutenak lurraldea ikusten, eta lurralde horretan kokatzen zuk ikusi nahi dituzun lekuak edo zelan dagoen paisaia ordenatuta. Orduan, guk sistema horien bidez jakin dezakegu berezitasun batzuk guretzat ekologikoki garrantzitsuak direnak. Adibidez, guk begiratu nahi ditugun ekosistemen orbanek zer tamaina daukaten, zer forma daukaten, paisaian zelan dauden kokatuta, euren arteko distantziak... Baina, gero, beste gauza bat da jakitea erlazionatzen mapak ematen dizun informazioa bertan jazotzen denarekin. Guk, lehen, hasierako ikerketak egiten genituen bertoko lekuetan, joaten ginen basora eta ikusten genuen. Baina baita ere garrantzitsua da jakitea euren arteko erlazioa, eta baliabide hauek bermatzen digute hori egitea. Azken batean, batzuetan bai, bakarrik lan egiten dugu paisaian, baina beste batzuetan irteten gara kanpora ikustera. Garrantzitsua da bertan zer gertatzen den jakitea. Azken batean, norbait joan behar da datu horiek bilatzera, eta polita da mendira joatea. Ez dugu esango ezetz. Guri hori gustatzen zaigu.
Ezin aukera hori galdu. Unibertsitateko bulegoa utzi, eta Ibone Amezagarekin eta bere taldeko Gloria Rodriguezekin, haien lanaren alderdirik gustagarriena gozatzera goaz. Harizti eder batera etorri gara, Gernikatik kilometro gutxira, Arratzura. Ibonek eta Gloriak basoari beste begi batzuekin begiratzen lagunduko digute.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Adituen ustean, Arratzuko baso hau dibertsitate handikoa da. Ibone, adituok begiratu batean antzematen diozue baso bati dibertsitate handikoa dela?
IBONE AMEZAGA, EHU: Tira, begirada bat ematen baduzu, ikusten da ez dagoela dena antolatuta, estratu ezberdinak ditu, zuhaitz-espezie ugari daude, lurrean ere ikusten dugu landaredi desberdinak daudela. Eta egitura, landareak, sastrakak, gero zuhaitzak... egitura ezberdin hauek habitat ezberdinak egiten dituzte, eta horrek egiten du oso dibertsoa izatea.
Hau norbaitek ikusita esango zuen: "hau zikina dago, txarto dago, ez dago antolatuta", baina horrek ematen dio naturari dibertsitate-aukera edukitzea. Orduan, bai, ikusita estratu ezberdinak, eta ikusten denez ez dagoela ordenatuta, kudeatuta, horrek ematen dizu seguru aski dibertsitate ezberdina izango duela. Ez bakarrik landareak, animaliak ere bai. Eta horregatik entzuten ditugu memento honetan txoriak.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta dibertsitate handia izateak derrigor ekartzen du espezie asko egotea? Ala espezieen kantitatea ez dago zuzenki lotuta basoaren kalitatearekin, dibertsitatearekin?
IBONE AMEZAGA, EHU: Dibertsitatea neurtzeko, zenbait indize daude, eta bat da bakarrik aberastasuna: zenbat espezie dauden. Baina baita ere garrantzitsua da, zuk eduki dezakezu espezie asko, baina bat, bi edo hiru izatea gehien daudenak. Eta dominantzia hori dagoenean, dibertsitatea ere jaisten da, segun eta bakarrik kontatzen duzun zenbat espezie dauden, edo kontuan hartzen duzun espezieak eta estaldura.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gernika inguruan gaude, Ibone, eta hemen inguruan pinudiak daude, eta baita ere eukalipto-basoak. Alde handia dago kalitatearen eta eskaintzen dutenaren aldetik pinudi, eukalipto-baso eta baso misto hauen artean?
IBONE AMEZAGA, EHU: Lehendabizi, hauek udazkena ematen digute. Guk hauen bidez ikus ditzakegu aroak, baina eukaliptoak edo pinuak beti dauzka hostoak. Horrek baso barruan dauden baldintzak aldatzen ditu, eta horrek egiten du azpian agertzen dena desberdina izatea, eta hor dauden erlazioak desberdinak izatea. Hori da errazena esateko. Horrek ez du esan nahi pinudiak behin dentsitate txikietan daudenean, bertoko espezieak sartu ezin direnik, batzuk badaude. Baina beste asko, batez ere udaberriko edo neguko landareak, orain edo aurreko hilabetean loretan egon direnak, horiek ezin dute. Zergatik? Ez direlako lehiakorrak gero agertzen diren espezieekin. Argiarengatik. Urte osoan zehar gutxi gorabehera sartzen da argi-kantitate berdina. Aldiz, hauetan behin ondo ixten denean, ikusten duzue zelan dauden itzalak, gerizpeak. Orduan, espezie hauek ohituta daude argi gutxirekin egotera udan, eta pinuak beti ematen dute argi berdina, eta espezie lehiakorragoak sartzen dira, eta ezin dute lehian jarraitu eta desagertzen dira.
Pinudien kudeaketan egon daiteke Arratzukoa bezalako hariztiak hedatzeko giltza. Berez, honelako hariztiek ohikoak beharko lukete Gipuzkoan eta Bizkaian, baina gaur egun, hobera doazen arren, oraindik zatikatuta daude.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








