Zukua edo nektarra?

Zukua ala nektarra, edo, beste modu batera esanda, zer da zer?

Herrialde askotan fruta-zukua zer den zehatz-mehatz definitzen da. Horrela, zukua eta zukua duten edariak bereizi nahi izaten dira. Europar Batasunean, prozesu mekanikoen bidez frutatik lortzen den edariari deitzen zaio zuku. Edari horren jatorria den frutaren ohiko kolore eta zaporea izan behar ditu.

Zukua lortzeko erabiltzen diren osagaien arabera, merkatuan zuku-mota bat baino gehiago dago.

Zuku naturalak, lehenik. Zuku freskoak dira, tratamentu fisiko batzuen bidez egonkortu direnak alferrik gal ez daitezen. Kontserbatzaileren bat daukaten zukuak ere badaude, eta haiei zuku kontserbatuak deitzen zaie. Zuku azukredunak, berriz, edulkoratzaileren bat daukaten zukuak dira; gehienetan, sakarosa edo azukre arrunta edukitzen dute. Eta, azkenik, zuku gasifikatu deritze gas karbonikoa duten zukuei.

Batzuetan, zukua eta nektarra nahastu egiten dira. Fruta-nektarra birrindutako frutatik lortzen den produktua da. Produktu horri ura, azukrea eta fruta-azidoak gehitzen zaizkionez, kaloria gehiago izaten ditu, eta gozozaleentzat erakargarriagoa izaten da. Horregatik, gizentasun-arazoa duten pertsonentzat edo diabetikoentzat fruta-nektarra ez da oso gomendagarrria, hobe zukua.

Zukua edo nektarra?

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali