Zer da alzheimerra?

Zahartzean, alzheimerrak edonor jo dezake. Ez du inporta arrazak, maila sozio-ekonomikoak edo sexuak. Baina zer da alzheimerra?

Zahartzean, alzheimerrak edonor jo dezake. Ez du inporta arrazak, maila sozio-ekonomikoak edo sexuak. Zahartzaroarekin zuzenean lotuta dagoen gaitz bat da. Oro har, 60-65 urtetik gorako jendeak jasaten du. Bada, ordea, alzheimerraren aldaera berezi bat jende gazteagoak jasaten duena. Aldaera hori urria da, baina larriagoa, gaitza azkarrago zabaltzen baita. Alzheimer erabat genetikoa da hori. Gainerako kasuetan, ez dago hain garbi zerk eragiten duen gaitza.

Oso gaixotasun konplexua da, eta, jakin-minak jota, sakonean ezagutu nahi izan du Teknopoliseko lantaldeak. Horregatik, alzheimerrari eskainitako saio monografikoa prestatu dugu. Hasteko, ikus dezagun zer den alzheimerra.

ENRIQUE ARRIOLA; Geriatra. Matia Fundazioa: Básicamente es una enfermedad que se acaba produciendo en personas mayores.
Oinarrian, adineko jendeak izaten duen gaixotasun bat da.

JAVIER YANGUAS; I+G zuzendaria. INGEMA: Ezin diogu buelta eman zahartzaroari.

BEGOÑA INDAKOETXEA; Neurologoa. Donostia Ospitalea: Edozeinek ahazten ditu gauzak eguneroko bizimoduan, baina ez da hori. Da ahaztea gero eta gehiago, eta gero eta gauza funtsezkoagoak.

Alzheimerra: izenak berak izua sortzen du; izan ere, gorputzaren zein buruaren endekapenarekin dago lotuta. Gainera, gaixoak ez ezik senideek ere pairatu behar izaten dute gaixotasunaren eragina. 1906an deskribatu zuten lehenengo aldiz Emil Kraepelinek eta Alois Alzheimerrek, bakoitzak bere arloan; gaixotasun neurodegeneratiboa da, kronikoa eta progresiboa.

ENRIQUE ARRIOLA; Geriatra. Matia Fundazioa: Podríamos decir que es una enfermedad edad-dependiente. Es decir, a mayor edad, más personas que van a acabar padeciendo la enfermedad.
Adinari lotuta doan gaixotasun bat da; hau da, zenbat eta zaharragoa izan, jende gehiagok pairatuko du gaixotasuna.


BEGOÑA INDAKOETXEA; Neurologoa. Donostia Ospitalea: Hirurogeita bost urtetik aurrera, bost urtean behin bikoiztu egiten da intzidentzia. Hau da, zenbat eta gehiago bizi, arriskutsuago. Emakumeak eta gizonak gertatzen dira gaixo, hor ez dago diferentziarik, baina alzheimer-zerrendetan emakumeak beti gehiago izaten dira, seguru asko emakume gehiago dagoelako zahartzaroan.

Garunaren zahartzea eta dementziak lotura estuan daude, eta alzheimerra da, gaur egun, dementzia-eragilerik handiena. Horregatik, gizartea zahartu ahala, alzheimerraren prebalentzia handitzen joango da ezinbestean. Baina ez dio jende guztiari berdin eragingo, burua aktibo duenak arrisku txikiagoa izango du.

JAVIER YANGUAS; I+G zuzendaria. INGEMA:
Orokorrean, hartzen badituzu alzheimerra duten munduko pertsona guztiak, garbi dago garuna landu dutenek aukera gutxiago dituztela. Hori garbi dago epidemiologikoki. Gertatzen dena da, nahiz eta bi karrera egin, horrek ez duela esan nahi zure kasuan alzheimerra aterako ez zaizunik.
Guk ikerketarako erabiltzen dugu aldagai bat, inportantea dena hori ulertzeko, deitzen da work complexity, complejidad laboral, edo ez dakit nola esan. Work complexity zer den? Ikasi, baina ez bakarrik ikastea, normalean bizitzan erabiltzen baduzu zure garuna zure lana eta zure bizitza egiteko: irakurri, erabakiak hartu, proiektuak egin, ikasi zure lanerako, lan desberdinak egin behar dituzula... mugitzen baduzu eta konplexutasun hori lortzen baduzu, aukera gutxi daukazula garbi dago, ebidentziak daudelako hortaz.


Sintomak noiz eta nola agertzen diren, hori pertsona bakoitzaren bizimoduaren araberakoa da, inguruak eskatzen dionaren araberakoa.

Kanadako lekaime batzuekin egindako ikerketa batean ikusi zuten haietako batzuen garunek Alzheimerren gaixotasunak eragindako lesioak zituztela; baina eguneroko bizimoduan ez zuten sintomarik agertu, seguruenik exijentzia-maila txikiko ingurunean bizi zirelako.

Dena dela, gaitza jada garunean dago sintomak agertzerako. Garunaren endekapena lehenengo sintomak agertu baino zortzi edo hamar urte lehenago hasia izaten da. Baina garun aktibo batek erreserba kognitiboa du, adituen hizkeran, hau da, eguneroko gertaeretara egokitzeko erraztasun handiagoa du, alzheimerra izan arren.

ENRIQUE ARRIOLA; Geriatra. Matia Fundazioa: Los problemas que acaba produciendo a nivel cerebral son debidos a unas proteínas que se acaban acumulando en las neuronas que básicamente son la placa de amiloide y los ovillos neurofibrilares, que acaban primero destruyendo la neurona y alterando todo lo que es la circuitería a nivel cerebral.
Garunean sortzen diren arazoak neuronetan metatzen diren proteina batzuek eragiten dituzte, amiloide-plakek eta haril neurofibrilarrek; neuronak suntsitzen dituzte, eta garunaren zirkuitu guztiak asaldatzen dituzte.


BEGOÑA INDAKOETXEA; Neurologoa. Donostia Ospitalea: Alzheimerra hasten da normalean lobulu tenporalean. Erdialdean, oroimenaren edo memoriaren sarrerako atetxoan, esate baterako. Hor dago leku bat hipokanpoa deitzen dioguna, eta, hortik, gauza berriak sartzen dira gure garunean, bertan finkatzeko. Beraz, nola hasten da? Oro har, memoria-gabeziarekin: gauza berriak ezin dira ikasi, eta ahaztu egiten dira.

Berehalako memoriari ez ezik, episodikoari ere eragiten dio, hau da, bizitzan zehar izandako gertaera bereziak ahazten hasten da gaixoa. Normalean, ez zaio aparteko garrantzirik ematen giltza ahazteari edo suak piztuta uzteari; adina da aitzakia.

Baina norbaitek ezin badu gogoratu bere biloba noiz jaio zen, edo gauza bera behin eta berriz galdetzen badu, agian bera ez da ezertaz ohartuko, baina ingurukoak larritu egiten dira. Alzheimerraren lehenengo sintoma garbiak izan daitezke horiek.

Dena dela, harrigarria da: memoria galdu arren, gaixoek oso aspaldiko kontuak oso argi gogoratzen dituzte: jaio ziren etxea, gurasoak, txikitako kontuak... Urrutiko memoriari ia ez dio eragiten alzheimerrak. 

Baina, alzheimerrak ez dio memoriari bakarrik eragiten.

JAVIER YANGUAS; I+G zuzendaria. INGEMA:
Gaitza poliki-poliki garatzen denean, eragiten dio bai atentzioari, bai lengoaiari, bai mamoriari, praxiari, jokaerari eta jokabideei. Eta denbora joan ahala, jendeak galdu egiten ditu poliki-poliki funtzio horiek, eta menpekotasuna sortzen da.

Gaixo batzuk galdu egiten dira kalean, ez dakite etxera nola iritsi, non dauden ez dakitelako. Oro har, gaitasunak galtzen dituzte. Gainera, badira afektibotasunari eta izaerari eragiten dieten sintomak ere. Ohikoa izaten da gaixotasunaren faseren batean depresioa agertzea, edo jokabide-asaldurak.

Gaixo batetik bestera asko aldatzen dira sintomak eta gaixotasunaren garapena. Hainbeste, ezen alzheimerra gaixotasun bat baino gehiago direla pentsarazten baitu. Hortaz, adituek lan eskerga dute alzheimerraren jatorria ebazteko.

BEGOÑA INDAKOETXEA; Neurologoa. Donostia Ospitalea: Arrisku-faktore handiena genetikoa da. Normalean ez da gene bat izaten, baizik eta gene asko dira arriskua handitzen dutenak. Gero, hortik kanpo, ikusten da gero eta gehiago arrisku-faktore baskularrek ere zerikusia badutela alzheimerrarekin. Hau da, ikusten da bihotzarentzat txarrak diren gauzak, edo buruko infartuentzat edo gaixotasun baskularrentzat arrisku-faktoreak, txarrak direla alzheimerrarentzat ere.

Alzheimerrak ehun urte baino gehiago daramatza medikuen ahotan. Aurrerapen handiak egin dira, baina oraindik ere badago zer ikertua.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali