Unibertsitatetik zirkuitura

Gabonetako errepikapena: Motostudent da lehiaketaren izena, eta aurtengoa da egiten den lehen aldia. Ingeniaritza-ikasleak dira parte-hartzaileak, eta helburua moto berritzaile bat diseinatu eta eraikitzea da. Estatuko 24 unibertsitatetako ikasleek, eta Italiako eskola batekoek, hartu dute parte lehiaketan. Tartean, Euskal Herriko hiru talde izan dira. Guk, EHUko Donostiako Eskola Politeknikoko ikasleekin egin dugu haien motoaren jarraipena. Urte eta erdiz motoa egiten jardun ondoren, zirkuituan lehiatu dira. Eta lehiaketa horixe da aurreko igandean, urriaren 3an, Alcañizeko zirkuituan egin zutena.
Alcañizeko zirkuituan, lehiaketa hastear dago. 25 unibertsitatetako ingenieritza-ikasleak boxetan daude, motoei azken ukituak ematen. Urduri, azken urte eta erdiko lanaren emaitza lehiatuko baita asfalto gainean.
Moto Student lehiaketa Moto Engineering Foundation fundazioak sustatzen du, eta aurten du lehenengo urtea.

Manex Urruzola, Elhuyar Fundazioa: Ingenieritza-eskolek egindako ikerketa-lanaren emaitza dira hemen ditugun 25 motorrak. Izan ere, ingenieritzaren ikuspuntutik motoak berritzaileak izatea da antolakuntzak aintzat hartuko duen faktore garrantzitsuenetako bat. Bost bira eman beharko dituzte zirkuituan. Denbora onena lortzen duena izango da lehiaketaren garailea. Ez dira, ez Ducati, ezta Honda taldeko motoak, baina pareko ikuskizuna emango dute asfalto gainean. Izan ere, 200 kilometro orduko abiadura ere har dezakete moto hauek.

Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Eskola Politeknikoko ikasleak dauden boxean, dena prest dago jada.
Kasualitatez, beasaindar batek gidatuko du donostiarren motoa. Zozketa bidez egin da aukeraketa, eta euskaldunen motoari piloto euskalduna egokitu zaio. Andoitz Bonillak 10 urte ditu, eta moto-gidaria da dagoeneko.

Igor Amado piloto ezagunak eman dizkio, gidatu behar duen motoaren inguruko lehen argibideak.


"Kotodama Sport Spirit" taldeko kideetako batzuk dira. Eta hauxe da haien tailerra. Azken urte eta erdian, EHUko Eskola Politeknikoko laborategi hau lantegi bihurtu dute.


"Motostudent" lehiaketan parte hartzea erabaki zutenetik, 125 zentimetro kubikoko motoaren diseinu eta eraikuntzan ari dira lanean. Beste unibertsitateekiko lehia irabaziz gero, 6.000 euroko diru-ordaina, eta lehiaketako motoen ingeniaritzan lan egiteko aukera izango dute.

Iñigo Matia, EHU: karrera ikasten ari garenean, ez dago lehiaketara bideratutako ikasketarik. Ingeniaritzan egiten dituzu ikasketak, baina, gero, lehiaketako munduan sartzea oso zaila da. Honek ate asko irekitzen dizkizu. Norgehiagokan sartzeko ilusio hori geneukan, eta horregatik sartu ginen.


30 ikasleko taldeak ekin zion erronkari, baina gaur 12 dira lehiaketarekin buru-belarri ari direnak. Ingeniaritza mekaniko eta elektronikoko ikasleak dira guztiak. Juakin Albisu irakaslea da proiektuaren arduraduna, eta Manu Larramendi soldadura maisua dute laguntzaile gixa.

Ez dute lan erraza aurrean. Paperean, 500 moto eraikitzeko proiektu industrial bat garatu behar dute. Moto bakoitzak gehienez 4.500 euroko kostua izan behar du.

Gainera, paperean diseinatutako motoa, tailerrean eraiki behar dute.

Joakin Albisua, EHU: Proiektua lehiaketako moto bat eraikitzea da. Eta horren baldintzak ziren: zilindrada ezin zela ukitu, 125 zentimetro kubikokoa izan behar zuela; eta zenbait pieza antolatzaileek emango zizkigutela, denak berdinak edukitzeko. Beste batzuk, guk diseinatu behar genituen.

Motorra, gurpilak, esekidurak eta frenoak antolakuntzak eman dizkie talde guztiei.
Gainerako piezak dira ikasleek diseinatu eta eraiki behar dituztenak.

Ingeniaritzaren ikuspuntutik motoa berritzailea izatea da antolakuntzak aintzat hartu duen faktoreetako bat.

Iñigo Matia, EHU: Gure kasuan, batez ere, estabilitatea izatea. Bai azelerazioan, bai frenatzeko moduan oso establea izatea; batez ere, kurban sartzen ari denean. 0so-oso puntu garrantzitsuak dira.

Gorka Ibarguren, EHU: saiatu gara pilotoa bera komodo sentitzen, ez esatea lastre bat daukala hor txintxilika hanketatik, bere gorputzera molda dadila. Eta komodoa izatea. Horretan saiatu gara.


Helburu horiek lortzeko, bi pieza diseinatu behar izan dituzte: Txasisa eta urkila kulunkaria. Txasisa motorraren egitura da, motor guztiari eusten dion pieza. Indar eta mugimenduak jasaten dituen elementua. Urkila kulunkaria, berriz, atzeko gurpila txasisarekin lotuko duen elementua da.

Bi pieza horiek diseinatzeko, merkatuan dauden ingeniaritza-etxe nagusien diseinuak aztertu dituzte.

Joakin Albisua, EHU: Txasisen diseinuak asko-asko aldatu dira. Eta azkeneko urteetan geroz eta gehiago daude tubularrak. Orduan, lehenengo erabakia hori izan zen, tutuekin egitea. Horien artean, zein da ezagunena? Ducati izan da, dudarik gabe. Badaude beste batzuk txasis tubularrak eta egiten dituztenak, baina momentu honetan pixka bat nabarmenena Ducati da.Orduan, bere alderantz jo genuen eta, hori ikusi ondoren, gure ideia hobetzea izan zen.

Lehiaketako motoen artean galdategian egindako txasisak dira ohikoenak. Pieza bakar batean egindakoak. Unibertsitateko tailerrean, berriz, ez dago horretarako aukerarik, eta hodiz hodi eraiki dute txasisaren egitura, Ordenagailuan hiru dimentsiotan diseinatutako piezen planoei jarraituz.

Hala ere, ezaugarri hauetako txasis batek baditu bere abantailak.


Iñigo Matia, EHU: Mekanikari bezala, eskua sartzeko edo pieza bat aldatzeko. Pisuak ere bere eragina dauka, pisu gutxiago eduki dezakegu, eta horrek pisua beste leku batean jartzea ahalbidetu dezake, pisu guztia ondo sakabanatzeko.

Txasisa egiteko altzairua Italiatik ekarri dute. Aeromodelismoan erabiltzen den altzairu berezi bat da.

Joakin Albisua, EHU: Alde batetik, sendoagoa izan behar du. Baina, bestetik, elastizitate bat izan behar du. Orduan, altzairu horrek oso ondo betetzen ditu bi ezaugarri horiek.
Eta gero, lantzerakoan ere, soldatzeko eta beste gauza askotarakoko nahiko ona da.


Urkila kulunkaria eraikitzeko, aluminiozko profilak erabili dituzte. Aldi berean arina eta gogorra den material bat erabiltzea izan da helburua.

Motoaren berezitasun nagusia, ordea, ez dago pieza honetan, motoaren atzeko esekiduran baizik.

Iñigo Matia, EHU: Batez ere atzeko suspentsioan, egin dugu suspentsio horizontala, eta ez da oso ohikoa, normalean suspensioa bertikalki jartzen da.

Gorka Ibarguren, EHU: kasu honetan, zenbat eta pilotoaren gorputza aurrerago egon, hobe izaten da. Manejabilitatea gorputzeko pisua izango balitz bezala. Eta orduan, egin duguna da, pisua zentratu, gorputza aurreratzeko.

Pieza guztiak prest daudenean, motoa montatzeko unea da.

Zirkuituari, ordu erdiz, ahalik eta itzuli gehien eta ahalik eta azkarren ematea da pilotoen helburua. Izan ere, irabazlea egindako bost itzuli azkarrenetan denbora onena lortzen duena izango da.

Norgehiagoka amaitu da, eta emaitzak jakiteko unea da. Alcañizeko taldea izan da azkarrena, atzetik Zaragozako Unibertsitatea duela. Hirugarren moto bizkorrena... EHUko Donostiako Eskola Politeknikoko ikasleena izan da.

Hala ere, ez dute podiumera igotzerik izan. Paperean aurkeztutako proiektu industrialak, eta aurreko egunetan motoari egindako frogen emaitzek 4. postuan utzi dute "Kotoma Sport Spirit" taldea.

Gure aldetik, jaso zorionik beroena!

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali