SAFE proiektua: satelite bidezko larrialdi-planak

Kretara bidaiatuko dugu lurrikara bat zuzen-zuzenean bizi izateko... baina ez zaitezte arduratu... guztia lehen-laguntza-simulazio bat baino ez da. Europako Espazio Agentziaren SAFE proiektuaren barruan antolatu dute simulazio hori. Helburua da satelite bidezko komunikazio sistema bat probatzea, izan ere, hondamendi natural bat gertatuko balitz, sistema hori da funtzionamendu bermea ematen duen bakarra.
Kreta, Heraklion eskualdea, lurrikara asko gertatzen den lurraldea.


1. eguna 08:04
Ariketa hasi da. Suposizioa da eraikin asko eta asko suntsitu egin direla eta hiria argindar barik geratu dela. Heraklioneko zentral elektrikoa sutan dago.

Instalazioetatik gertu, koordinazio-furgoneta bat kokatu da, lurreko telekomunikazio hondatuen ordez erabiltzeko. Simulazio osoan, unitate mugikor hau hondamendiak eragindako alde guztietan ibiliko da.

Ordu-erdi baino gutxiago behar izan da satelite bidezko telekomunikazio-konexio bat eratzeko. Hala, agintariek telefonoz edo bideo-konferentzia bidez bat egin ahal izango dute kaltetutako tokiekin, eta datuak bildu ahal izango dituzte. Wifi sare bat egituratu da furgonetaren inguruan. Larrialdi-taldeek ordenagailu eramangarrietan eta PDA txikietan jasotzen dituzten datuak denbora errealean bidaltzen zaizkie zerbitzariei.


Egoera larrienen berriak jasotzen hasi den koordinazio-zentroa ezarri da Heraklionen. Handik gidatuko dituzte, bai lehen uneko larrialdiak, bai ondoren egin beharreko epidemia-kontrolak.

Zentral elektrikoan zauritutako bat larrialdi-laguntza jasotzen ari da.

1. eguna, 08:10
Lurrikararen ondorioz, hainbat substantzia toxikok ihes egin dute, eta berehala hesi flotagarri bat jarri dute, kutsadura zabaldu ez dadin. Kameren irudiak wifi bidez bidaltzen zaizkio sateliteari eta agintariek zuzenean ikusten dute egoera zertan den.


2. eguna, 12:00
Ordu batzuk geroago, larrialdi-egoera gertatu da Heraklionen kanpoaldeko hotel batean. Langileak atera dituzte, baina bezeroen artean zauritutako jendea ere badago eta larrialdi-zerbitzuen laguntza jasoko dute. Koordinazio-gunetik, zaurituak helikopteroz ateratzea erabaki dute.

3. eguna
Hiru egun igarota, larrialdi-egoerak bukatu dira, baina agintariek epidemia-arriskua saihestu behar dute.
Estadiotik gertu, mediku-zerbitzua ezarri da. Tokiz aldatutako jendea hara joaten da izena ematera. Medikuek zauritutakoak zaintzen dituzte, eta zer behar duten erabakitzen dute. Furgonetarekin sortu den satelite bidezko konexioari esker, eskariak bideo-konferentzia bidez bidaltzen dira koordinazio-gunera.


Zuzenean "Mamantopoulos jauna... Atropina, bai. ¿Zenbat flasko? Hamar? Ados".


5. eguna

Biztanleetako batzuk oraindik ebakuazio-egoeran daude. Gune hauetan epidemia-arriskua handi samarra denez, neurri zorrotzak hartzen dituzte. Gastroenteritis-kasu bat agertu da, baita bigarren bat ere... eta SAFE sistemak abisua sortu du.

Koordinazio-gunean, epidemiologoek arazoa ikertzeko protokoloa jarri dute abian. Aurreko egunetan zer hartu duten galdetzen zaie guztiei. Ura aztertu dute, eta odol-laginak koordinazio-furgonetarekin konektaturik dagoen laborategi mugikor batean aztertzen dituzte.

6. eguna
Seigarren egunerako, ugaritu egin dira gastroenteritis-kasuak; jada 25 baino gehiago dira. Hala ere, identifikatu dute eragilea: salmonella da. Baina, nondik etorri da? Koordinazio-gunean dauden epidemiologoek, bideo-konferentzia bidez, gertuko hiri bateko ospitalearekin ari dira hizketan, han ere salmonella agertu da eta. Kutsaduraren jatorria ere identifikatu dute: kanpalekuan banatu den ura da.

8. eguna
Turista batek salmonellarenak baino sintoma larriagoak ditu: sukar tifoideoa du. Kasu bakana den arren, agintariek nazioarteko abisua eman dute.

Modu horretan, SAFE proiektuak erakutsi du satelitea eraginkorra dela maila lokalean lan egiteko ere, mundu osoari benetako egoeraren berri emateko egokia delako. Mundu osoko adituek, nahiz eta Kretatik oso urrun egon, laguntza eman ahal izango dute. Adibide bat baino ez da, erakusteko satelite bidezko sistemak egokiak direla, behar izanez gero eta inolako arriskurik gabe, osasun-mundua komunikazioan jartzeko.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali