Parkinsonen gaixotasuna bistaratzen

Argiñe Gallastegirekin izan genuen elkarrizketa. Parkinsonen gaixotasuna duela jendaurrean aitortzen duen lehen aldia da, eta gure kameren aurrean onartu du.
Argiñe Gallastegi naiz, donostiarra. 48 urte ditut. Ezkonduta nago. Bi seme-alaba dauzkat, 16 eta 10 urtekoak, eta Parkinsonen gaixotasuna daukat.

Ni hasi nintzen gorputzaren ezkerreko aldetik: ezkerreko besoa, hanka eta oina... Giharreetan zurruntasuna eta mina nabaritzen nituen; zaineldu asko ere bai. Traumatologoekin hasi nintzen, atzera eta aurrera, errehabilitazioa egiten... Eta gauza batzuk zuzendu zitzaizkidan, baina beste batzuk ez. Gero, neurokirurgialari batengana joan nintzen, eta beste proba batzuk egin zizkidaten; adibidez, garuneko eskanerra. Handik neurologoarengana jo nuen, eta berak esan zidan Parkinsona neukala.

Zaila egin zait, duela hiru urte diagnosia eman zidatenetik, gaixotasuna onartzea. Publikoki ez dut esan; lagunen artean eta familian, bai. Orain esan nahi dut nik gaixotasun hori daukadala, eta beste batzuentzat ere lagungarri bada, ba...

Kolpe handia izan zen, nik Parkinsonari buruz gauza gutxi nekien eta. Nik pentsatzen nuen adineko pertsonen gaixotasun bat zela, eta ez nekien gauza askorik. Orduan, nahiko gogorra izan zen. Medikuak esan zidan gaixotasun sendagaitza zela, kronikoa, eta endekapenezkoa. Eta hitz horiek oso larriak izan ziren niretzat.

Diagnosia 2007ko martxoaren 1ean jaso nuen. Ez naiz inoiz ahaztuko egun hartaz. Lanean jarraitu nuen, eta, aldi berean, botika berri baten saiakuntza-programa batean sartu nintzen. Oso esperientzia txarra izan zen: ez nuen lorik egiten, oso nekatuta nengoen... Eta utzi egin behar izan nituen, bai lana, baita botika berriaren proba ere.

Orain, lehen egiten nuen bizitza egiten saiatzen naiz, baina beste erritmo mantsoago batean. Tratamendua bizi osorako da. Nik hasieratik izan dudan arazoa zera da, gora-behera handiak izan ohi ditudala. Hau da, hartzen ditudan piululek eragina dutenean ondo nago, baina eragin hori jaisten doan neurrian, beherakada moduko bat izaten dut.

Aspargi elkartearen berri izan nuen, eta harremanetan jarri nintzen. Hala ikusi nuen badagoela jende gazte asko ere Parkinsona daukana; ez dela soilik adineko pertsonen gaixotasuna. Hona astean behin etortzen naiz, baina nik egunero egiten ditut ariketak etxean. Gaixotasun honi zuzendutako fisioterapia-mota bat egiten da hemen. Logopedia ere badago, masajeak ere baditugu, giharreen zurruntasun hori arintzeko oso garrantzitsuak direlako, laguntza psikologikoa ere oso garrantzitsua da... Nik esperantza daukat, ikerlariek egiten duten lanari esker, lehenbailehen zerbait asmatuko dutela; levodopa horren ordezko bat edo beste tratamenduren bat topatuko dutela.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali