Material berri baten jaiotza

Hiriak abiadura handian ari dira aldatzen. Elementu berritzailez inguratuta bizi gara. Baina ez bakarrik diseinuari dagokionez, baita elementu horiek eraikitzeko erabili diren materialei dagokienez ere. Gaiker zentro teknologikoaren eskutik, Erandioko altzari-enpresa batek material berri bat sortu du. Harri-itxura dauka, baina plastiko baten fabrikazio-prozesu bera du. Teknopolisen, material berriak nola sortzen diren galdetu diogu geure buruari. Gaur, material berri baten jaiotza ikustera gonbidatzen zaituztegu.
Erandioko Onn Outside enpresan, kaleko altzariak diseinatzen, egiten eta saltzen dituzte. Behin, Quim Larrea arkitekto katalanarentzako proiektu batean lanean ari zirela, material berri bat behar zela ohartu ziren; talkak eta urradurak ondo jasango zituen material bat.

SANTI BADIOLA; Onn Outside: Hasiera batean, hormigoi arrunta izan genuen gogoan, baina ohartu ginen oso dentsitate handia zuela eta astunegia izango zela. Hormigoi polimerikoa ere hartu genuen kontuan, baina ikusi genuen agregakinak erabiltzeak ez zekarrela berrikuntzarik. Hortaz, mineralen lerrotik jo genuen.

Azkenean, proiektuak ez zuen aurrera egin, baina bai materialak. Ecoretech izena jarri zioten. Metalen nahasketa batez eginda dago, aglutinatzaile plastiko batez eta zenbait gehigarriz lagunduta. Itxura, ordea, harriarena du. Esan daiteke ezaugarri bereziak dituen harri artifizial bat dela.

DIEGO GÓMEZ; Onn Outside: Behar bat sortu zitzaigun, baina ez genekien nola egin aurre behar horri. Gure kabuz ikertzen hasi ginen, eta oso itxura oneko emaitzak lortu genituen. Guk garapenerako gaitasunik ez genuenez, Gaikerrekin harremanetan jarri ginen. Zentro teknologiko aurreratua da, eta han bazuten horrelako ikerketa-proiektu bat garatzeko jakintza eta gaitasuna.

KOLDO GONDRA; Gaiker-IK4: Ideia batekin etorri zitzaizkigun. Material bat garatu nahi zuten, eta proba txiki batzuk eginda zeuzkaten. Jakin nahi zuten material hori era industrialean fabrikatzeko zer prozesu erabil daitezkeen, eta material horren propietate mekanikoak eta suarekiko portaera nola hobetu daitezkeen.

Produktu hau fabrikatzeko, hainbat prozesu aztertu zituzten Gaikerren. Haietako bi aukeratu zituzten, galdaketa eta prentsaketa, eta haiek hobetzeari ekin zioten.

Hain zuzen, materialak duen abantaila nagusia zera da, itxura naturala duela baina ekoizpen-aukera zabalak eskaintzen dituela.

DIEGO GÓMEZ; Onn Outside: Malgutasun handia ematen du fabrikatzeko orduan. Itxura naturala, harri-itxura, duen material bat da, baina plastikoa bezala fabrikatzen da: moldean, galdaketa bidez, estrusio bidez... Hala, metalezko elementuak txerta ditzakegu materialaren barruan, eta horrek aukera asko ematen dizkigu: integratuta doazen argiztapen-sistemak, berotze-sistemak...

Gaikerren ikertu dituzten beste ezaugarrien artean, materialaren propietate mekanikoak daude. Gela honetan, makurdura-saiakuntzak egin dituzte, erresistentzia neurtzeko.

KOLDO GONDRA; Gaiker-IK4: Probeta bat jartzen dugu bi euskarriren gainean. Goitik indarra eragiten diogu, eta materiala hausteko zenbat indar egin behar dugun neurtzen dugu. Hortik ateratzen dugu erresistentzia. Propietate mekaniko oso onak lortu ditugu. Hormigoi arruntarekin alderatuta, lau aldiz hobeak.

Beste proba honetan, materialak suarekiko duen portaera aztertzen da. Gela bateko izkina batean, Ecoretech-ekin eginda dagoen zakarrontzi bat sutan dagoela simulatzen dute. Tenperatura 500 eta 600 gradu bitartera iristen da.

KOLDO GONDRA; Gaiker-IK4: Horretan gabiltza, suarekiko portaera hobetzen. Material polimerikoek ez dute suarekiko portaera ona izaten. Gu hori hobetzen ari gara, eta momentuz, emaitza onak lortzen ari gara.

Plastikoek erretzean isurtzen dituzten gas toxikoak ere kritikoak dira. Gaikerreko teknikariek ontzi hauetan jasotzen dituzte gasak, eta haien kontzentrazioak neurtzen dituzte.

KOLDO GONDRA; Gaiker-IK4: Toxikotasunari dagokionez, emaitzak ez dira hain txarrak, Ecoretech materialak karga asko daramalako. Eta karga inorganikoa denez, ez du eraginik.

Ecoretech-en konposizioak badu nukleo finko bat, baina formulazioa produktu bakoitzaren eskakizunen arabera alda daiteke. Adibidez, elementu arinagoak lortzeko, materialaren apar bat egin daiteke, jatorrizko materiala baino 20 aldiz arinagoa dena, eta apar horrekin bete piezak. Adibidez, balaustrada honen kasuan, pisua arintzea lortu da, erresistentzia altu bat mantenduta.

DIEGO GÓMEZ; Onn Outside: Edozein proiektugileren ametsa da. Zuk materiala ematen diozu, eta itxura naturala duen edozer gauza egin dezake, edozein fabrikazio-prozesu erabilita. Orain, eserlekuetan, hondakinetarako edukiontzietan... ohiko elementuetan ari gara probatzen. Baina gure nahia, proiektu hau bultzatu zuena, elementu berriak sortzeko erabiltzea da. Hiriak oso azkar aldatzen dira, eta teknologiak aukera berriak eskaintzen ditu (esate baterako, LEDen bidezko argiztapena) ohikoak ez diren produktuak egiteko.

Onn Outsiden kaleko altzariez harago joateko asmoa dute, eta materialaren erabilera berriak aztertzen ari dira, abangoardiako arkitekturari begira. Proiektu horretan ere Gaiker izango dute bazkide teknologiko.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika gaur

Kimika

2025-10-25

Sendatzen duen kimika

Kimika

2025-10-25

Garbiketa jasangarria

Kimika

2025-10-25