Lehiatzeko teknologia
Miñaoko teknologia-parkean Epsilon Euskadik ireki berri duen berrikuntza-zentroan gaude. Lehiaketa-autoak egiten dituzte hemen. 2008an Le Manseko 24 orduetara eraman zuten hemen ikusten dugun hau. Epsilonen helburua etorkizunean 1 Formulan parte hartzea da. Erronka teknologiko horri erantzuteko giltza egoitza honetan dago. Hemen aurkituko ditugu karbono-zuntzezko piezak egiteko labeak eta Europako haize-tunelik modernoena. Goazen ikustera.
2010eko denboraldia buru-belarri ari da prestatzen Epsilon. Aurten 4 lasterketatan izango dira.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea: Lehiaketa-autoak muntatu eta kudeatzen ditugun tailerrean gaude.
BEGO ZUBIA: Imanol aurkezten dizut. 2 litroko taldeburua da.
IMANOL ZURIKARAI: Egun on.
BEGO ZUBIA: Egun on, Imanol.
Autogilea izan arren, aurtengo probetara eramango dituen autoak ez ditu Epsilonek egin.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea: 2010eko autoak prestatzen ari gara. Lehenik eta behin, autoak erabat desmuntatzen ditugu. Aztertu eta nola dauden muntatuta ikusten dugu. Mekanika nolakoa den ezagutzen dugu, eta gure prestaketak egiten hasten gara, gure tuning txikiak. Auto hauen ingeniaritza ezin dugu aldatu, baina doitu dezakegu. Horixe da gure lana era honetako lasterketetan.
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Eta hori zertarako? Ba, kotxea prestatzeko. Zeren, batetik, fidagarritasuna behar duzu. Baita ere, kontuan izan behar da horrelako abiaduratan barruan pilotu bat doala eta segurtasun aldetik oso garrantzitsua dela kotxea ziurra izatea. Azkenean gure nahia, beti esaten dugun bezala, azkarra izatea da. Eta lan hori hemen hasten da. Hemen, adibidez, xasisa biluzik ikusten duzu. Pintura guztia kendu dugu. Orain berriro margotzeko. Kotxea margotzeak badauka bere zailtasuna, zeren guk gure aldetik bilatzen duguna da pisua ahalik eta txikiena izatea eta horrexegatik margoa ahalik eta gutxiena ematen da.Bakarrik hor ikusten diren aldeetan. Ikusten ez diren aldeetan ez dugu margotzen kotxea.
Le Manseko 24 orduetara Epsilonek eraman zuen autoa tailerrean bertan dago.
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Guk diseinatu eta guk egindakoa da. Estatu mailan horrelako lehen proiektua da. Nahiko interesgarria da, zeren nahiz kanpotik ez eman 1 Formulako kotxe bat, barruan daukan teknologia, erabiltzen diren materialak, adibidez karbonozko xasisak, karbonozko balaztak... Titanioz egindako piezak... Teknologia hori 1 Formulako teknologia da.
BEGO ZUBIA; Elhuyar Fundazioa: 2008an parte hartu zenuten, baina harrezkero ez duzue parte hartu ezta?
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Egin genuen saiaketa hori 2008an. Emaitza nahiko onak izan ziren, nahiz eta kotxe berri bat izan. Epsilon Euskadik nahi zuen kotxe-egile bezala, munduan zehar erakutsi kapaz ginela kotxe bat egiteko. Uste dugu lortu genuela eta 2011rako proiektuak jarraitzen du eta nahia hori da, berriro horrelako kotxe bat egitea eta erakutsi zer garen kapaz egiteko.
Mondragon Unibertsitatearekin batera Epsilonek eskaintzen duen masterreko ikasleek lehiaketetan praktikak egiten dituzte.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea
Nola esan, lehiaketa ..., ikasleentzako pizgarri moduko bat da.
Epsilonen diseinu berriak zein bezeroen ereduak proban jartzen dira haize-tunelean. Laborategiko makina erraldoi hau 150 metro luzeko angeluzuzen moduko bat da, eta ikerketa aerodinamikoak egiteko erabiltzen da.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea: Piztiaren erraietan gaude. 1.000 zaldiko potentziako motor elektriko bat du, eta besoak, luzetara, 4, 25 metrokoak dira. Honek bueltak ematen ditu, eta haizea barrura botatzen du.
Tunel barrura jaurtitzen da turbinak sortutako airea. Baina saiakuntzetan haizeak ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu. Tunelaren perimetro guztian konstantea izan behar du, eta ezin da turbulentziarik egon.
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Bereziki behar duguna da turbulentziarik ez edukitzea, eta, horrexegatik, sekzioa handitzen da. Gero bideratu behar dugu aire hori. Badakigu kontrol-gela bat dagoela, baina horren aurretik dago erradiadore bat tenperatura kontrolatzeko. Egin dezakeguna da, haizea hotzegia badago, puska bat berotu edo hoztu guk nahi dugun tenperatura lortzeko.
Orduko 40 kilometroko abiaduran ateratzen da airea turbinatik. Saiakuntza-gelan, aldiz, 275 kilometro orduko abiadurara irits daiteke. Tunelaren neurriak aldatu egiten dira haizearen abiadura handitzeko.
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Sekzio hau gutxitzen da zazpi aldiz. Horrela zer lortzen dugu? Motorrak airea mugitzen du 40 kilometro orduko, eta, hemen txikitzen denean, zazpi aldiz biderkatzen dugu bere abiadura. Horrela heltzen gara 220 kilometrora edo 275 kilometrora. Hor, saiakuntza-gelan.
Laborategiko tresna da haize-tunela. Egoera kontrolatuan haizea sortzen duen makina erraldoia da. Ikertzn ari diren modeloen aurka jaurtitzen da airea, eta horrek diseinua hobetzeko aukera ematen du. Aerosorgailu, ibilgailu zein eraikinen diseinuak proban jartzen dira haize-tuneletan.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea: Hau kontrol-gela da. Behean, tunela kontrolatzen duen jendea daukagu. Hau da, haizearen abiadura, presioa, tenperatura, zintaren abiadura kontrolatzen dutenak. Eta, hemen, balantzaren datuak kontrolatzen ditugu. Le Manseko autoa muntatzen ari dira une honetan, ikertzen eta garatzen jarraitzen baitugu.
Egitura itxia izan arren, proba-eremua agerian dago ikertzaileentzat. Saiakuntza-gelan ikerketa-prototipoen modeloak jartzen dira. Eskalara egindakoak. Zabalean, lau metro ditu gelak; altueran, hiru, eta luzean, zortzi. Zorua ere mugitu egiten da.
JOAN VILLADELPRAT; Epsilon Euskadiko presidentea: Garrantzitsua da zorua mugitzea. Izan ere, lortzen ditugun datuak ahalik eta errealenak izan daitezen laguntzen du horrek. Bizitza errealean zorua eta airea ez dira mugitzen, teorian behintzat, eta autoak, motoak edo bizikletak mugitu egiten dira. Hemen balantza baten gainean jartzen dugu ibilgailua, eta airea eta zorua mugiarazten ditugu. Horrekin bizitza errealeko efektu bera lortzen dugu. Oso garrantzitsua da zorua mugitzea. Zoruak gurpilak biratzen ditu, gurpilek turbulentziak sortzen dituzte, airea auto azpitik pasatzen da...
Saiakuntzaren gunea zein modeloa bera sentsorez josita daude, ahalik eta datu gehien lortzeko. Datuak, ondoren, superordenagailu batean prozesatzen dira. Probaldia gainditu eta gero, fabrikazio-unea iritsiko da.
IMANOL ZURIKARAI; Epsilon Euskadi: Karbonozko piezak egiteko molde bat behar duzu, eta hemen egiten duguna da molde horren negatiboa mekanizatu. Horrela egiten da benetako moldea, eta piezak egiteko molde horretan jartzen dira eta karbonoa ematen da molde horretan. Eta karbonoa emateko, hemen atzean dugun gela garbian egiten da lan hori. Hor karbonoa jartzen da molde barruan, piezaren forma hartzeko. Eta hori, alde batetik, karbonoa da eta, beste aldetik, erretxina, eta hori dena emanda dagoenean sartu behar dugu autoklabe deitzen diren labe batzuetan. Hor piezak egosi egiten dira, orduan benetan karbonoak bere gogortasuna hartzen du, eta prozesu hori berezia da, tenperatura 270 gradukoa delako eta presioa 16 baretkoa. Sar ditzakegu hiru metro diametroko piezak eta bost metro luzekoak. Horrelako bi labe ditugu, eta beste txikiago bat ere bai, 500 gradura heltzen da eta ikerketarako erabiltzen da. Labe hauetan egiten ditugu karbonozko pieza guztiak. Alde batetik, xasisak karbonozkoak dira eta baita ere karrozeria karbonozkoa da eta hemen egin dezakegu.
Epsilonek egindako lana garaikurrak gordetzeko gelan islatzen da. Nazioarteko hamaika titulu bost urte eta erdian.
Lehiatzeko teknologia
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian