Kontsumo txikiko bonbillak
Ohiko goritasun-lanparek tungstenozko harizpi bat dute. Korronte elektrikoa igarotzean, harizpia berotu egiten da, eta argia sortzen du. Horren ondorioz, kontsumitzen duen energiaren zati handi bat bero bilakatzen da, eta energia horren % 1,5 baino ez da argi bihurtzen.
Kontsumo txikiko bonbilletan, berriz, xurgatutako energiaren % 15 argi bilakatzen da. Hodi fluoreszenteen antzera funtzionatzen dute, eta nahiz eta goritasunezkoak baino garestiagoak izan, askoz gehiago irauten dute: batez beste 12.000 ordu, eta goritasun-lanparek 1.000.
Eraginkortasun horri esker, diru asko aurreztu daiteke argindarraren fakturan. Esate baterako, 75 watteko goritasun-bonbilla baten ordez 18 watteko bonbilla fluoreszente bat erabiliz gero, 570 kWh aurreztuko ditugu haren bizitza baliagarri osoan; 62 euro gutxi gorabehera, elektrizitatearen egungo prezioa hartuta. Ez hori bakarrik; atmosferara tonelada-erdi bat CO2 isurtzea ekidingo dugu.
Iazko irailaz geroztik, 100 wattetik gorako goritasun-bonbillak fabrikatzea debekatuta dago Europan. Eta datorren urtean 75 wattekoak debekatuko dituzte. Betiko lanparak pixkanaka desagertzen joango dira supermerkatuetako apaletatik.
Kontsumo txikiko bonbillak
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian