Izterrondoko herniaren kirurgia laparoskopikoa.

Gaurkoan, Urkok Hernanitik bidali digun galderari erantzungo diogu. Izterrondoko hernia edo eten bat duela dio, eta kirurgia laparoskopiko bidez operatu behar dutela. Urkok zehazki jakin nahi du zertan datzan ebakuntza horrek eta zer abantaila dituen ohikoaren aldean.

Izterrondoko hernia –edo izterrondoan ateratzen den hernia– heste meharraren zati bat kanpoaldera ateratzea da, sabelaren paretak dituen alde ahulen batetik. Gizonezkoen kasuan, barrabiletara doazen odol-hodien bidetik atera ohi da. Jaiotzetiko akats batengatik edo ahalegin handiak egiteagatik sor daiteke hernia. Gehienetan, kozkor bat ateratzen da izterrondoan, baina baliteke kozkor hori ez agertzea eta soilik molestia nabaritzea ibiltzean eta esfortzuak egitean.

Kirurgia laparoskopikoa ebakuntza-gelan egiten da, eta anestesia orokorra behar du. Kirurgialariak hiru hoditxo sartzen ditu abdomenean: haietako batek kameratxo bat du telebista bati konektatuta, eta beste bietatik ebakuntza egiteko behar duen tresneria gidatzen du. Helburua da irtendako sabel-edukia bere tokira itzultzea eta abdomenaren pareta sendotzea. Horretarako, pertsonaren ehunak edo protesiak eta sareak erabil daitezke.

Laparoskopiaren abantailarik handiena zera da ebaki handiak egitea saihesten da, eta gaixoa lehenago suspertzen da, haren ehun eta organoetan kalte txikiagoa egiten delako, odol gutxiago galtzen duelako eta zauriak gaiztotzeko arriskua txikiagoa delako.

Azken finean, kirurgia laparoskopikoari esker, denbora gutxiago pasa behar da ospitalean, eta, gehienetan, gaixoa ebakuntzaren egun berean itzul daiteke etxera.

Izterrondoko herniaren kirurgia laparoskopikoa.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali