Irudi bidezko diagnostikoa
X izpiek medikuntzan izan zezaketen erabilera aurkitu zenetik, hamarkadak igaro dira; gaur egun, diagnosi-teknika askok aukera ematen dute gorputzaren funtzionamendua ezagutzeko zein gorputza barrutik ikusteko. Medikuntzaren alor askotan erabiltzen dira irudiak.
Baina irudiok eskuratzea eta interpretatzea ez da batere lan erraza. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikerketa-talde batzuk lanean ari dira medikuntza-irudiekin. Ikerketa-ahalegin guztien helburua da medikuntza-irudien kalitatea hobetzea eta medikuen lana erraztea.
Gero eta teknologia gehiago erabiltzen dira irudi bidezko diagnostiko medikoa egiteko: X izpiak, erresonantzia magnetikoa, positroi-igorpen bidezko tomografia...
Irudia ezinbesteko tresna da medikuntzan. Giza gorputza barrutik ikusteko aukera ez ezik, beste era batera ezagutzerik ez dauden egoerak bistaratzen dituzte irudiek.
Baina medikuntza-irudiak ez dira argazkiak, ez dute begiek ikus dezaketen ezer erakusten.
ELENA PRIETO; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Gorputzaren organo jakin baten parametroren bat irudikatzen da; anatomia- edo fisiologia-parametroak izan daitezke. Diagnostikorako informazioa eskuratzen da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-talde batzuek medikuntza-irudiekin lan egiten dute. Medikuen lana erraztea da talde horien ikerlanen helburua.
ELENA PRIETO; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Helburuak hainbat dira: informazio gehiena eskuratzea edota aterako den informazioa zehatza izatea.
Medikuntza-irudiak lortzeko, era askotako teknikak erabiltzen dira.
ELENA PRIETO; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Teknika bakoitzarekin informazio ezberdina lortzen da; irudi-motaren araberakoa da informazioa. Guk lan egiten dugun irudi-motarekin lortzen den parametroa funtzionala da, hau da, organismoak nola funtzionatzen duen neurtzen du. Beste mota bateko irudiekin, irudi anatomikoekin, erresonantzia magnetikoarekin edo ordenagailu bidezko tomografia axialarekin esaterako, ehunen dentsitatearekin edo organoen itxurarekin, morfologiarekin, zerikusia duten gauzak neur daitezke.
Gorputzaren informazioa eskuratzeko erabiliko den teknika edozein izanik ere, berreraiketa deritzon prozesu bat egin behar da informazioa irudi moduan ikusi ahal izateko, hau da, irudia bera osatu ahal izateko.
ELENA PRIETO; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Informazioa modu batean eskuratzen da, eta berreraiki egin behar da irudia lortu aurretik. Bukaerako irudia zehazteko, berreraikize-prozesuan hainbat parametro eta aukera kritiko daude.
Berreraikitze-prozesuan zer parametro erabiltzen den, eskuratuko den irudiaren kalitatea modu batekoa edo bestekoa izango da.
ELENA PRIETO; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Eta eskura daitekeen irudi-kalitate onenak ere berezko zarata izango du eta, gainera, ez du bereizmen espazial onik izango. Beraz, lortutakoa hobetzeko egin daitekeen edozer gauza irudi bidezko diagnostikoa hobetzeko laguntza izango da.
Irudi bidezko diagnostikoa hobetzeko helburuarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hainbat ikerketa egin dira. Garuneko tumoreen diagnostikoa errazteko, irudien berreraiketa optimizatu da, eta erresonantzia magnetikoaren bidez eskuratutako irudiak erabili dira positroi-igorpen bidezko tomografiaz lortutako irudien bereizmena hobetzeko.
Irudien kalitatea hobetzeko ez ezik, medikuntza-irudiei buruzko erabakiak hartzea errazteko ikerketak ere egiten dira. Humberto Bustincek zuzentzen duen ikerketa-taldeak adimen artifizialeko sistemak erabiltzen ditu medikuei erabakiak hartzea errazteko.
HUMBERTO BUSTINCE; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Erabakiak hartzeko sistemak, hau da, adituak duen ezagutza irudikatzen duten sistemak, ezagutza hori landu, irudia bera landu eta erabakiak hartzeko. Guk lortu nahi duguna da sistemak, kasu honetan ordenagailuak edo adituak, makina barruan dagoenak, erabaki zuzena hartzen laguntzea.
Hasiera batean, azaleko minbizia diagnostikatzeko erabili ziren sistema hauek.
HUMBERTO BUSTINCE; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA:
Edozein iruditan oso garbi dago pixel batzuk edo irudiaren elementu batzuk atzealdekoak direla; beste batzuk argi eta garbi orbanarenak dira. Baina badira, halaber, atzealdekoak edo orbanarenak ote diren bereizterik ez dagoen pixel batzuk, mediku adituenak ere bereizten ez dituen pixelak. Ondorioz, gu medikuaren eskarmentua programa batean inplementatzen ahalegindu gara. Ezagutzak datu-baseetan daude, baina mediku bati orban bat arriskutsua dela jakiteko gaitasuna ematen dion eskarmentua, ebakuntza egin behar dela erabakitzeko behar duen esperientzia, horixe inplementatzen saiatu gara.
Bustinceren taldeak Kanadako Waterlooko Unibertsitateari laguntza eskaintzen dio prostatako minbizia duten pazienteen diagnostikoa egiteko. Garatu dituzten sistemek irudietan agertzen diren objektuak bereizten laguntzen diete, eta horrek medikuen diagnostikoa errazten du.
Ultrasoinuak, medikuntza nuklearra, eskanerrak edo erresonantzia magnetikoa oso zabaldutako medikuntza-prozesuak dira, baina bi edo hiru urteko epe motzean, seguruenik, uhin milimetrikoak ere erabiliko dira gorputzaren irudiak hartzeko.
MARIO SOROLLA; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA:
Bizitzarentzat interesa duten molekula gehienek eta ehunek oso ezberdin erantzuten dute argi-mota horren eraginpean, terahertzen tarteko argi milimetrikoaren eraginpean. Ondorioz, teknika arruntagoekin ezin ikus daitezkeen ezaugarriak ikustea espero dugu, X izpiekin, erresonantzia magnetikoarekin..., ezin ikus daitezkeenak. Beraz, ekipamendu hauek diagnostiko medikorako tresna lagungarriak edo beste aukera bat izan daitezke.
Uhin milimetrikoekin lan egin dezaketen oso laborategi gutxi dago munduan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan sare-analizagailu bat dute.
MARIO SOROLLA; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Uhin elektromagnetikoak bidaltzen uzten digu ekipoak; gai da milimetroko edo gutxiagoko uhin-luzera duten uhinak objektu batera bidaltzeko. Objektuaren gain eragin,bera zeharkatu edo bertan islatu egingo dira uhinak. Ekipamendu honekin gai izango gara objektua zeharkatzen duten uhinak neurtzeko, zenbat eta nola zeharkatu duten neurtzeko eta islatu diren uhinak ere neurtzeko gai izango gara.
Irrati-astronomian eta alor militarrean garatu eta gero, uhin milimetrikoen teknologia epe laburrean medikuntzan erabili ahal izango da.
MARIO SOROLLA; NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA: Gaur egungo teknikekin diagnostikatzerik ez dauden egoerak diagnostikatzeko laguntza osagarria izango da, azaleko lesioak detektatzeko batez ere. Britainia Handiko eta Estatu Batuetako ospitaleetan batez ere azaleko minbizia eta bularreko minbiziarekin ikertzen ari dira. Zergatik? Teknika honekin ondo ikus daitezkeen azaleko lesioak direlako.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








