Hezurrak digitalki moldatzen

Metalezko plakak, torlojuak, inplanteak... horiek dira hezur bat apurtzen denean haren zatiak elkarrekin lotzeko traumatologoek erabiltzen dituzten gailuak. Gailu horien guztien helburua da hezurra posizio egokian berriro haztea. Gaur, Britainia Handitik datorren gailu berri bat aurkeztu behar dizuegu. Taylor du izena, eta teknologia digitalarekin funtzionatzen du; horixe du ezaugarri nagusietako bat da.
Taylor du izena, eta hiru dimentsioko kanpo-finkagailu bat da. Kasu konplexuetan erabiltzen da, eta hezurrak luzatu eta moldatzen ditu.
Gailuak bi eraztun ditu, sei barraz lotuak. Larruazalaren kanpoaldean jartzen da, ,eta orratz batzuen bidez finkatzen da hezurrean.

Gailua sistema informatiko baten bidez kontrolatzen da; horixe du ezaugarri nagusia.


Duela bederatzi hilabete, José Ignacio Martínez Renovales medikuak gailu horrekin Euskal Autonomia Erkidegoan egin den lehen ebakuntza egin zuen.


JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, Poliklinika: Gailu hau erabiltzeko kasu egoki bat zelako egin genuen. Haustura bat izan zuen gizon gazte bat zen. Tibia eta belauna oso kaltetuak zituen, eta hezurra desbideratua eta motzagoa zuen.


20 graduko desbideratua eta 2,5 zentimetro laburtua zuen hezurra ebakuntza unean. Kirurgiaren helburua zengailua hautsitako hezurrean finkatzea.


JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, Poliklinika:  Oso konplexua da, bai jartzeko, baita jarraipena egiteko ere. Horregatik, oso muturreko kasuetan baino ez da egiten.


Ebakuntza konplexua izan arren, ebakuntza-gelatik irten eta hurrengo egunean, pazienteak hanka lurrean jar dezake. Taylor gailuari esker, hezurra ongi finkatuta egoten da, eta, horrenbestez, gorputzaren pisuak ez dio kalterik egiten. Hauxe da desbideratzea eta laburdura konpontzen hasteko unea. Horretarako, sistema informatikoaren aginduak jarraitu behar dira.


JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, Poliklinika:  Ordenagailuan, hezurraren datuak eta lortu nahi diren emaitzaren datuak sartu, eta ordenagailuak berak esaten dizu zer den egin beharrekoa. Eta, ordenagailuekin gertatu ohi den moduan, ordenagailua ez da nahasten.


Hautsitako hezurraren posizio zehatzaren datuak eta tratamenduaren amaieran hezurrak izango duen posizio berriarenak ordenagailuan sartzea da helburua. Desbideratzea nahiz laburduraren datuak sartu behar dira. Ordenagailuak, datu horien guztien analisia eginez, taula bat helaraziko dio erabiltzaileari. Bertan, hezurraren posizio egokia lortzeko eman beharreko pausoak azalduko ditu.

JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, Poliklinika: Torlojua biratuz, barra hauek luzatu edo laburtu egiten dira. Torlojuari bira egiten diogunean, gora eta behera mugituko da. Barra honek plus ikurra duen gezi bat dauka. Horrenbestez, barra hori mugitzen duzunean, zentimetro bat luzatu dela jakin dezakezu.  Egun bakoitzean mugitu behar duzun barra zein den jakiteko, barra bakoitzak kolore batekin erlazionatua doan zenbaki bat dauka. Ordenagailuak honela esango dizu: mugitu bi zentimetro kolore gorria, eta 1 zenbakidun barra. Asteartean 136. zenbakian zegoena asteazkenean 138an egon dadila. Horrela, zuk badakizu asteazken goizean bitan biratu behar duzula barra hori.


Barrak sistema informatikoak agindu bezala mugituz gero, hezurrak oso denbora gutxian lortuko du behar duen angelua eta luzera. Gaixoak, gainera, ez dio ibiltzeari utzi beharko.


JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, Poliklinika:  Harrigarria da, gailuak 13 egun baino ez zituen behar izan, hezurra 2,5 zentimetro luzatzeko eta 20 gradu zuzentzeko. 13 egunean guztiz zuzendua zegoen. Ondoren, hezurren arteko hutsunea betetzea baino ez zen gelditzen. Hori arazorik gabe betetzen da, hori da sekretua.


Izan ere, urteetan kontrakoa sinistu bada ere, hezurra gorputzeko beste edozein ehunen moduan birsortzen da. Hezurrak hezurra sortzen du, eta moldatu egin daiteke.


JOSÉ IGNACIO MARTÍNEZ RENOVALES; Traumatologoa, PoliklinikaDuela urte asko, Elizarov irakasleak azaldu zuen haustura kailua plastilina izango balitz bezala molda daitekeela, eta guk nahi dugun moduan birmolda dezakegula. Siberian egin zituen ikasketak, eta mendebaldekooi erakutsi zigun hezurra ia mugarik gabe luza daitekeela. Femurrak, tibiak, luzatu egin daitezke. Bi femurrak eta bi tibiak batera ere luza daitezke. Pertsona heldu baten hezurra, haustura-kailua, bizirik dagoen zerbait bezala molda daiteke. Izan ere, bizirik eta garatzen ari den zerbait da.


Hezurren haustura konplexuak tratatzeko modu berri bat da Taylor finkatzailea. Baina, horretaz gainera, erabilera gehiago ere izan ditzake. Enanismoa eta osteogenesia gailu honen bitartez tratatu ditzakete.

 

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali