Gripea ala hotzeria?

Eta atal berri honi hasiera emateko, lehenengo galdera gu geuk planteatu dugu: gripea ala hotzeria? Berez, ez dirudi erantzuteko oso zaila, baina, egia esan, askotan ez da erraza izaten bata eta bestea bereiztea. Gu, hala ere, saiatuko gara.

Gripea eta hotzeria, biak ala biak, arnasbideetako infekzioak dira, birusek eragindako infekzioak, alegia. Sintoma oso antzekoak dituzte, baina ez erabat berdinak. Gripearen kasuan, adibidez, sukar altu samarra, eztula eta muskuluetako zein buruko mina nabarmenak izaten dira; eta hotzeriaren kasuan, ez hainbeste. Doministikuak, muki-jarioa, eztarriko mina eta begietako narritadura, aldiz, hotzeriaren ezaugarriak dira, batez ere.

Infekzioaren ondorio klinikoez gainera, badira hotzeria eta gripea bereizten lagun dezaketen beste adierazle batzuk. Agerraldiak dira horietako bat. Izan ere, gripea brote modura agertzen da gehienetan, eta garai jakin batean populazioaren multzo handi samar bati eragiten dio. Aroa bera ere adierazle garrantzitsua da. Gure inguruan, gripea, batez ere, urria eta apirila bitartean agertzen da, garai honetan. Denbora-tarte horretatik kanpora, sintomak antzekoak izan arren, seguru asko hotzeria izango da.

Ba, honaino aste honetako galderari emandako erantzuna. Orain zuen txanda da. Bidal iezaguzue zuen galdera teknopolis@elhuyar.com helbide elektronikora.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali