Felix Zubia
Guk medikuntza kritikoa egiten dugu; gaixo larrienen medikuntza intentsiboa. Hemen dauzkagu bihotzekoa izan duten gaixoak, arritmiak izan dituztenak, erretakoak, infekzio larriak... Haien bizia arriskuan jartzen duten egoerak: garuneko hemorragiak, meningitisak eta horrelakoak.
Baina gaur egungo medikuntzak, gaixoen artaketaz gain, baditu beste bi alderdi ere. Bat ikerketa da; ikerkuntza klinikoa egiten dugu, ez oinarrizko ikerkuntza. Guk ez dugu laborategi batean lan egiten, baina badira galdera batzuk beti gaixoaren gainean neurketak egitea beharko dutenak. Adibidetzat: zenbat suero da kantitate egokia istripu bat izan duenarentzat? Edo zer antibiotiko da egokiena gaixo-mota batentzat? Eta hori laborategiak ez digu sekula esango. Eta hirugarrena irakaskuntza da: guk dakiguna hurrengo belaunaldietara ere pasatu behar dugu. Eta, beraz, hiru alderdi horiek egiten ditugu: klinika, irakaskuntza eta ikerketa.
Ikusiko duzuen moduan, hemen beste unitateetan baino erizain gehiago daukagu, pertsonal gehiago daukagu. Medikuak ere gehiago daude, zainketa intentsiboa hori delako, ezta? Gaixoen gainean egotea, eta gaixoak tratatzea. Hemen dauzkagun gelak banakakoak dira, eta, horretaz gain, monitorizazioa egiteko aukera ematen digute; hau da, gaixo bakoitzak bere bizi-zeinuak etengabean erregistratuak dauzka. Hori monitore batean dago, eta konputagailu baten bitartez jasotzen ari gara. Orduan, haien bizia arriskuan jartzen duen zerbait gertatuz gero, alarmak salto egiten du, soinuak egiten hasten da, eta azkarrago lan egiteko aukera ematen digute. Eta, horretaz gain, bestelako teknologia daukagu: arnasgailuak, infusio-punpak, xurgatzeko gailu bereziak ere bai... Hau da, teknologiaren aldetik ere bestelako gela normaletan ez dauzkagun egiturak dauzkagu.
Horretaz gain, gure ikerketa ere gaixo hauei zuzendutakoa da. Hau da, gaixo hauen tratamenduak zer behar duen, antolakuntzak zer behar duen... Ez da gaixoari botika bat jarri edo ez jarri bakarrik, baizik eta zer denboratan, zer unetan, zer ingurutan. Eta hor daukagun hori bai Erizaintzako ikasleei eta bai Medikuntzako ikasleei erakusten saiatzen gara, bakoitzari bere mailan. Hemen bigarren zikloko Medikuntzako ikasleak dauzkagu, eta Erizaintzako azken kurtsoko ikasleak ere bai.
Nik Medikuntza ikasi nuen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, oposaketak gainditu eta gero, Medikuntza Intentsiboko espezialitatea egin nuen; eta, horrekin batera, doktoretzako kurtsoa egiten hasi nintzen, eta duela bi urte doktore-tesia aurkeztu nuen eta defendatu nuen. Eta, horretaz gain, orain dela lau urtetik Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzailea naiz.
Nik txikitan ez nuen medikua izan nahi. Nik txikitan futbolaria izan nahi nuen, Realekoa ahal bazen, edo, bestela, obrako makinista. Baina, gerora, erabaki nuenean Medikuntza ikastea... Oso gustura nago, eta egia da niretzat lanbide bat baino gehiago dela. Nik uste dut suertea daukadala nire ogibidea eta gustatzen zaidan gauza bat batera egiten ditudalako. Nahiz eta egun batzuetan alderdi profesional bat ere badaukan, hain gustuko ez diren egoerak ere jasan behar dituzu: gaueko lanak, txandak, astebukaeretakoak, jaiegunak...
Nik uste sozialki medikuon lana onartzen dela eta estimatzen dela. Jendeak badaki; gainera, estutasunean datorrenez... alderdi klinikoa nahiko ezaguna da, eta estimatua da jendearen artean. Beste bi alderdiak nik uste dut ez direla ez hain ezagunak, eta, beharbada, ez hain estimatuak ere. Urte askoan ez dira planifikazioaren barruan sartu: ikerkuntza egiten zuen nahi zuenak, edo ahal zuenak. Irakaskuntza ere ez zegoen hain programatua, eta hori, zorionez, pixkanaka sartzen ari da. Baina nik uste dut ez gizarteak ez zuzendaritzak ez diotela besteari bezainbesteko pisurik ematen, ez duela behar bezainbesteko indarrik oraindik ere.
Gure lanaren alderdi politena beti mediku batentzat gaixoarekiko harremana da. Gaixoa ondo ateratzen denean, edo sendatzen denean, baita bestelako egoeretan ere, pertsona hori ezagutzeko aukera ematen dizulako. Horretaz gain, badu bere alderdi zientifikoa ere; hau da, zuk tratamendu bat jarri eta ondo ateratzen denean oso polita da, edo gauza bat neurtzeko aukera ematen dizunean. Eta jende berriari, edo ikasleei, gauzak transmititzeko gauza zarela ikustea ere oso polita da.
Gure lanaren alderik txarrena nolabait gaizki ateratzen denean, pertsona baten heriotza ikustea da. Beti badu karga hori. Etxera eramateko joera daukazu, eta nolabait barruan eragiten dizu. Denborarekin ikasten duzu ondo ateratzen den gaixoa ez dela zuregatik bakarrik sendatzen, eta zuk ahalik eta hobekien egin behar duzula lana, ahalik eta profesionalik onena izan behar duzula, baina emaitza ez dagoela beti zure esku. Eta ondo ateratzen denean ez dela zure emaitza edo zure gauza ona, eta gaizki ateratzen denean ez dela zure errua. Bestela beti goitibehera batean biziko ginateke, eta erotzekoa izango litzateke.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



