Eguzki-energia teilatuan; Erleen populazioa gainbehera; Produktu kimiko arriskutsu gehiago; Pedigria duten zezenak; Makillajearen babesa

Eguzki-energia teilatuan
Parques Solares de Navarra enpresak teilatu gaineko eguzki-energia fotovoltaikoaren Nafarroako instalazio handiena konektatu du sare elektrikora. Eguzki-panelak Cascanteko Aceites Urzante enpresaren teilatuan jarri dira, 6.000 metro karratuko azaleran. Instalazioak 400 kilowatteko potentzia izendatua du, eta 1.496 eguzki-panelez osatua dago. Urtean 600.000 kilowatt ordu ekoizten ditu, eta 204 etxebizitzaren energia-kontsumoa aseko du.

Erleen populazioa gainbehera
Frantziako ikertzaile batzuek egin duten lan baten arabera, munduko erle-populazioaren gainbehera landare basatien aniztasun-galeraren ondorioa izango litzateke. Ikertzaileek diotenez, hainbat landare-espezieren polenaz elikatzen direnenean, erleek oinarrizko osagai kimiko baten kantitate handia ekoizten dute, eta, hain zuzen, osagai horrek babesten ditu mikrobioetatik. Horregatik uste da dibertsitatearen galerak intsektu horien immunitate-sistema kaltetuko lukeela, eta haiek desagertzea eragin.

Produktu kimiko arriskutsu gehiago
Osasunerako eta ingurumenerako oso arriskutsuak diren produktuak, Europan, 15 izatetik 29 izatera pasatu dira. Gai Kimikoen Europako Agentziak egin du zerrenda berria. Substantzien artean poliuretanozko aparrak daude, zeramikazko zuntzak, eta plastiko, laka, itsasgarri, eta lehergaietan erabiltzen diren osagaiak.
Zerrenda handitzea gai kimikoen erabilera onartzeko Europako Reach direktiba berriaren lehen urratsa da. Direktiban, poliki-poliki ordezkatu beharko liratekeen 270 gai kimiko identifikatu ziren, osasunerako zein ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeelakoan. Berariazko baimenik ez badute, zerrendan agertzen diren gai kimikoak ezingo dira erabili.

Pedigria duten zezenak
Bizkaiko Aberekin enpresa zezenak hobeto hautatzeko helburua duen mundu mailako ikerketa-proiektu batean hasi da parte hartzen. Informazio genetiko gehiago bildu nahi da. Derioko enpresak hazitarako zezenen 400 lagin jarriko ditu proiektuan, laginen DNA atera eta genotipoa osatzeko. Zezenen ugalkortasunari, bizitza-luzerari, gaixotasunen aurkako erresistentziari eta gaixotasun metabolikoei buruzko informazioa lortu nahi da.

Makillajearen babesa
Margotutako begi ilunak, egiptoarren ezaugarri ziren haiek, ez dira galdu historian zehar. Gaur egun, begietako marrak modan daude berriro, eta Kleopatrak berak zeramatzan antzera margotzen dira begiak. Hala ere, baliteke faraoien menpekoentzat betazaleko marra estetika hutsa baino zerbait gehiago izatea. Parisko Louvre museoko ikertzaileek uste dute egiptoarren makillajearen oinarrian arrazoi higienikoak zeudela, infekzioetatik eta gaixotasunetatik babesten zituztelako. Gakoa makillajeak zituen berunezko gatzetan dago, infekzioei aurre egiten diete eta.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika gaur

Kimika

2025-10-25

Sendatzen duen kimika

Kimika

2025-10-25

Garbiketa jasangarria

Kimika

2025-10-25