Balenciagaren haritik

Balenciaga Museoak kolekzio berria jarri du ikusgai. Jantzi bakoitza artelan bat da, eta hala tratatzen dute museoko kontserbazio sailean. Ikusgai jarri aurretik, iristen diren piezak zaharberritu egin behar dira eta lan horretan, nahitaezkoa da haiek egiteko erabili ziren materialak fidagarritasun handiz identifikatzea. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitatearekin aritu dira elkarlanean.
Igor Uria. Cristóbal Balenciaga Museoa: Orain ikusi behar duguna Barbara Hutton estatubatuarraren soineko bat da. XX. mendeko aberats handienetako bat izan zen eta Cary Grantekin ezkonduta egon zen. Tangerren bizi zenean, beste amerikar bati oparitu zion soinekoa, eta, hura hil zenean, haren ilobak hartu zuen. Hark museora ekarri digu erakusketan uzteko, eta orain ikusiko dugu.

Barbara Huttonena gaueko soineko bat da. Iritsi zitzaigunean, itxuraz oso ondo zegoen. Arazo bakarra zen besazpiak apurtuta zeudela. Batetik, iristen zaiguna babestu behar dugu, eta, bestetik, konpondu. Publikoak berria zegoen bezala ikusiko du, berria bezala ez egon arren. Konponketa hori da: osorik dagoelako itxura ematea. Une honetan ez dago osorik. Hau guztia apurtu egin da, eta berriro bere jatorrizko formara itzuli behar dugu. Tarlatan hau, berez, zetaz forratua zegoen. Jaso genuenean, dena hautsa zen. Tarlatana zertaz eginda zegoen jakin nahi genuen, eta nola eragin zion zetari, apurtzeko. Unibertsitatearekin harremanetan jarri ginen, Alaznerekin, analisiak eta abar egiteko.

Alazne Porcel. UPV-EHU: Nardin kontserba-enpresak diru-laguntza bat eskaini digu, niri eta beste mutil bati, jantzi jakin baten zaharberritze-prozesua aurrera eramateko. Hemen dauzkagunak jantzian topatu ditugun elementu tridimentsionalak dira, ehunak ez direnak: dekoraziorako erabiltzen diren lentejuelak, apaingarri txikiak… Horiek denak atxabitxi gisa daude katalogatuta jantziaren material-identifikazio fitxetan. Lupa interesgarria da oihaletan agertzen diren loturak ikusteko. Kasu honetan, belus bat dela baieztatzeko. Hau mikroskopio estereoskopiko bat da. Lupa horrek irudia 60 aldiz handiagotzen badu, honek 200 aldiz handiagotu dezake. Hemen oso kalitate oneko argazkiak lortzen dira, baina ez dugu datu kimikorik lortzen; beraz, askotan ez dakigu zer material den.

Hau Alfredo da, RAMAN espektroskopiako teknikaria. Nik analizatu ezin ditudan laginak hona ekarri ohi ditut. Nik lupa binokularrean ikus dezaket zer den aurrean daukadan materiala. Berak, ordea, bere instrumentalarekin, material bakoitzaren konposizio kimikoa neur dezake, eta emaitza espektro baten bidez erakutsi.

Alfredo Sarmiento. UPV-EHU: RAMAN espektroskopia erabiltzea erabaki dugu, informazio asko eman dezakeen teknika ez-suntsitzaile bat delako. Alazneren laginen kasuan, ezinbestekoa da teknika suntsitzailea ez izatea, zaharberritze-prozesu batean dagoelako eta jatorrizko jabeari itzuli behar zaizkiolako. Alaznek nik baino hobeto daki garai haietan zein material-mota erabiltzen ziren; zer izan daitekeen kola bat, zer izan daitekeen 40ko edo 50eko hamarkadan erabili ohi zen polimero bat… Eta nik, berriz, kimikari erreparatzen diot. Hau da, aztertzen ari garen konposatuek dituzten molekulei edo talde funtzionalei. Bi informazio horiek hartuta eta bibliografia kontsultatuta, laginak zertaz eginda dauden jakitea lortzen dugu, gutxi gorabehera.

Alazne Porcel. UPV-EHU: Hau Rikardo da, biomedikuntzako mikroskopia-zerbitzuko arduraduna. Kasu honetan, jantzian topatu ditugun hainbat oihalen laginak ekarri ditugu, eta horietatik zuntzak aterako ditugu, ikusteko ea, pentsatzen dugun moduan, zetazkoak diren.

Ricardo Andrade. UPV-EHU: Ekorketa-mikroskopio elektronikoa erabiliko dugu zuntzak ikusteko. Oso teknika ona da Alazneren zuntz hauentzat, lagina eremu-sakonera handiarekin erakusten duelako, hau da, plano fokuratu askorekin. Lupak, berriz, fokuarekin jolastea eskatzen du laginaren xehetasunak ikusi ahal izateko. Lagina aurrez prestatu behar da. Aluminiozko euskarri hauetan karbonozko zinta bat jarri, eta bertan itsasten dugu. Kalitate hobeagoko irudi bat lortzeko, metal batekin estaltzen dugu; kasu honetan, urrearekin. Teknika honen eragozpenetako bat suntsitzailea izatea da, zuntz hau ezingo baitugu berreskuratu. Azkenik, lagina bere lekuan jarri, hutsa egin eta minutu batzuk itxaron behar dugu.

Igor Uria. Cristóbal Balenciaga Museoa: Alaznerekin analisia egin genuen tarlatana zertaz eginda zegoen jakiteko, eta atxabitxi itxurako harri horiek benetan atxabitxiak ziren, edo plastikoak ziren… Horren arabera, tratamendua aldatu egingo zen. Proposatutako eta egindako tratamendua honako hau izan da: sorbaldetakoak kendu eta babestea, tarlatana eta hemen zegoen oihal guztia babestu egin da nylonette batekin… Babes-lanak egin ondoren, garbitzen hasi gara. Harriak mekanikoki garbitu ditugu isipu batekin eta etanolarekin. Analisiak zer ziren esan zigunean, bagenekien etanola erabil genezakeela. Atxabitxi uste genituenak beiraz estalitako plastiko batez eginda daude. Bigarren fase batean mikroaspirazioa egin dugu. Hori da hautsa kentzeko modu bakarra, zeren eta, belusa denez, ezin baitugu uretan sartu.

Emaitzarekin oso gustura gaude. Dena pentsatu bezala irten zaigu. Hemen izango dugun arazo larrienetako bat hautsa da. Horregatik, beira-arasa baten barruan dago. Bestetik, tenperatura eta hezetasuna kontrolatuta daude: 18 graduan egongo da, eta % 50eko hezetasunarekin. LEDen bidez argiztatuta dago, 50 luxetan. Gero, beste gauza guztiekin egin dugun bezala, gorde egingo dugu, eta erakusketan egon den denbora halako hiru egongo da gordeta.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali