Amaia Zurutuza, Graphenea-ko zuzendari zientifikoa

Grafenoarekin erlazionatutako ikerketa garatzen dute Graphenean.  Inbertsore pribatuen eta CIC nanoGUNE zentro kooperatiboaren arteko ekimen enpresarial bat da.

Kaixo, Amaia Zurutuza naiz eta Graphenea-ko zuzendari zientifikoa naiz.

Graphenea inbertsore pribatuen eta CIC nanoGUNE zentro kooperatiboaren arteko ekimen enpresarial bat da, eta horregatik gaude nanoGuneren barruan. Grafenoarekin erlazionatutako ikerketa garatzen dut Graphenean, eta bertako talde zientifikoa zuzentzen dut. Grafenoa lehenengo aldiz 2004an isolatu zen, eta joan zen urtean, 2010ean, eman zioten grafenoa deskubritu zuten zientzialariei Fisikako Nobel saria. Grafenoa ez da material berri bat. Adibidez, grafitoan aurkitu dezakegu, grafitoaren geruzetako bat da. Grafitoa non aurkitzen dugu? Bada, arkatzen puntan. Grafenoa definizioz karbono-atomoz bakarrik osatuta dago, eta oso-oso mehea da: atomo baten lodiera dauka. Alegia, folio bat baino milioi bat aldiz txikiagoa da. Hemen nanoeskalan sartzen gara, eta nanoteknologiaren munduan.

Graphenearen hasierako helburuetako bat da grafeno muestrak edo laginak saltzea mundu osoan dauden ikerketa-laborategiei. Memento honetan ez dago produkturik merkatuan grafenoa duena. Elektronikan, transistoreetan; energian, eguzki-energian; baterietan, kotxe elektrikoetarako, adibidez; eta telefono mugikorretako ukipen-pantailetan... erabiliko dela iragartzen dute. Zerk bihurtzen duen grafenoa hain material interesgarria eta hainbeste aplikazioduna? Bere propietateek. Oso propietate bereziak dauzka: oso mugikortasun elektroniko handia dauka, eta horregatik esaten dute etorkizunean silizioa ordezkatuko duela; frogatu dute altzairua baino gogorragoa dela; eta oso eroankortasun termiko handia dauka.

Kimika ikasi nuen Donostiako Kimika Fakultatean, eta, gero, kanpora joan nintzen Erasmus gisan, Eskoziara. Eta, bertan, aukera sortu zen doktoretza atzerrian egiteko, eta pentsatu nuen nire karrera profesionalarentzat positiboa, aberasgarria, izango zela, eta atzerrian geratu nintzen doktoretza egiten. Gero, bi doktoratu-ondoko egin nituen, bi proiektu europarren barruan. Eta, puntu horretan, pentsatzen hasi nintzen unibertsitateko ikerketa ondo zegoela, baina nahi nuela zerbait praktikoagoa, zerbait praktikoagoan esperientzia izan. Eta, horrela, hasi nintzen enpresa farmazeutiko batean lanean. Han egiten genuen polimeroaren edo makromolekularen konposizioa aldatuz, farmakoaren edo medikamentuaren askapena kontrolatzen genuen, bai denbora eta bai administrazio-kantitatea. Han hiru patente sortzen lagundu nuen, eta publikazioak ez ziren garrantzitsuak, ez ziren onartzen. Orduan, profil industrial horrekin bukatu nuen. Sei urte han pasatu eta gero, eta hamabi urte atzerrian, erabaki nuen Euskal Herrira bueltatzeko ordua zela, eta grafenoari buruzko ikerketan sartu nintzen. Alor-aldaketa handia izan da. Ez zen izan aukera erraza, baina, oro har, merezi izan du.
Nire lana bokazio edo zaletasun gisa definituko nuke. Azkenean, zientziak edo zientzialariek ez dute ordutegi finko bat. Beti egon behar duzu azkar erantzuten, batez ere gauzak besteek baino lehenago garatu nahi badituzu. Grafenoa ikerkuntza-etapan egon arren, oso azkar mugitzen den arloa da, eta guk era azkar mugitu behar dugu, edo erronkei erantzun behar diegu .

Nire lanaren alderik onena da denbora guztian gauza berriak ikusteko aukera daukazula, mundu guztiko jendea ezagutzen duzula eta asko bidaiatzeko aukera daukazula konferentzietara joateko edo bileretara joateko. Eta alderik txarrena, nahi duzula egunak ordu gehiago edukitzea, horrela aukera izateko gauza gehiago egiteko. Baina lana gustukoa denez, gogoz egiten dugu.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali