Zutik ibiltzea, lau hankan baino eraginkorragoa
2007/09/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
(Argazkia: Minnesotako Zientzia Museoa)
Berez, txinpantzeak lau hankan ibiltzen dira gehienetan, edo, hobe esanda, oinetan eta hatz-koskorretan bermatuta. Hala ere, bi hankan ibil daitezke zerbait daramatenean, edo janaria biltzen ari direnean. Gizakia, berriz, bi hankan ibiltzen da horretarako gai denetik, urtebete egiten duenetik gutxi gorabehera, eta horrek bereizten ditu gizakia eta haren arbasoak (hominidoak) gainerako primateetatik.
Energia-gastua neurtzen
1973an egin zuten ikerketa batean, ez zuten alde handirik ikusi energia-gastuan primateak lau edo bi hankan ibili. Alabaina, esperimentu hartan primate gazteek bakarrik parte hartu zuten, eta, beraz, ondorioak ez dira zuzenak.
Orain egin duten esperimentuan, bost txinpantzek hartu dute parte. Zinta baten gainean ibiltzeko entrenatu dituzte, ohiko ibileran, hau da, lau hankan, eta baita bi hankan ere. Gero, bi eretara zinta gainean ibilarazi diete, zenbat oxigeno kontsumitzen duten jakiteko maskara bereziak jantzita dituztela. Lortutako emaitzak ariketa bera egitean lau pertsonak emandakoekin alderatu dituzte.
Hala, frogatu dute, bakoitzaren pisua kontuan hartuta, pertsonek txinpantzeek baino lau aldiz energia gutxiago erabiltzen dutela ibiltzean. Horrez gain, ikusi dute, batez beste, txinpantzeek antzeko gastua egiten dutela lau hankan zein bi hankan ibili. Txinpantzeetako bat, ordea, batezbestekotik kanpo geratzen da; hain zuzen, pauso luzeak emanaz ibiltzen da, eta haren ibilera eraginkorragoa da bi hankan lau hankan baino. Pertsonek ibiltzean gastatzen duten energian, berriz, ez dago alde handirik boluntario batetik bestera.
Zutik ibiltzea, eraginkorragoa
Txinpantzeak elkarrekin alderatuta, zientzialariek jakin nahi izan dute zergatik dagoen hainbesteko aldea batetik besterako eraginkortasunean. Ikertzaileen ustez, pausoaren luzeraren eta erabiltzen dituzten muskuluen arabera gastatzen dute energia gehiago edo gutxiago ibiltzean
Biomekanikaren legeen arabera, energia-kontsumoa areagotu egiten da pauso laburrak ematen badira, eta baita muskulu-masa handia erabiltzen bada ere. Hortaz, hanka luzeak dituen txinpantzeak besteek baino energia gutxiago gastatzen du bi hankan ibiltzean. Bestalde, gizakiak hanka luzeak eta zuzenak ditu, eta pelbisa ere beste primateetatik desberdina du. Horri esker, energia-kontsumoan eragiten duten bi faktoreak txikiagoak dira txinpantzeetan baino.
Ikertzaileek lehen hominidoen fosilak ere aztertu dituzte alderdi horretatik. Zehazki, begiratu dute hominido haiek ba ote zuten bi hankan ibiltzearen energia-gastua gutxitzen laguntzen duen ezaugarririk. Eta, dirudienez, lehen hominidoak ere bazituzten bi hankan ibiltzean energia gutxi erabiltzeko aproposak diren ezaugarriak.
Gainera, gaur egun txinpantzeetan gertatzen den bezala hominido batzuek besteek baino askoz energia gutxiago behar bazuten ibiltzeko, hautespen naturalak lehenengoen alde egingo zuela uste dute ikertzaileek. Beraz, labur esanda, bi hankan lau hankan baino energia gutxiago gastatzen dugulako ibiltzen gara zutik pertsonak, Washington Unibertsitateko ikerketaren arabera.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia