}

Zurrunga eragozteko metodoa

2001/09/26 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Zurrungaka ari den pertsona baten ondoan lo egitea lan nekeza izaten da. Mila buelta emanda ere, ezin izaten da lorik hartu! Baina ba al dago hori eragozteko modurik?

Hilabete honetan Amerikako Otolaringologia Akademiak antolatu duen bileran zurrunga eragiten duen fenomenoaz hitz egin dute. Orain arte kirurgia erabili izan da hori konpontzeko, baina beste bide batzuk ikertzen aritu dira azkenaldian. Eztarrian tetradezil sulfatoa duen konposatua injektatuz lortu dute azkenik.

Ahosabaiaren atzealdeko alderdi bigunean injektatzen dute tetradezil sulfatoa. Lotan gaudela, ahosabaiko ehun bigun horiek dar-dar egiten dute eta bata bestearen kontra jotzeak sorrarazten du zurrunga. Arazo larriak zituztenen kasuan, kirurgiaz ahosabai haragitsuaren zatitxo bat moztuta zurrunga eragoztea lortu izan da, baina horrek duen arriskua ikusita, ordezko tratamendu baten bila aritu dira. Horrela, tetradezil sulfatoak, neurri batean behintzat, ahosabaiko ehun horiek deseginarazten ditu; toki horretan orbaina sortzen da eta ahosabai biguina gogortu egiten da. Hori dela eta, dardara txikiagotzen da, eta ondorioz, zurrunga. Teknika honek zurrungak sortutako soinua dezente moteltzen du, bere intentsitatea 11 dezibeliotik 2 dezibeliora jaisten baita.

Kirurgiaz ahosabaian ebakiak egiteak arazoak sor ditzake edari gasdunak hartzean zein janaria irenstean. Tratamendu berri honek, ordea, ez du horrelako arazorik sortu. Hala ere, tetradezil sulfatoa ziztatu eta handik urtebetera, hainbat gaixo berriz ere zurrunga egiten hasi dira, baina ikertzaileen esanean, ez dago berriz ere tratamentua hartzeko arazorik. Laburpena: Injekzio bakarraz zurrunga eragozten duen tratamentua aurkeztu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia