}

Zurrunga egitea: makina bat buruhauste

1999/11/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Zurrunga egitea lo sakonaren eta osasun onaren adierazgarritzat hartu ohi da. Neurriz egiten bada —eta batek daki muga non dagoen— ez dakar kalterik, baina zurrungak gehiegizkoak direnean batetik elkarbizitza-arazoak sor litezke; bestetik, berriz, beste arazoren baten seinale izan daitezke. Beraz, azalekoa dirudien arren, zurrunga egitea serio hartu beharreko gaia da.

Loa aztertzeko egin diren ikerketen arabera, pertsona helduen % 25ek zurrunga egitea ohikoa da. Heldua, gizonezkoa eta lodi samarra, hauxe litzateke zurrunga-egilearen erretratua.

Zurrunga goialdeko arnasbideetan airearendako oztoporen bat dagoenean sortzen da. Faringearen goialdea —mihiak, eztarriaren goialdeak, aho-gingilak, eta ahosabaiak bat egiten duten tokia— erraz traba daiteke. Zurrunga, arnastean aipatutako ataletariko batzuek bat egin eta dardara egiten dutenean gertatzen da.

Arnasbideko atal horien bat egitea eta dardara gertatzeko arrazoiak hainbat izan daitezke. Batetik, eztarriko eta mihiko giharrak ahul samar egotea gerta daiteke. Horrelakoetan, giharrak gehiegi erlaxatzen direnean, mihia atzerantz erortzen da, faringerantz, eta airea behar bezala igaraztea eragozten du. Alkohol gehiegi edateak, droga hartzeak, edo, beste barik, lo sakonegia izateak, giharren gehiegizko erlaxazioa eragin dezakete.

Eztarriko ehun bigunak ere —amigdalak eta adenoideak adibidez— zurrungaren eragile izan daitezke. Ahosabai biguna eta aho-gingil handia edukitzeak ere zurrunga egiteko joera indartu dezakete. Horrelakoetan, ahosabaia zein aho-gingila eztarrirantz mugitzen dira eta faringearen pasabidea estutzen da. Gainera, arnasketa-prozesuan ahosabaia eta aho-gingila zintzilikatu egiten direnez, zarata atera dezakeen balbula gisa jokatzen dute.

Azkenik, zurrunga egiteko ohiko arrazoien artean, sudurreko arazoak aipatzen dira. Sudurra itxita dagoenean, arnasa hartzeko ahalegin handia egin behar izaten da; ondorioz, faringean huts-efektu handiagoa gertatzen da eta inguruko ehunak mugiaraztea errazagoa izaten da.

Zurrungen arrazoiak alde batera, gaia arduraz hartu behar da. Elkarbizitzarako uste dena baino arazo serioagoa izan daiteke; adibidez, komunikabideetan behin baino gehiagotan irakurri ahal izan dira zurrungen ondorioz banandutako bikoteei buruzko berriak. Osasunaren ikuspegitik begiratuta, zurrunga egiteak badu garrantzia. Izan ere, osasun-adituen ustez zurrungek loaren erritmoa hausten dute; hortaz, behar bezalako atsedena hartzea eragozten dute. Zurrungak gehiegizkoak direnean, osasunarentzat kalte garrantzitsuak eragin ditzakete. Horietan ezagunenetarikoa loaren apnea da.

Apnea, entzuna baina ezezaguna

Loaldian arnasketan gertatzen diren etenei deitzen zaie apnea, batez ere eten horiek 10 segundotik gorakoak direnean. Apneari butxatzaile deitzen zaio arnasketa-prozesuan eztarriko edo sudurreko arazoren batek aireari pasabidea eragozten dionean. Apnea butxatzailea duten haurrek noiz behinka arnasa hartzeari utzi egiten diote; hala eta guztiz ere, birikek lanean jarraitzen dute arnasa eragozten duena askatu nahian.

Apnea butxatzailea handia denean, odolak oxigeno gutxi eroaten duenez, bihotzeko arazoak sor daitezke; haurren kasuan, berriz, hazte- eta garatze-prozesua atzeraraz ditzake. Apnea butxatzaile bigunek ere, arazoak sortzen dituzte, baina ez hain garrantzitsuak, neke-sentsazioa eta egunez logurea izatea baino ez dira izaten.

Loaldiko arnasketa-etenei aurre egiteko, lehenik arrazoiak aurkitu behar dira eta, gero, behar bezalako tratamenduari ekin. Ohiko tratamenduak honako hauek izaten dira:

  • Hiru eta zazpi urte arteko haurren kasuan gehienetan amigdaletako eta adenoideetako arazoak izaten dira. Diagnosia egin ondoren hartuko da erabaki egokia.
  • Lodi egoteak ere eragin lezake apnea butxatzailea. Erremedioa? Kiloak kentzea, baina beti ere sendagileen kontrolarekin.
  • Arazoa sudurrekoa bada, tratamenduaz edo kirurgiaz konpontzen da.
  • Aurpegian jarri eta norbera lotan dagoela arnasa hobeto hartzen laguntzen duten tresnak.

Ohiko tratamenduak horiek dira, baina —osasuna tartean dagoen gai guztietan bezala— adituek erabaki behar dute kasu bakoitzean zer egin. Zurrungen eta apnearen kasuan otorrinoek dute hitza, eurek erabaki beharko dute arazoa zurrunga zaratatsuetara mugatzen den edo apnea ere baden. Horretarako, adituek zurrungalarien ahoa, sudurra, eztarria, ahosabaia eta abar aztertzen dute. Azterketa hori arazoa aurkitzeko nahikoa ez bada, loaren kontrola egin dezakete, eta horren arabera erabaki zurrungek edo apneak osasunean duten eragina.

Zurrungen tratamendua beti ere egiten den diagnosiaren araberakoa izaten da, eta neurri egokiak sendagileek hartu behar dituzte. Hala ere, zurrungak gutxitzen lagun dezaketen bizi-ohiturak egon badaude:

  • Kirola egitea, pisu-apur bat galtzeko eta giharren eraginkortasunaz baliatzeko.
  • Ahal dela lasaigarririk ez hartzea, lo sakona eragiten dute eta.
  • Oheratu baino lehenago ez hartzea ez alkoholik eta ez betekada handirik.
  • Lo egiteko orduak errespetatzea.
  • Ahal dela, gora begira lorik ez egitea, postura horretan zurrungak handiagoak izaten baitira.
  • Oheburua jasotzea, arnasbide inguruko atalak ez daitezen eztarri ingururantz joan.

Beste batzuekin alderatuta, zurrungaren arazoak garrantzi txikikoa dirudien arren, makina bat buruhauste eragiten die dutenei eta egiten dituena jasan behar dutenei. Pentsa, Espainian zurrunga egiten dutenen elkartea ere badago, zurrunga egiten dutenei laguntza eta informazioa emateko helburuarekin sortua. Internet-en badute web gunea ere, honako helbide honetan: http://personal.redestb.es/eros/suenyo.htm.

Ondo eta ixilik lo egin!

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia