Zurrunbiloaren geometria bereziak
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biraka ari den zurrunbilo baten zentroa zirkularra izan ohi da, baina naturan bestelako egitura geometrikoak ere ikusi izan dira, hala nola, atmosferaren zurrunbiloetan, urakan baten begian edo Saturnoko hodei batzuen zurrunbiloan.
Bada, laborategian ikusi dituzte bestelako egitura geometriko horiek, Danimarkako Unibertsitate Teknikoko laborategi batean, hain zuzen ere. Zurrunbiloa egiteko urez betetako ontzi zilindriko batzuk biraka jarri dituzte; eta ikusi dute, abiadura azkartu ahala, hondoan urak marrazten duen irudia egitura batetik bestera pasatzen dela: lehenengo hiru puntako 'izar' bat agertu zen, gero karratu bat, pentagono bat ondoren, eta abiadura azkar-azkarrean hexagonoa.