Zurgatzaile miragarriak itsasoa garbitu
1988/06/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain dela urtebete eskas, Japoniako telebistan berrikuntza teknologikoei buruzko programa baten aurkezleak ontzi batean zegoen petrolioa bere mahai gainera isuri zuen. Ondoren hauts zuri bat atera eta petrolioaren gainera bota zuen. Handik hamar segundora aurkezleak eskua mahai gainean pasa ondoren, ez zen ez petrolio eta ez hautsaren arrastorik geratu.
Pentsa dezakezuenez, ikusentzuleak erabat harritu ziren; Non dago petrolioa? Miraria zirudien! Baina ikusleak inoiz ikusitako zurgatzailerik onenaren aurrean zeuden. Zurgatzaileak hidrokarburoaren gainean eragiten duenean, bi fase desberdin bereiz daitezke. Lehenengo fasean hauts zurgatzaileak petrolioa zurgatu egiten du belaki baten antzera. Hori ez da arraroa, buztinek adibidez propietate berdina daukate eta.
Bigarrenak aldiz, berezitasun nabaria dauka. Zurgapenaren ondorioz puztuta dagoen hautsa solidotu egiten da. Molekula bakoitza plastifikatu ondoren petrolioa hermetikoki harrapatuta geratzen da. Kautxu itxurako geruza lortzen da. Oso kontsistentea da eta berreskuratzen erraza. Baina, zein izan da produktu honen jatorria?
1975. urtean CdF Chimie enpresa frantziarreko ikertzaileak zenbait konposatu ikertzen ari zirelarik polinorborneno izeneko substantziak propietate zurgatzaileak zituela konturatu zirenean hasi zen miraria. Poluzioaren aurkako borrokan substantzia honen eragina garrantzitsua izan zitekeenaren kontzientzia sortu zenean, merkatuaren estudioa egin zen. Estudio honen ondorioz bi oztopo nagusitu ziren. Alde batetik prezioa zegoen, hau da, polinorbornenoaren kiloak 125 pta. inguru balio zuen, hots, ohizko produktuak baino 6 edo 7 aldiz garestiagoa zen. Bestalde, produktua ehuneko ehun organikoa zenez gero, hogeitamar hilabete baino gehiago gordetzea ez zen komeni, propietateak galtzeko arriskua zegoen eta.
Arrazoi hauen arabera produktuaren garapena baztertzea erabaki zen. Beste zenbait lekutan ostera, poluzioaren kontrako legeak gogortu egin ziren.
Hauetako bat Japonia dugu eta Nippon Zeon izeneko konpainia produktu frantziar honetaz interesatzen hasi zen 1982. urtean. Urtebete geroago Fixol eta TFN-2 izenez produktua komertzializatzen hasi ziren. Egindako ikerketa batzuen arabera, Hego-Ekialdeko itsasoetan istripu-arrisku handia zegoela ikusi zen, eta beraz, Japoniako portu garrantzitsuenak polinorbornenoz hornitu ziren.
Itsasoan dauden haizeen eraginez oso erraza da hautsa hedatzea. Gero arrantzaleak dira beren sareak erabiliz lana amaitzen dutenak.
Polinorbornenoaren arrakasta ikusiz, beste zenbait aplikaziotara (domestiko nahiz industrialetara) hedatzea erabaki da.
Azken urteotan Estatu Batuetan ere gogortzen ari dira poluzioaren kontrako legeria. Baina, hemen dagoen arazo larrienetakoa transformadoretako isolatzaile termikoetan datza. Orain arte piralenoak erabili izan dira isolatzaile gisa, baina substantzia honen ihesak eta isuriak, 20.000 urmahel baino gehiago kutsatu ditu. Antza denez polinorbornenoa interesgarria izan daiteke piralenoen ordezkatzaile gisa eta une honetan komertzializazioa estudiatzen ari dira.
Europan ere, poluzio-arazoen inguruan legeria gogortzen ari da eta gero eta garrantzi handiagoa izango du produktu honek edota bere antzekoek. Hala ere, substantzia hauek erabiltzearen joera nagusia ez da marea beltzei aurka egitea bakarrik; poluzio industrialari kontra egitea baizik. Esparru honetan hondakin erradioaktiboen aurka bete dezaketen papera interesgarria izan daitekeelakoan daude ikertzaileak. Beraz, etorkizunik izan dezake produktu honek.
Dena dela, gure Lurra garbiago mantentzeko aukera badugu orain. Aukeraz baliatzea besterik ez da falta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia