}

Zur berotua, etorkizuneko materiala

2001/05/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Finlandiako Teknologia Agentzia Nazionalak beroz tratatutako zura aurkeztu du. Dioenez, material berri horren onura nagusia zur berezi hori egiteko metodo ekologikoa da.

Zuraren ezaugarriak, 200 C edo gehiagoko tenperaturaren eraginpean, nabarmenki aldatzen dira. Zuraren karbohidratoak zatitu egiten dira eta zatiketa horren emaitza ez da erabilgarria zura ustelarazten duten onddoentzat. Gainera, zureko osagai babesleak material osoan eraginkorrak izateko moduan banatzen dira. Bero bidezko tratamenduak 24 ordu irauten ditu eta edozein zur-mota trata daitekeen arren, erabilienak pinua, izeia, urkia eta lertxuna dira.

Beroz tratatutako zura tratatu gabea baino gutxiago ‘bizi’ da, hau da, uzkurdura eta hantura saihesten dira hein handi batean. Horri esker, erabilera zabaldu egiten da, adibidez, ateetako eta leihoetako aproposa da. Horretaz gain, urte-sasoiaren arabera klima aldatzen den tokietan ere ez dira zirrikituak sortzen eta, tratamenduak eragindako kolore-aldaketagatik, zur nobleen antza hartzen du. Horrela, egur tropikalen ordezko ekologiko hobezina da.

Metodo berriaz lortutako zura etxe barruko zoruetan, paretak estaltzeko eta saunak egiteko erabiltzen da batez ere, baina altzariak edo beste edozer tresna edo dekorazio-gai egiteko ere erabil daiteke.

Lehengaiak aukeratzean, jendea gero eta gehiago arduratzen da ingurugiroaz eta beroz tratatutako egurrak kontsumitzaileen eta agintarien nahiak betetzen ditu. Izan ere, ingurugiroa edo giza osasuna kaltetzen duten tratamendu kimikoen beharrik izan gabe, etxe-kanpoko erabileretako egokia da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia