}

Zuntz optikozko sentsoreen hobekuntza

2002/10/14 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Silvia Abad Nafarroako Unibertsitate Publikoko ingeniariak zuntz optikozko sentsoreak hobetzeko eta merketzeko teknika berri bat garatu du. Baina gailu garestia da eta, ondorioz, ez da asko zabaldu merkatuan.

Silvia Abad Valtierrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu duen tesiak elkarbanatutako sareen bidez zuntz optikozko sentsoreak merketzeko eta hobetzeko teknika bat azaltzen du. Ingeniari berak Epson Ibérica saria lortu du lan horregatik.

Silvia Abaden ikasketa-amaierako proiektua zuntz optikozko sentsoreen multiplexazioari buruzkoa izan zen, eta gai bera aztertzen jarraitu zuen gero ere, unibertsitate berean. Tesia egiten jardun duen hiru urteetan beste zentro batzuetan ere izan da, batik bat Ameriketako Estatu Batuetan eta Portugalen. Hain zuzen ere, Abuztutik, Oportoko (Portugal) Multiwave Networks Portugal enpresan ari da lanean, komunikazio optikoen osagai eta sistema aurreratuak ikertzen eta garatzen.

Zuntz optikozko sentsorearen abantailak

Sentsore bat parametro jakin bat neurtzeko tresna da, adibidez, tenperatura edo hezetasuna. Laburbilduz, zuntz optikozko sentsorea neurketa egiteko osagai elektronikoak erabili ordez zuntz optikozkoak erabiltzen dituen tresna bat da.

Bi sentsoreak (zuntz optikozkoa eta elektronikoa) bereizten dituzten ezaugarriek tamainarekin eta pisuarekin dute zerikusia; zuntz optikozkoak txikiagoak eta arinagoak dira. Gainera, zuntz optikozko gailuek ez dute interferentzia elektromagnetikoen eraginik jasaten.

Hain zuzen ere arrazoi horiengatik, zuntz optikozko sentsoreak elektronikoak baino abantaila gehiago ditu. Zuntz optikozko sentsoreak ingeniaritza zibilean erabil daitezke eta erabiltzen dira. Zubietan eta presetan sartzen dituzte eta barne-egiturako neurketa-parametroak ematen dituzte. Horrez gain, mota horretako sentsoreak gune arriskutsuetarako oso erabilgarriak dira, besteak beste, oliobideetarako, gasbideetarako, zentral nuklearretarako edo potentzia elektrikoa sortzen duten zentraletarako. Eremu horietan, sentsore elektronikoen erabilerak arazo handiak eragin ditzake, txinpartak sortzeko arriskua baitago. Horregatik, zuntz optikozko sentsoreak jartzen dira, tresna horiek ez baitute erabiltzen gailuan bertan sistema elektrikorik, eta kontrol- eta prozesatze-elektronika sentsoretik urrun egoten baitira.

Prozesuaren parterik garestiena banatu

Zuntz optikozko sentsoreak elektrikoak baino garestiagoak dira; ondorioz, sentsore-sare baten bidez, gailu horien guztien informazioa gune berean nola elkartu ikertzen ari dira. Egia esan, ez da sentsorea bera garestia, baizik eta hari loturik doazen elementuak: argi-iturriak, detektagailuak eta kontrol-elektronika guztia. Horregatik, Silvia Abad-en ikerketa multiplexazioa bilatzen saiatzen da, hau da, prozesuaren parte garesti hori nola banatu zuntz optikozko sentsore askoren erabilera merkeagoa izan dadin.

Izan ere, Silvia Abad-en ustean, azken hamarkadan zuntz optikozko sentsoreek garapen handia izan badute ere, horien kostuak merkatuan asko zabaltzea eragotzi die. Teknologia hori ekonomikoki lehiakor bihurtzeko, ezinbestekoa da kostu potentzial gutxiko sentsore askok ekipamendu terminal garesti bera erabiltzea.

Honela, Silvia Abad telekomunikazio-ingeniariak, bere ikerketan, uhin-luzeran multiplexazioa duten sentsore fotonikoen hainbat sare aurkezten ditu. Sare horien helburua sentsore-kopuru handi bat jasatea da parametro batzuen ( sentsoreen arteko diafonia, egitura banatzailearen potentzia-galerak eta antzemandako seinaleen kalitatearen degradazioa) mugei irtenbideak aurkituz.

Silvia Abadek sare aktibo eta pasiboetan lan egin du, adibidez, laser-sistemetan eta potentzia-erreferentziako sareetan. Bere lanean aurkezten duen teknika bat sare aktiboetan anplifikazio-soinuak eragiten dituen efektuak murrizteko erabili da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia