Zulotik atera nahi; nondik, baina?
2009/11/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Sei hilabete daramatza Spirit ibilgailuak trabatuta Marten, lurzoru biguneko eremu batean sartu zelako, nonbait. Aditu-talde batek ibilgailuaren egoera aztertu du, eta proiektuan lanean ari direnei aholkatu die lehenbailehen atera dezatela dagoen lekutik. Negua iristear dago han, eta, orain atera ezean, ibilgailuaren eguzki-panelek ez dute nahikoa energia jasoko, eta ez dute ibilgailua hornitzeko indarrik izango.
Arazoa da Spiriten sei gurpiletik bostek ez dutela nahikoa itsaspen zoruarekin, eta seigarren gurpila matxuratuta dagoela 2006ko martxotik. Egoera horretan, nekez atera ahal izango dute Spirit atzerantz, harrapatuta gelditu zenean egin zuen bidea atzera eginez. Aditu-taldeak gomendatu du aurrerantz ateratzeko, aldapa batean harrapatuta baitago. Uste dutenez, grabitateak lagun lezake ibilgailua mugitzen.
Proiektuaren arduradunek, ordea, uste dute okerragoa izan daitekeela konponbidea arazoa baino. Izan ere, ez dakite nolakoa izango den lurzorua maldan behera, eta, hortaz, nahiago dute atzeranzko bidea egiten saiatu. Dagoen lekutik bi metro egin behar ditu Spiritek zoru egonkorreraino iristeko, baina ez da lan erraza izango.
Irudia: NASA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia