}

Zulo beltza Esne-bidean

2001/09/06 Elhuyar Zientzia


Joan den urteko urriaren 26an, gure galaxiako Sagitario konstelazioan orban txiki eta ilun batek X izpien argi labur eta bizia igorri zuen espaziora. Horrek Esne-bidean bertan zulo beltz bat izan zitekeela eman zien aditzera fisikariei. Horiek behin eta berriro zulo beltzez normaltasun osoz hitz egiten badute ere, orain arte inork ez du beren existentzia frogatzerik izan.

Egun hartako X izpien igorpenaren luzera eta kokapena gure galaxiaren bihotzean izan daitekeen zulo beltzaren existentziaren froga garrantzitsua izan daitezke, Arizonako Unibertsitateko Fulvio Melia astronomoaren esanetan ez baitago unibertsoan horrelako argia igor dezakeen objektu ezagunik. Adituek diotenez, distira hori zulo beltzak kometa bat xurgatzerakoan igorria izan zitekeen.

Astronomoek badakite gure galaxiaren erdiko aldea, A Sagitario deritzon gunea, eguzkia baino 2.6 milioi aldiz pisutsuagoa dela. Distira hortik etorri zen eta hiru ordu inguru iraun zuen, 10 minutuko atsedena tarteko. Distira desagertu eta 10 minutu geroago itzuli izanak A Sagitarioren tamainaren berri emango luke, X izpiak 10 minutu behar izan baitzituen gune hau zeharkatzeko. Hortik gune honek 15 milioi km baino gutxiagoko zabalera duela ondorioztatu dute.

Astrofisikoen ustez, izugarrizko masa handia leku txiki batean konprimitzen denean sortzen da zulo beltza; horrela, dentsitate handiko gunea sortzen da. Esne-bidean azaldu den zulo beltz honi izugarrizko garrantzia eman diote. Hala ere, behaketa horrek froga oso sendoa eman duen arren, distira beste iturri batetik etorri den zalantza guztiz ezabatu nahi izan dute eta datorren urtean Chandra behatokia berriz ere gune horretara begira jartzeko asmoa azaldu du lehenengo behaketa honen arduradun den Frederick Baganof-ek aste honetako Nature aldizkarian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia