Zuhaitzen bidez uste zutena baino karbono gutxiago bahitu daitekeela ondorioztatu dute

2025/09/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zuhaitzen-bidez-uste-zutena-baino-karbono-gutxiago
Arg. EHU

Zuhaitz-landaketak eta basoberritzeak dira klima-aldaketari aurre egiteko neurri ezagunenetakoak. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, baina, agerian utzi du lehen uste zutena baino askoz ere azalera gutxiago dela egokia landaketak egiteko eta basoak sortzeko. Hain zuzen, kalkulatu dute 389 milioi hektarea inguru direla erabilgarriak; aurreko kalkulu batzuek esandakoaren erdia, gutxi gorabehera.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek kanpoan utzi dituzte lehen baliagarritzat emandako zenbait eremu: hiriak, labore-lurrak, biodibertsitatea galtzeko arriskuan dauden lekuak, eta ur gutxiegi dutenak. Horrez gain, elurrak estalitako eremuak eta beroa islatzen dutenak ere baztertu zituzten, toki horiek dagoeneko eraginkorrak baitira klima-aldaketa apaltzeko. 

Zuhaitz-landaketak eta basoberritzeak egiteko egokiak diren eremu guztiak zuhaitzez eta landarez estalita, lehen uste zuten 2050erako 40 mila milioi tona karbono bahitu zitekeela atmosferatik. Oraingo kalkuluekin, ordea, 12,5 milioi tona baino ez lirateke izango.

Emaitza aintzat hartuta, ikertzaileek ohartarazi dute zuhaitz-landaketak eta basoberritzeak ezin direla neurri egokitzat hartu, beste leku batzutako deforestazioa orekatzeko, ezta erregai fosilen isuriak azkar murrizteko ere. 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia