Zuhaitz-hondamena iberiar penintsulan
1993/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
C. M. Brasier baso-ikerlariak “Nature” aldizkarian Iberiar penintsularen hegomendebaldean gertatzen ari den zuhaitz-hondamenaren berri eman du eta bertan adierazitakoa ondoko lerroetan laburtzea komeni dela iruditu zaigu.
Artelatz, arte eta hauen jeneroko zuhaitz eta zuhaiska batzuk gaixotu eta hiltzen ari dira Iberiar penintsulan zehar. 1991. urtean Espainiako hegomendebaldean aztertutako 2,2 milioi hektareatan 1.050 gaixotasun-gune nagusi erregistratu ziren. Hauen artean Andalusian dagoen “Parque Natural de Alcornocales”en 265 foku, guztira 21,4 ha estaltzen zutelarik, detektatu ziren.
Gaixotasun-guneetan zeuden zuhaitzetatik erdia baino gehiago gaixorik edo hilik zegoen. Antzeko fenomenoa gertatzen ari da Portugaleko hegoaldean, Italian, Marokkon eta Tunisian.
1900. urtetik aurrera Europako erdi eta ekialdean Quercus jeneroaren barnean gertatutako hilkortasuna eta Mediterranioan ere gertatutakoa, lehorteari, poluzioari eta intsektu zein onddoen erasoari egotzi zaie.
1991.eko maiatzetik 1992.eko martxora bitartean Espainiako Nekazal Ministraritzaren eta Algarve-ko Unibertsitatearen gonbiteari jarraituz, arteak beherantz jo duten Iberiar penintsulako zenbait leku arakatu dut. Sintomak eta gaixotasunaren banaketak, erruduna Phytophthora onddoa izan zitekeela adierazten zuten. Zuhaitzak bapatean hiltzen ziren, bat edo bi urtesasoitan. Heriotza taldeka gertatzen zen eta taldeak ibai ondoan, ibarretan eta depresioetan kokaturik zeuden.
Bapatean desagertzearen arrazoia zenbaitetan, neguko euri-uraren higadurari edo lurra goldatzeari egotzi zitzaien eta desagertzea kronikoa denean lurraren antzutasunari egozten zaio. Azken egoera honetan dauden lurretako sasiak ere hondatzen dira.
Zolu lehorretan hiltzear dauden zuhaitzek, erroetako adar batzuk hilak izaten dituzte. Sagar-beita eta antibiotiko jakin batzuk erabiliz, Phytophthora cinnamomi patogenoa isolatzea lortu zen. Patogeno hau arakatutako hogeita hamar lekuetatik hamaiketan isolatzea lortu zen. Lur lehorretan oso zaila da patogeno hau isolatzea eta guk ere arrakasta, batez ere, lur hezeetan izan genuen.
Phytophthora cinnamomi patogeno polifagoa da eta 25-30 °C-tan dauden erroetan eragiten du. Jatorria Ginea Berrikoa dela uste da eta gizakia bera izan da banatzailerik garrantzitsuena. Eragindako kalteak Australiako mendebaldeko eukalitus-basoak eta EEBBetako ekialdean 1900. urtearen inguruan gertatutako gaztainondo-hondamenak ditugu. 1940. urte inguruan Europara hedatu zen, gaztainondoetan berebiziko epidemia sortuz.
Espainiara eta Portugalera iritsi den patogenoak lur goldatu berri eta negu lehorrekin topo egin du, eta gainera, zuhaitzak ahulduz joan diren neurrian intsektu eta beste onddo batzuen erasoak ere jasan dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia