}

Zooak: animali biltegi?

1990/10/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko hiri handi gehienetan, eta txiki askotan ere bai, parke zoologikoak daude. Hiri batzuetakoak gainera, oso famatuak dira duten egituragatik edota biltzen dituzten animalia exotikoen sorta oparoarengatik.
Abozeta ( Recuvirostra avosseta ) gure ingurune hezeen bisitaria da bere urteroko udazkeneko eta udaberriko migrazioetan. Umaldia Asia eta Europa zentralean pasatzen dute eta negua Afrikako rift valley-tan. Lokatzetan bizi diren animalia txikiak jaten dituzte eta beren moko luzeak, 9 cm-koa, oso lagungarri zaizkie lan horretan. Stutgarteko zooa. (Argazkia: I.X.I.).

Munduko hiri handi gehienetan, eta txiki askotan ere bai, parke zoologikoak daude. Hiri batzuetakoak gainera, oso famatuak dira duten egituragatik edota biltzen dituzten animalia exotikoen sorta oparoarengatik. Turista-saldo handiak pilatzen dira zoo horien ateetan, lehoiaren ahotzarra edo tximinoen akrobazia eroak ikusi asmoz. Umeek bereziki ondo pasatzen dute horrelakoetan.

Gu ez gara jadanik ume, baina hiri berri batera joaten garenean zooa bisitatzeko aukerarik ez dugu galtzen. Makinatxo bat ikusi ditugu eta guztiek zerbait berezia badute ere bi dira bereziki inpresionatu gaituztenak: Chicagokoa eta Stutgardekoa. Lehenengoa, izugarria da tamainaz, iparrameriketako gauza askoren kutsu nabarmen bera duelarik, eta animaliak etxean bezala daude. Stutgardekoa txikiagoa da baina liluragarria, aldi berean zooko eraikin eta egitura desberdinek paisaiarekin lortu duten integrazio-maila handiagatik: parke arrunt batean zaudela dirudi.

Orkari (Orcinus orca ) balea, hiltzaile esaten zaio hizkuntza askotan. Hala ere, fama txarreko itsas ugaztun hau delfinario askotako izar distiratsua da. Delfinidorik (hots, izurdearen familiako espezierik) handiena da eta 9,5 m-ko luzera izan dezake. Munduko itsaso guztiak korritzen ditu jateko behar dituen arrain eta zefalopodoen ehizan. Berrogeitamarren bat aleko taldetan bizi da eta oso animalia soziala da. Izurde guztiak bezala animalia azkarra da eta erraz ikasten ditu irakatsitako trikimailu eta lanak. (Argazkia: X. Goñi).

Zooek dena dela, eztabaida ugari sortu dute. Batzuentzat, animali gartzelak besterik ez dira. Animaliak kaiolatan sartzen dira, espazio txikian eta jatorrizko baldintzekin zerikusirik ez duten baldintzapean, esaten dute askok. Animaliak ingurugiro arrotz eta estresortzaile horretan erotu eta hil egiten dira. Etengabe kanpaia jotzen ari den tximinoaren adibidea edota metro karratu gutxitan atsedenik hartzeke jira-biraka dabilen hartzarena behin baino gehiagotan aipatu dira. Garai batean ez zitzaien hori esaten zutenei arrazoirik falta, zooak animali biltegi bait ziren maiz.

Hala eta guztiz ere, egun, beste filosofia bat dago zoooko arduradunen artean: gordelekuaren ingurugiroa animalien jatorrizko baldintzetara ahalik eta gehien hurbiltzea, alegia. Bide horretik ahalegin handiak egiten ari dira eta zooak bisitatzean nabarmenak dira bertan azken urteotan eginiko berrikuntz lanak.

Papagaio edo loritoak; Psittacidae familiako hegazti ikusgarriak dira. Afrika, Asia, Ozeania eta Ameriketako oihanetan bizi dira batez ere eta batzuek giza hizkuntza imitatzeko gaitasun handia dute. Arrazoi horrexegatik eta duten lumaia izugarri ederragatik ehiztariek harrapatu egiten dituzte eta beren merkatua oso emankorra da. Ondorioz zenbait papagaio-espezie arrisku larrian dago. Chicagoko zooa.
I.X.I.

Gainera, zooek badute beste funtzio garrantzitsu bat ere: naturan galbidean dauden espezieen gordeleku eta ugalketa-leku izatea. Hegoameriketako zenbait tximino-espezieren ale gehiago dago mundu osoko zooetan barreiaturik jatorrizko oihan tropikaletan baino. Zoo desberdinen arteko elkarlanari esker espezie horiek zooetan ugaldu egiten dira eta gero jatorrizko eskualdetara itzultzen dituzte. Horrelaxe egin da Orixarekin esaterako.

Zooen problematikaren inguruan bada azpimarratu beharreko beste puntu bat. Eskuarki, zooak animalia exotikoen (paraje urrunetatik ekarritakoen) erakustoki bezala kontsideratzen dira. Ikuspegi hau kamuts gelditzen da gure aburuz eta zooetako arduradunek zooak dauden tokiko faunari jaramon handiagoa egin beharko lioketela uste dugu. Zooek hezkuntz lan izugarria egin dezakete naturaren babes-joeren alde herritarrei bertako natura nolakoa den erakutsiz.

Zapelatz listorjalea ( Pernis apivorus ) gure basoetan umatzen duen hegazti harrapakaria da. Eurasia osoan barreiatutako espeziea da eta Mediterranio eta Eskandinavia artean umatzen badu ere, neguak Afrika tropikalean igarotzen ditu. Gure artean ez da oso ugaria eta ale-kopururik handiena irailean ikusten da hegoalderako bidean daudenean. Gure herriko baso irekitan umatzen du, gure artean oso ugaria ez bada ere. Zapelatz honen ezaugarririk nabarmenena dieta da: liztor eta erleak jaten bait ditu nagusiki. Hala ere, beste intsektuei eta ugaztun txikiei ez die ukorik egiten. Eskuarki ez du jatena hegan harrapatzen, lur gainean ibiliz ordea. Lurrean eginiko liztor-habiak bilatzen ditu eta aurkitutakoan atzaparrekin ondeatu eta agerian gelditutako larbak jaten ditu. Liztor eta erleen eztenkadei aurre egiteko, moko eta begien inguruko zona luma txikiz osatutako lumaia trinkoz babesturik dauka. Bestetik, itxuraz zapelatz arruntaren oso antzekoa da eta batzuetan biak nahastea ez da harritzekoa. Dena dela, liztorjaleak itxura estilizatuagoa du. Igeldoko arrano-etxea. (Argazkia: I.X.I).

Naturaren aldeko borroka ez dela baleen edo oihan tropikalen aldeko borroka soilik eta etxe aldameneko putzuan bizi den igelaren aldekoa ere badela erakutsiz, alegia. Tamalez, jendeak hobeto ezagutzen ditu maiz Afrikako lehoiaren xehetasunak gure mendietako katajinetarenak baino. Horrexegatik, bertako fauna eta animaliak nolakoak diren, zein itxura duten, nola bizi diren etab. erakutsiz lan garrantzitsua egin dezakete zooek.

Bukatzeko, galdera bat egin gura dugu: Euskal Herrian parke zoologiko bat noizko?

Flamenko izenpean Phoenicopteridae familiako lau hegazti-espezie biltzen dira. 90-150 cm-ko altuera dute eta kolorea zuria eta arrosa bitartekoa. Flamenkoak hegazti gregarioak dira eta ehundaka alez osatutako taldetan biltzen dira. Sakonera gutxiko uretan ibiltzen dira eta moko bereziaren bidez uretan dauden materia organiko eta animalia txikiak jaten dituzte. Pariseko zooa.
I.X.I.
Jirafa ( Giraffa camelopardalis ) ugaztunik altuena da eta 5,5 m-ko altuera izan dezake. Itxura nahikoa barregarria du bere lepo luzea dela kausa. Lepoa itxuragabe luzea izanik ere, beste ugaztunen kasuan legez zazpi orno bakarrik ditu; tamaina handikoak hori bai. Jirafa Afrikako sabanan bizi da taldetan. Arkazi-hostoez elikatzen da batez ere. Bere etsai bakarra, gizakiaz gain, lehoia da eta ihes egiten du defentsa moduan, nahikoa azkarra delako. 48 km/h-ko abiaduraz egin dezake korrika. 15en bat hilabeteko umaldiaren ondoren ume bakarrez erditzen da. Pariseko zooan eginiko argazki honetan, hondoko paretean Afrikako sabana pintatu egin dutela ikusten da. (Argazkia: I.X.I.).
Hartz zuria ( Ursus maritimus ) zooek zenbait animaliengan sortutako estresaren adibide ezin hobetzat jartzen da. Egia esan, Arktikoko izotzezko lautada mugagabeak atsedenik hartzeke korritzen dituen animalia honentzat kaiola baten muga estuek itogarriak izan behar dute. Beraz zooetan, amaierarik gabeko ibilaldian ikustea ez da harrigarria. Hartz zuria ugaztun izugarria da: 720 kg pisatu eta 2,5 m neur ditzake. Arktikoko bankisan harrapatzen dituen fokez elikatzen da batez ere. Gantz-geruza lodi batez babesturik dagoenez, ur hotzei ez die beldurrik eta igerilari iaioa da. Bestetik, hartz zuriak gizakiaren presioa jasan behar du, trofeo bila dabiltzan ehiztariena batez ere. Eskimalek ere ehizatzen dute; hauek aldiz, bizirik irauteko behar dituzten lehengaien (zurda, larru, haragi eta koipea) lortzeko. Madrilgo zooa. (Argazkia: I.X.I.).
Errinozeroaren patua gaua bezain beltza da. Ekialdeko herri-medikuntzaren arabera errinozero-adarraren hautsak ezaugarri miresgarriak ditu eta eritasun asko sendatzeko balio omen du. Horrexegatik, animalia izugarri honen ehiza furtiboak desagertutako espezieen linbora bidal dezake mendea bukatu aurretik. Babes-neurriak, zorrotzenak ere, huts egiten ari dira eta azken urteotan beldurgarri jaisten ari da errinozero-kopurua. Zooak izan daitezke beren azken babesleku. Madrilgo zooa.
I.X.I.
Nagiak munduko animaliarik alferrenak direla esan daiteke. Orduak pasatzen dituzte adarretatik zintzilik ia mugitu ere egin gabe eta higitzen hasten direnean kamera geldian dabiltzala dirudi. Animalia hauek armadilo eta inurrijaleekin batera Edenata ordena osatzen dute. Nagiek 60-70 cm neurtzen dute eta aurre aldeko hankak gibelaldekoak baino luzeagoak dituzte. Ugaztun gehienek zazpi orno dituzte lepoan, nagiek ordea bederatzi. Gainera, burua 270° bira dezakete. Gauez aritzen dira batez ere. Zuhaitzetatik ez dira normalean jaisten, lurrean oso baldarki dabiltzalako eta jaguarraren moduko harrapatzaileentzat harrapakin erraza direlako. Hostoz elikatzen dira. Chicagoko zooa.
I.X.I.
Pinguinoak, antarktidako pailazo dotoreak, zoo guztietan aurki daitezke eta oso ikusgarri gertatzen da beren joan-etorriei jarraitzea. Urputzu baten inguruan sardina nahikoa izanik pozik bizi direla dirudi. Madisongo zooa.
I.X.I.
Tapirra Malaysia eta Hegoameriketako basoetan bizi den ugaztuna da. Gorputz sendoa eta hanka motzak ditu. 2,5 m-ko luzera izan dezakete. Tapirrak baso itxi eta zingiratan bizi dira, uretatik urrun inoiz ez. Ameriketan jaguarra eta Malaysian tigrea dira bere etsai bakarrak gizakiaz at. Argazkia Chicagoko zooan egina dago, hala ere Amazonasetako oihan trinkoetan egina dagoela dirudi.
I.X.I.
Zooak ez dira animalia exotiko eta bitxiak soilik edukitzeko; Indiako Bufaloaren ( Bubalus bubalis ) moduko aziendak ere erakusgai egon daitezke. Animalia sendo hau Indian hezia izan zuten duela milaka urte eta egun munduko lurralde askotan lan-animalia moduan erabiltzen da. Adar izugarriak ditu eta puntatik puntara 1,8 m neur dezakete. (Argazkia: I.X.I.).
Igaraba ( Lutra lutra ) animalia dotorea da, igeritan ikustea besterik ez dago. Mustelido hau gure uretako erregea zen antzina baina, egun zoritxarrez gero eta urriagoa da. Ur-kalitatearen degradazioa eta giza presioa (bere larrua oso estimatua bait da) igaraba gure artetik desagerterazten ari dira. Kokaguneak oso urriak dira eta ezezagunak gainera. Badagoela esaten da baina, non ez: estatu-sekretua dirudi. Urritasun horren lekuko, Nafarroako gobernuak Britainia Haundikoarekin eginiko tratua: Nafarroako sai arreak Galeseko igaraben truke. Igaraba arrek 11 kg pisa dezakete. Larrua marroia eta oso ilaje fina dituzte. Igaraba gau animalia da eta bakartia gainera. Ur-hegitan bizi da eta arrainak bere elikagai nagusiak badira ere, anfibioak, ur-hegaztiak eta ornogabeak ere jaten dituzte. Londreseko zooa. Igaraba eta honen moduko animaliak toki berezia mereziko lukete Euskal Herrian egiteke dagoen zooan. (Argazkia: I.X.I.).
Arrain pulmonatuak Afrikako laku eta ur-putzutan bizi dira. Beren ezaugarririk nagusiena lehorrean zein uretan arnasa hartu ahal izatea da. Lehorraren konkistan katen maila garrantzitsu baten lekuko ebolutibo dira. Stutgarteko zooa.
I.X.I.
Hipopotamoaren ( Hippopotamus amphibius ) ahotzarrak edozer gauza irensteko gai dela dirudi. Dena den, ur-landareak besterik ez ditu jaten. Hipopotamoa talde handitan bizi da Afrikako ibai eta zingiretan. Igerilari trebea da baina lehorrean korrikalari azkarra da distantzia motzean. Pisu izugarria har dezake, 5 tona inguru alerik handienek. Afrikarrek hipopotamoaren okela oso gustokoa dute eta ehizaren presioa jasan behar du animalia honek. Hala ere, ez da arriskuan dagoen espeziea. (Argazkia: X. Goñi).
Tigrea! Tigrea! Ezin aipamen hau bukatu animalia ederrenetako bat eta aldi berean galtzeko arriskurik handienean dagoen bat aipatu gabe: tigre ( Leo tigris ) jauna alegia. Xanti Goñik eginiko argazki honetan dotoreki ari da jauzika Bengalako bere jatorritik urrun. Katu handi honek 2,2 m-ko luzera eta 390 kg-ko pisua izan ditzake. Oihan trinko eta zingiratan bizi da. Ugaztunez elikatzen da batez ere eta batzuetan tigre zahar edota elbarrituak gizakiaren ehizan ibiltzen dira, basa-animaliak baino harrapakin errazagoak bait gara. (Argazkia: X. Goñi).
Orix generoa hiru espeziek osatzen dute: arabiako orixa ( Oryx leucoryx ), orix zimitar adarduna ( Oryx dammah ) eta gemsbok orixa ( Oryx gazella ). Orixa eskualde erdibasamortutarretan bizi dira Afrika eta Ekialde Hurbilean. Giza presio izugarria jasan dute eta Iparrafrikako orix zuria eta Arabiako orixa galzorian egon da. Zooetan hazitako orixei esker lortu da bi espezie hauek berriro beren jatorrizko eremuetara itzultzea. Irudian Pariseko zooko orix zuria. (Argazkia: I.X.I.).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia