}

Ziurtasuna edaterakoan

1998/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Urtean oso diru gutxi gastatuta, pertsona askoren bizitza salba daiteke”. Horixe da Nikolaos Nikolaidis irakasleak egin duen hausnarketa bere asmakizuna ezagutzera eman orduko.

Munduko toki askotan edaten den ura, artsenikoz pozoindua egon ohi da eta honek osasun-arazo larriak sortzen ditu. Egoera hau areagotu egiten da Bangladesh eta Bengal moduko eskualdeetan. Ura ziurtasunarekin edateko, gehienez, 10 mikrogramo artseniko eduki behar ditu eta aipaturiko lekuetan 300 eta 4.000 mikrogramo arteko balioak neurtu izan dira. Hau gutxi ez eta, bertako tenperatura altuen eraginez, lanean ari den edozein pertsonak egunean 15-20 litro ere edan ditzakeela kontuan hartu behar da. Ondorioak larriak dira azaleko gaitzak, giltzurruneko eritasunak eta, gainera, heriotza goiztiarrak eragin baititzake.

Arazo honen aurrean Nikolaidis irakasleak, asmakizun xume, merke eta erabilgarria aurkeztu du. Harea eta burdin txirbilez eginiko iragazki praktiko bat hain zuzen. Iragazkia ur-iturriaren muturrean lotzen da; bario sulfatoaren aurrean burdin oxidasak erreakzionatu egiten du eta artsenikoa artsenopirita bihurtzen da. Produktu hau ez da uretan disolbatzen eta iragazkian prezipitatzen da, era horretara artsenikoa neurri handi batean uretatik ezabatuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia