Odol-banku gisa diharduten enpresa hauek, haurra jaio ondoren, zilbor-hestean eta plazentan gelditu den odola jasotzen dute xiringaz, laborategian odol-zelulak eta zelula amak iragazten dituzte eta nitrogeno likidotan gordetzen dituzte.

Zilbor-hesteko odola dagoeneko erabili izan da gaixotasun genetikoen eta odoleko minbizi berezi batzuen aurka. Etorkizunera begira, zientzialariek hezur-muineko transplanteetan lagun dezakeela uste dute. Baina zilbor-hesteko odola gordetzeaz arduratzen diren enpresen esanean, gordetako zelulak leuzemia eta dementzia sendatzeko gai dira eta etorkizunean beste gaixotasun askoren tratamenduan ere erabili ahal izango dira.
Ikerketa berrien arabera, ordea, zilbor-hesteko odol-zelulek oso nekez sortzen dituzte burmuineko zelulak, eta, ondorioz, metodo hau ez da erabilgarria burmuineko zelulak hondatzen dituzten gaixotasunen aurka, Parkinsonen eta Alzheimerren gaixotasunak kasu. Hori dela eta, zientzialariek etorkizunean erabilera gehiago aurkitzeko itxaropena duten arren, nahiago dute baikorregi ez agertu.
Nagore Rementeria Argote
Elhuyar Zientzia
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera. Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da, ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.







