Zika birusak mikrozefalia eragiten duela baieztatu dute

Zika birusaren eta mikrozefalia zein beste gaixotasun neurologiko batzuen arteko lotura frogatutzat eman du Estatu Batuetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak (CDC).

CDC/Jabetza publikoa


Lehendik zuten susmoa baieztatu du CDCk egindako ikerketak. Ikerketa horretan, orain arte bildutako datu guztiak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute kausa-efektu erlazioa dagoela amaren infekzioaren eta jaioberrien asaldura neurologikoen artean. New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

CDCk ohartarazi du Zika birusak garunean eta garapenean eragin ditzakeen asalduren “izebergaren tontorra” dela mikrozefalia. Horrenbestez, haurdun dauden emakumeen prebentzio-neurriak are gehiago zorroztea gomendatu du. Hala ere, aipatu dute infektatutako haurdun guztiek ez dutela zertan ume gaixoak izan behar.

Bestalde, kausa-efektua dagoela esan badute ere, ez dute zehaztu nola eragiten dituen birusak asaldura horiek fetuen garunean. Hori argitzeko gehiago ikertu behar dela onartu dute.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali