Zientziaz galdezka, iritzi eske
2005/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Interesatzen zaie zientzia europarrei? Baietz dirudi, galdetutakoen % 78k adierazten baitu zientzia eta teknologia interesatzen zaizkiola. Hori bai, galdeketa guztietan bezala, kontuan izan behar da jendeak erantzun 'egokia' emateko joera duela, berez pentsatzen duena aitortu ordez.
Hori horrela izanagatik, 'Europarrak, zientzia eta teknologia' txostenean garbi geratu da zientzia-gaietatik zein diren interes handiena sortzen dutenak: hurbilen sentitzen direnak eta komunikabideek gehien aipatzen dituztenak; hau da, ingurumena eta
medikuntza. Hala, poluzioak pizten du interes handiena (% 87 oso edo nahiko interesatuta dago gai horretan), eta ondoren datoz aurkikuntza medikoak (% 83), asmakizun eta teknologia berriak nahiz aurkikuntza zientifikoak (% 78); atzean gelditzen dira kirol-albisteak (% 68) eta politika (% 71).
1995ean ere egin zuen galdeketa Eurobarometrok, orduan Batasuna osatzen zuten 12 herrialdeetan bakarrik, eta, orduko emaitzekin alderatuta, ikusten da nabarmen epeldu dela zientzia eta teknologiaren gaineko
interesa. Izan ere, orduan, poluzioan oso interesatuta zeudela erantzun zuen % 56k; orain, berriz, % 38k besterik ez. Joera bera sumatzen da gainerako gaietan ere: jendeak nahiago du erantzun nahiko interesatuta dagoela oso interesatuta dagoela baino.
Hala ere, herrialdearen, generoaren edo ikasketa-mailaren arabera, erantzunak aldatu egiten dira. Adibidez, Zipren % 56k du interes handia asmakizun eta teknologia berrietan; aldiz, Lituanian eta Errumanian % 15ek besterik ez. Bestetik, gizonekoen % 40k du interes handia, eta emakumezkoen artean, berriz, horren erdiak. Azkenik, zenbat eta ikasketa-maila altuagoa eduki eta gorago egon gizarte-mailan, orduan eta interes handiagoa adierazten dute zientzian.
Zergatik ez zaizu interesatzen zientzia?
Galdera ona egin dute inkestagileek: asmakizun eta teknologia berrietan zein aurkikuntza zientifikoetan batere interesik ez zutela erantzun dutenei, zergatik ez zaien interesatzen galdetu diete. Eta erantzuna argigarria da. Ez omen dute ulertzen; hori da arrazoia zientzia ez zaiela interesatzen aitortu dutenen % 32rentzat.
Baina ia beste horrenbestek erantzun dute ez zaiela gaia axola, eta % 16k, berriz, uste du ez duela zientzia eta teknologiaren beharrik; horregatik ez zaio interesatzen. Aipatzekoa da ulertzen ez dutenak adinekoak eta ikasketarik gabeko pertsonak direla gehienbat. Axolagabekeria azaldu dutenak, aldiz, gaztetxoak eta ikasleak dira.
Informazioa izan liteke interesik ezari aurka egiteko erremedioetako bat. Eta horretaz ere galdetu dute inkesta honetan. Hain juxtu, galdetu diete beren ustez zenbateko informazioa duten gai hauei buruz: kirola, politika, poluzioa, aurkikuntza medikoak, asmakizun eta teknologia berriak eta aurkikuntza zientifikoak.
Erantzunen arabera, argi dago ustez jasotzen duten informazioa ezin dela parekatu duten interesarekin. Izan ere, % 28k eta % 20k erantzun dute informazio asko dutela kirolaz eta politikaz, baina horietatik erdiek bakarrik uste dute gauza bera lehen aipatutako zientzia-gaiez.
Baina, arduratzen ote dira informatuta egoteaz? Galdeketaren emaitzei begiratuta, ez dirudi jendeak ahalegin handia egiten duenik zientzia-gaietan ondo informatuta egoteko. Egunkarietan, interneten edo aldizkarietan argitaratzen diren zientzia-berriak irakurtzeko ohitura du % 19k, eta horien erdiek horretaz hitz egiten dute lagunekin, baina, beste muturrean, ia inoiz ez dira joaten zientziaren inguruko hitzaldietara edo biltzarretara.
Eta museoetara, liburutegietara edo halakoetara, joaten ote dira europarrak? Ez, % 44 ez da sekula horietara joaten, are gutxiago zientzia-museoetara edo teknologia-zentroetara.
Erantzunak herrialdeka begiratuz gero, Suedia, Norvegia, Islandia, Suitza eta Luxenburgo nabarmentzen dira, hango biztanleen hirutik bat edo lautik bat joan baita azken urtean zientzia-museo edo teknologia-zentro batera. Portugalen, berriz, % 6 bakarrik joan da, eta Frantzian eta Espainian % 15 inguru --Euskal Herria ez dute bereizi herrialdeen artean--.
Joaten ez direnak zergatik ez diren joaten ere azaldu dute. Berriro ere, interesik ezaren arrazoi nagusiak ez ulertzea eta axolagabekeria dira. Aitzitik, joaten direnei interesgarriak iruditzen zaizkie, eta zientzia eta teknologia gustuko dutelako eta zerbait ikasi nahi dutelako joaten dira. Hori bai, hirutik bat umeei edo lagunei laguntzeko joaten da; beraz, benetako interesa dutelako baino gehiago joaten dira besteei mesede egitearren.
Zientzia, onerako ala txarrerako?
Beste galdera batzuen erantzunak aintzat hartuta, oro har, europarrek iritzi baikorra dute zientziari buruz eta uste dute onuragarria dela gizartearentzat. Hain zuzen, lautik hiruk baino gehiagok uste dute zientzian eta teknologian egingo diren aurrerapenek gaixotasunak sendatzen lagunduko dutela, bizimodua errazten dutela eta hurrengo belaunaldiei aukera berriak emango dizkietela. Alabaina, europarren erdiek bakarrik uste dute zientziak onura gehiago dakartzala kalteak baino.
Halaber, nahiko eszeptikoak dira zientziak eta teknologiak natur baliabideetan izan dezaketen eraginari dagokionez, laurdenak ere ez baitu uste baliabideak betiko iraungo dutenik aurrerapenei esker. Adibidez, turkiarrak, italiarrak eta islandiarrak dezente baikorragoak dira kontu honetan suediarrak, frantziarrak, txekiarrak eta finlandiarrak baino.
Bestalde, europar askoren iritziz (% 57), zientziak eta teknologiak dute ingurumen-arazo gehienen errua. Batez ere gazteenek, ikasleek eta langabezian daudenek uste dute hori. Beste galdera batean erantzuten dutenaren arabera, baina, europar gehienei iruditzen zaie zientziak eta teknologiak asko egin dezaketela ingurumena hobetzeko. Azken finean, ia denak (% 81) ados daude honekin: aurkikuntza bat ez da, berez, ez txarra ez ona, nola erabiltzen den da gakoa.
Ekonomiari begira, hirutik bik uste dute suspertu egiten dela zientzian eta teknologian inbertituz gero; horrekin batera, ordea, % 55ek uste du ordenagailuek eta automatizazioak lanpostuak galtzea eragiten dutela. Batez ere Alemanian eta Frantzian erantzun dute hori, eta ez da harritzekoa, kontuan izanda azkenaldian enpresa askotan aldaketak izan direla eta langabezia-tasa igo egin dela bi herrialde horietan.
Etika tartean denean
Zientziarekiko errezeloa nabarmena da zenbait gaitan, eta garbi azaltzen da 'Balio sozialak, zientzia eta teknologia' txostenean. Adibidez, % 65ek uste du bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak eragin onuragarria izango dutela bizimoduan hurrengo hogei urteetan. Baina aplikazioetako batzuen iritzia banan-banan eskatuta, jendea ez da hainbeste fidatzen zientziaz.
Esate baterako, % 60k ez du onartzen giza klonazioa, ezta gurasoetako batek gaixotasun genetiko bat badu ere. Abereak hiltzea saihesteko zeluletatik abiatuta haragia hazkuntza-medioetan sortzea ere onartezina da erdiarentzat baino gehiagorentzat. Bide beretik, % 37k ez du nahi genetikoki eraldatutako landareak erabiltzea nekazaritzan, ezta inguruan elikagai gehiago aukeran izateko ere. Eta ia beste horrenbesteri gaizki iruditzen zaio tratamendu genetikoak erabiltzea jendea ez dadin eror tabakismoan edo alkoholismoan.
Aldiz, beste zenbait gaitan ez diete hainbeste erreparo jartzen aurrerapen zientifiko eta teknologikoei. Adibidez, % 59 ados dago guztion datu genetikoak gordetzearekin, horrek gaizkileak erraz harrapatzeko balio badu (ados daudenen erdiek eskatzen dute, hori bai, ondo kontrolatuta egon daitezela datuak).
Bukatzeko, asmatu zer erantzun dion jendeak honi: "Zer iruditzen zaizu tratamendu genetiko bat garatzea bizia 25 urtez luzatzeko?" Bada, % 12 bakarrik dago erabat ados horrekin; % 26k ondo ikusten du, baina ondo araututa eta kontrolpean egiten bada; % 14k egoera berezi batean bakarrik onartuko luke, eta % 42rentzat onartezina da. Interesgarria, ez da ala?