}

Zientziaren sorrera grezian. Aro helenikoa

1986/12/01 Bandres Unanue, Luis Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alexandro Haundiaren heriotzaren ondoan, bere imperioa sakabanatu egin zen. Sakabanaketa honek sortutako estatu grekoen artean gure helburutarako garrantzirik handiena duena, Egypto, helenizatuta daukagu; berak eraiki bait zuen Alexandria izeneko hiri ikaragarri hura.
Alexandro Haundiaren burua, txanpon batean.

Alexandro Haundiarekin batera, zibilizazioaren beste aro berri batean sartzen garela esan daiteke. Bere aurretik kultura grekoa Mediterranioan zabalduta zegoen, baina berak kultura hau Ekialderantz eramateaz gain Babilonia, Egypto eta Europaren arteko erlazioak areagotu egin zituen. Bide batez, berekin zihoazen zientzialariek geografia eta natur zientziari buruzko datuak bilduz eta pilatuz joan ziren.

Honela hasi ziren aro helenikoaren hiru mende haiek, hots, Alexandroren heriotzatik (K.a. 323. urtean) Augustok erromatar inperioari hasiera eman zion arte (K.a. 31. urtean) hain zuzen ere. Mende hauetan zehar kultura grekoa bere lurraldean bertan gailurreraino iritsi ondoren, beste herrialdetara zabaldu zen, ezagutzen zen mudu guztian nagusi izan arte. Berarekin batera hizkuntza grekoa kultur tresna bezala Italiatik Indoraino hedatu zen eta Erromako nahiz Asiako goimailakoek filosofia eta bizimodu grekoa bereganatu egin zuten.

Alexandro Haundiaren heriotzaren ondoan, bere imperioa sakabanatu egin zen. Sakabanaketa honek sortutako estatu grekoen artean gure helburutarako garrantzirik handiena duena, Egypto, helenizatuta daukagu; berak eraiki bait zuen Alexandria izeneko hiri ikaragarri hura. Egypto, Ptolomeo izeneko dinastiaren agintaritzapean gelditu zen eta dinastia honek iraundako hiru mendeetan zehar eraman zuen Egyptoren lema. Ptolomeotarren ezaugarririk nabariena beren kulturarekiko zaletasun eta grina da: Beraiek eraiki zituzten Alexandriako Museoa (edo Musei eskainitako tokia) eta Liburutegia, hiri hau munduko zientziaren eta kulturaren hiriburu bihurtuz.

Naturari buruzko ezagumendu berriek, pentsakera zientifikoagoa sortu zuten. Garai hartako giroa gaurkoarekin alderatuz, nahikoa antzerakoa zen, nahiz eta gaur makinak dauden tokietan orduan mirabeak izan. Baina, nolabaiteko espezializazioari hasiera eman zitzaiola esan dezakegu. Sistema filosofiko orokorrak eta lan entziklopedikoak alde batera utziz, arazo berezi eta konkretu batzuk besteetatik bereiztu eta mugatu ondoren ikertu ziren. Honek ezagumendu naturalei aurrerakuntza ikaragarria eman zien.

Aro helenikoak bi azpiaro izan zituen: lehenengoan, eremu politiko nahiz filosofiko edo zientifikoen ezagumenduen zabalpena eta sakontasuna egin zen; bigarrenean, aldiz, sorketarako kemena agorturik, ekialdeko erreakzioa gertatu zen. Greko-mazedoniar mundua erreakzio honek eta Erromak harrapatu zuten tartean. Azkenean, Erromak estatu-sistema helenikoa hankaz gora bota ondoren, kultura grekoaren ardura eta lema hartu zuen.

Kultura helenistikoan, elementu grekoa zen nagusi. Hala ere, beste zenbait elementu ere bazegoen. Babiloniako astrologia, grekerazko itzulpenen bitartez zabaldu zen eta berarekin batera Kaldeako astrologiaren ameskeriak ere bai. Honen arabera, zeruan higitzen diren gorputzek (makrokosmoek) gizakien eginkizunak eta geroa (mikrokosmoa) gidatzen dituzte. Hortik "Halabeharraren" konptzetua sortu zen eta astroei gurtzeko joera ere bai.

Astrologia eta magia gizaki guztiengan ezarri zen bitartean, filosofia eta zientzia bakar batzurentzako gelditu zen. Garai hartako eskola filosofiko garrantzitsuena estoizismoa dugu. Txipreko Zenon K.a. 317. urte inguruan hasi zen erakusten geroago Erromako filosofia nagusi bihurtuko zena. Nahiz eta teori mailan estoizismoak bere logika nahiz etikaren oinarri fisika hartu, berez zientzia fisikoarekin harreman txikia izan zuen. Agian eskola honen emaitzarik handiena moralitateari ematen zion garrantzia eta balioa izango da.

Alexandro Handiaren inperioa.

Zientziaren historian honek baino garrantzi handiago Epikuroren sistemak dauka, zeren nahiz eta sistema filosofikoa izan, Demokritoren atomismoan oinarritzen bait zen eta horrela sistema atomistikoa bizirik gorde zuen Lukrezio etorri arte. Azkeneko honek bere Poeman sartu zuen sistema hau, eta betirako gordeleku segurua eman zion.

Samos-eko Epikuro, K.a. 342. urtean jaio eta 270.ean hil zen Atenasen. Platon eta Aristotelesen filosofia idealistaren aurkako erreakzio baten buru izan zen. Erreakzio honek gorputzaren eta adimenaren arteko nolabaiteko dualismoa suposatzen zuen. Epikuroren eritziz, existitzen den guztiak gorputza dauka, nahiz eta gauza batzuk hain txiki izan (atomoak, adibidez), non gure zentzuak ez bait dira gai zuzenki aditzeko. Jainkoak ere badaude, baina hauek ere Naturaren emaitzak dira eta ez bere sortzaileak; guztiz lasai eta zoriontsu bizi dira eta gurtzerakoan inongo itxaropenik edo beldurrik ez dugu izan behar.

Errealitatearen froga bakarra sentipena da; ideiak imajinak baino ez dira. Natura atomoz eta hutsaz dago osaturik. Eta gure mundua, bukatzen ez den denboran eta mugarik ez duen espazioan atomoen arteko konbinaketa guztien artean txiripaz sortutakoa baino ez da.

Gizakia ez dago ez jainkoen gidaritzapean eta ez halabeharraren loturapean; berak uste bezain libre da eta kanpoko eraginetatik aska daiteke jainko bezala bizi izateko. Honela, bihotzaren lasaitasunaz zorion sakona izan dezake. Epikurok, teoria atomistiko eta zentzazionalismoaz baliatuz sistema optimista eraiki zuen.

Geometria

Aristotelesek arrazonamendu deduktiboari induktiboari baino garrantzi handiagoa, eman bazion, bere garaian adimen grekoaren arrakastarik handiena geometria deduktiboak zuelako da eta ez beste ezergatik.

Geometria izenak berak dioenez, agrimentsuraren beharretik sortu zen; premia hau inon baino gehiago Egypton zegoen, zeren Niloren aldizkako uholdeek soroetako mugak ezabatzen bait zituzten. Horregatik, Egypto zen nagusi arlo honetan. Tradizioak dioenez, Miletoko Talesi (filosofo joniko zaharrenari alegia) Egyptora ikustaldi bat egitera joan ondoren agrimentsuraren erregela enpirikoetan oinarriturik espazio eta itxuraren zientzia ideial baten ideia bururatu zitzaion.

Geroago, Pitagorasek eta bere ikasleek teorema berriekin eta ezagutzen zirenen ordenaketa logikoarekin, aurrerapen handia eman zioten Zientziaren arlo honi. K.a. 320. urte inguruan, Rodaseko Eudemok geometriaren historia idatzi zuen. Lan honetako puska batzuk baino ez dira gureganaino heldu. Hala ere, geometria eraikitzearen prozesua nola izan zen jakin daiteke.

Leku berezia merezi du Alexandriako Euklidesek. Honek K.a. 300. urte inguruan eta orduko geometriari buruzko ezagumendu eta lorpen guztiak bildu ondoren guztiz nabari ziren espazioari buruzko axioma bakar batzuetan funtsatuta arrazonamendu logikoaren bitartez matematikaren eta geometriaren gainontzekoa deduzitu zuen, gorputz koherente eta osoa lortuz. Geometria hau, gaur egun estudiatzen da, eta geometria ez-euklidearrak onartzen badira ere, eguneroko arazoetan bera da nagusi. Geometria grekoa, zientzia esperimental modernoekin batera, giza adimenaren lorpenik handienetako bezala kontsideratu behar dugu.

Mekanika

Epikuro.

Hidrostatikaren eta mekanikaren hastapenak, filosofoen lanetan baino gehiago arte praktikotan bilatu behar dira, baina arte praktikoen bitartez lortutako geometriari esker ikasitako metodo deduktiboz ikertuta zientziaren adar honi hasiera eman zitzaiola esan daiteke. Dakigunaren arabera, hori egin zuen lehena Sirakusako Arkimedes izan zen. Hau K.a. 287 eta 212. urteen bitartean bizi zen. Bere lan ikaragarrian, matematika eta ikerketa esperimentala uztartu zituen: konbinaketa honetan problema definitu, zehatz eta mugatuak estudiatzen dira; hipotesi batzuk plazaratu ondoren,beren ondorio logikoak ateratzen dira gero errealitatearekin ados datozen ala ez ikusi eta egiaztatuz.

Arkimedesek gorputzen dentsitate erlatiboaren kontzeptua guztiz argi plazaratu zuen eta bere izena daraman printzipioa ere eman zuen. Diotenez Hieron erregeak bere koroa egiteko enkargua eman zuenean, urre-kopuru bat utzi zuen, baina susmotan zegoen emandako urre guztia koroegileek erabili ote zuten ala ez. Orduan Arkimedesi hau egiaztatzeko eskatu zion. Arkimedesek, bainuan zegoenean, bere printzpioaren intuizioa izan zuen, baina intuizio hori egia ote zen jakiteko, fluidoaren oinarrizko kontzeptuan oinarrituta matematikoki atera eta demostratu zuen.

Bi mila urte lehenago ezagutzen zen palankaz arduratu zen Arkimedes eta berari buruz teoria bat ere eraiki zuen. Arkimedesek teoria hau garatzeko, guztiz nabari ziren axioma batzuk erabili behar izan zituen, edo esperimentu sinple batzuk egiazta zitzaketen proposamen batzuk.

Arkimedesen ardurarik handiena, geometria hutsa zen. Haren ustez bere lorpenik gorenena zilindro baten bolumenaren eta inskribatzen den esferaren arteko erlazioaren aurkikuntza izan zen. Hau lortzeko, zirkunferentziaren luzera neurtu behar zuen. Horretarako, zirkunferentzia inskribatzen eta zirkunskribatzen diren poligonoak erabili zituen. Poligono hauen alde-kopurua handiagotuz, azkenik ia zirkunferentzia izatera heltzen dira.

Honela, zirkunferentziaren eta bere diametroaren arteko erlazioa 3 10/71 baino handiago eta 3 1/7 baino txikiagoa zela demostratu zuen (esan beharrik ez dago hau þ zenbakia dela). Baina bere izenari ospe eta fama eman dioten beste zenbait mekanismori (polea konposatuari, torlojo hidraulikoari eta abarri) berak ez zion garrantzirik ematen.

Arkimedes ez zen biltzaile horietakoa. Bere idazkietan, berak lortutako aurkikuntzak eman zizkigun gehienbat. Eta aintzinako munduak eman duen zintzigizonik bikainena dugula esan behar dugu.

Astronomia

K.a. IV. mendean, aurkikuntza geografikoak handiak izan ziren. Hannon-ek Herkulesen zutabeak gainditu zituen eta Afrikako mendebaldeko kostatik jaitsi zen. Piteas, Britainia Haundia inguratuz itsaso polarretarantz joan zen eta horrez gain Ilargiaren faseak mareekin erlazionatu zituen. Lurra esferikoa zela susmatu zuten eta bere benetako bolumenari buruzko ideia bat edo beste bazegoen. Aurrerapen hauek ez zetozen bat Filolaok asmatutako kontralurraren edo su zentralaren ideiekin, eta astronomia pitagorikoaren parte hauek pikotara joan ziren.

Piteas-ek ilargiaren faseak mareekin erlazionatu zituen lehenengo aldiz.

Hala ere, Ekfantok, (azken pitagorikoetako bat) latitudearen arabera egunaren eta gauaren iraupenaren arteko erlazioa adierazteko teoria sinple bat eraiki zuen. Honen arabera, Lurra espazioaren zentruan bere ardatzarekiko jira-biraka zebilen. Beste horrenbeste esango zuen Pontoko Heraklidesek, K.a. 350. urte inguruan. Honen ustez Eguzkia eta planeta handiak Lurraren inguruan biraka ari dira, baina Merkurio eta Artizarra Eguzkiaren inguruan dabiltza biraka.

Samoseko Aristarko K.a. 310. eta 230. urteen bitartean bizi zen. Beraz Arkimedesen garaikide da, eta eskuratu ahal izan den bere lanean ("Eguzkiaren eta Ilargiaren distantziei buruzkoa") izenak dioen problemak ebazteko geometria oso egokia erabili zuen. Horretarako, Ilargiaren eklipsea dagoenean agertzen diren fenomenoak aztertu zituen eta gero fenomeno hauek Ilargia bere osotasunaren erdian dagoenekoekin alderatuz, Eguzkiaren eta Lurraren diametroen arteko erlazioak 19/3 baino handiagoa eta 43/6 baino txikiagoa izan behar zuela ondorioztatu zuen (hau da, 7/1ekoa gutxi gorabehera). Aurkitutako erlazio hau, egiazkoa baino askoz ere txikiagoa da. Hala ere, ikerketarako oinarri ona da eta Eguzkiaren nahiz Lurraren diametroaz hitz egitea eta Eguzkia Lurra baino handiagoa dela onartzea, oso urrats handia zen bere garaian, noski.

Arkimedesek dioenez, Aristarkoren beste hipotesi bat hau da: "izar finkoak eta Eguzkiak geldirik dauden bitartean, Lurra Eguzkiaren inguruan zirkunferentzia osatuz biratzen da eta Eguzkia zirkunferentzia horren zentruan egongo litzateke". Plutarkok ere teoria hau Aristarkori dagokiola dio. Aristarkok izar finkoen gelditasuna adierazteko, beren distantziek Lurraren orbitarena baino askoz ere handiagoak izan behar zutela suposatu zuen.

Aristarkoren egitura heliozentriko hau, aurrerakoiegia zen bere garaian. Horregatik nahiz eta filosofo batek edo bestek onartu, gehienek arbuiatu egiten zuten. Batzuen eritziz Lurra Unibertsoaren erdi-erdian zegoen bitartean, besteek hondorik gabeko masa solido finko eta egonkorra, hots, zentzuek aditzen duten bezalakoa zela pentsatzen zuten. "Zentzu komunak" alde batetik eta "filosofo gehienen ahotsak" bestetik, teoria geozentrikoaren nagusitasuna suposatu zuten.

Dakigunez, K.a. 370. urte inguruan Znidoseko Eudoxok Eguzkiaren, Ilargiaren eta planeten itxurazko higidurak, zentruan Lurra egonik, beirazko esferetan garraiatuta adierazi zituen. Teoria honetan oinarrituta, ondorengo astronomoek teoria geozentrikoa eraiki ahal izan zuten. K.a. 130. urtean Hiparkok itxura eman zion, geroago Alexandriako Ptolomeok K.o. 150. urte inguruan bere gailurreraino eramango zuen eta XVI. menderarte finko jarraituko zuen teoria geozentriko honek.

Hiparkok, Bitiniako Nizean jaio bazen ere, lehenengo Rodasen eta gero Alexandrian lan egin zuen. Bere idazkien puskak baino ez izan arren, Ptolomeok bere lan osoaren berri utzi zigun. Hiparkok, Babiloniako eta antzinako Greziako ezagumendu asko erabili zuen; astronomiako makina bat tresna asmatu eta beren bitartez nahiko behaketa zehatzak egin ahal izan zituen.

Besteak beste, Ilargirainoko distantzia Lurraren diametroa baino 33 2/3 aldiz handiagoa zela kalkulatu zuen (berez 30,2 da) eta bere diametroa Lurraren herena zela (berez 0,27 da). Trigonometria launaren nahiz esferikoaren asmatzailea dugu eta gure planetako edozein puntu bere latitude eta longitudearen bitartez nola finkatzen den erakutsi zuen.

Kosmogoniaren arloan Hiparkoren hutsik handiena berak onartzen zuen oinarria zen, hots, Lurra Unibertsoaren zentrua zela. Baina, hori alde batera utzirik, ikusten diren fenomenoen adierazpenetan izugarrizko arrakasta lortu zuen. Hiparkok zera esan zuen: Lurra zentrutzat harturik, Eguzkiaren, Ilargiaren eta planeten itxurazko higidurak adieraz zitezkeela, baldin eta hauetako bakoitza zirkunferentzia (epiziklo) batetik joaten bazen eta zirkunferentzia hori, bere osotasunean askoz erradio handiagoko beste zirkunferentzia batean higitzen bazen.

Behaketa zuzenen bitartez, ziklo eta epiziklo horien posizio eta tamainuak jakin zitezkeen: edozein momentutan Eguzkiaren, Ilargiaren eta planeten posizioak aldez aurretik jakin ahal izateko taulak eraiki ziren, eta zehaztasunez Eguzki- nahiz Ilargi-eklipseak ere aurresan ziren. Teoria honen ondorioak urtetan zehar erabiliak izan ziren eta nahiz eta gero astronomo bezala Ptolomeo Hiparko baino askoz ere ezagunagoa izan, aurrekoaren teoriaren nahiz ondorioen oinarria Hiparkori dagokio.

Aro honi bukaera emateko, berriro ere Alexandriako Eskolari begirada bat ematea zilegi iruditzen zait. Eskola honetan lau sail estudiatzen ziren: literatura, matematika, astronomia eta medikuntza. Sail hauetako bakoitza irakasteaz gain, gaurko ikerketa-institutu baten antzera funtzionatzen zuen eta garai hartako munduko liburutegirik handiena han zegoen (400.000 alekoa, alegia). Zoritxarrez gure aroko IV. mendean Teofilo kristau-apezpikuak liburutegiaren parte bat suntsitu egin zuen, eta gelditzen zenari mahomatarrek, Alexandria hartu ondoren, beste horrenbeste egin zioten. Galera hau kulturaren historian triskantzarik handienetakoa dela esan daiteke.

Artikulu honetan ikusitako zenbait zientzilariz gain (Euklides, Hiparko, etab.) eskola honetan beste gizon ospetsuak ere pasa ziren: Herofilo, Erasistrato eta Heron, adibidez. Zientziaren garapenean Eskola honen eragina apartekoa izan zen eta erromatarren aroraino iraun zuen, baina hau beste artikulu batean aztertuko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia