“Zientziaren eta boterearen artean beti egongo da deserosotasuna”
2014/03/01 Galarraga Aiestara, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ni hunkitu nauten pertsonak dira zerbait egin, eta, horren ondorioz, jazarriak, epaituak edo zigortuak izan direnak. Adibidez, Giordano Bruno. Aurreko egunean irakurri nuen epaileei idatzi zien poema moduko bat, eta han esaten zien “zeuek epaitzen nauzue, baina zuek zaudete txarto, ni trankil-trankil nago”. Eta haren aurretik izan zen Sokrates. Zer delitu egin zuen hark? Ikasleei pentsarazi egiten zien, eta, horregatik, gazteak galbidera eramatea leporatu zioten. Orduan, agian nik ere galbidera eramaten ditut neure ikasleak, nik ere horixe bilatzen baitut, ikasleek beren kabuz pentsa dezaten.
Gero Giordano Brunori gauza bera gertatu zitzaion. Epaitu eta sutara kondenatu bazuten ere, bera lasai zegoen, bazekielako zuzen zegoela. Eta Galileoren kasuan ere, berdin: defenditzen du ideia bat argumentuekin, eta orduan dator aginte dogmatikoa, eta hura ere kondenatu egiten dute.
Hori gertatzen da agintearekin, dogmatikoa dela, eta ez duela nahi jendeak pentsa dezan. Eta ni gidatu nauen printzipioa da: “ongi, hori horrela dela esaten dute, baina nik pentsatu egin behar dut”. Horretan, askotan sufritu egiten duzu, onartu behar duzulako gauzak ez direla hasieran uste zenuen bezalakoak. Adibidez, energia nuklearra ezagutu nuenean, etorkizuneko energia izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta gero pentsa zer aldaketa eman nuen.
Izan ere, alde batetik dago boterea, eta haren helburua da jendea kontrolatuta edukitzea, eta bestetik dago bilatzailearen lana, ikertzailearena edo pentsalariarena. Azken horrek zalantzan jartzen du botereak esaten duena, dogma, eta, noski, hori arriskutsua da. Eta hori lotuta dago zientzia eta gizartearen arteko erlazioarekin. Eta horrek kezkatzen nau, zientzia ez baita ez ona, ez txarra. Zientzia da jakin-mina, da ulertu nahia mundua nolakoa den. Baina eragina ez da aseptikoa, botereak erabil dezakeelako gauza baterako edo aurkakorako. Hori da problema. Zientzialaria bazara, egiaren bila zabiltza; baina gizartearen zati zarenez, jarrera bat hartu behar duzu, erabilera aukeratu behar duzu.
Egia esan, ni ez nago ezeren esperoan. Historia ikusita, konturatzen zara iraultza txikiak gertatzen direla, baina gizarteak poliki eboluzionatzen duela. Lehen aipatutako iraultzaileak galtzaile izan ziren, baina beraiek bazekiten arrazoia zutela. Galileok esan zuen “e pur si muove”! Eta gero historiak erakutsi du arrazoia zuela. Eta hori da eternoa. Hortaz, ez dugu ezer espero behar bizirik gauden bitartean. Behin hori onartuta, lasai bizi zara. Nire historia pertsonalean ere, euskararekin adibidez, horrela izan da beti: gaztetan esaten genuen “ezina ekinez egina”, eta denborak arrazoia eman digu. Eta zientziaren eta boterearen artean beti egongo da deserosotasun hori.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia