}

Zientziaren 2007ko uzta

2007/12/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urteroko kontua da: urtea hiltzera doanean, aurreko hilabeteetako gertakari garrantzitsuenen sailkapenak egiteko ohitura dago hainbat arlotan, baita zientzian ere. Time aldizkariak, esaterako, 50 zerrenda egiten ditu, eta horietako bostek dute zerikusia zientziarekin. Horrez gain, oso ezaguna da Science zientzia-aldizkari ospetsuak egiten duena ere.
Science -ren aurtengo zerrendaburua: giza genomaren sekuentziazioan egin diren azterketak.

Hala, Science -ren arabera, giza genomaren sekuentziazioan eta azterketan egin diren aurrerapenak dira nagusi aurten. Berez, 2003an jakinarazi zuten giza genoma osorik sekuentziatu zutela, baina horrekin ez zuten lana amaitu. Aitzitik, hasiera izan zela ere esan daiteke, abiapuntua.

Sekuentziazio-teknikak hobetu ahala, gizakiaren genoma beste espezieenarekin alderatzeko aukera egon da. Orain, pauso bat gehiago eman dute ikertzaileek, eta pertsonen arteko desberdintasunak ere aztertu dituzte. Hain zuzen ere, horri eman diote garrantzia Science aldizkarikoek. Haien esanean, kontzeptu berria da; duela gutxi arte, gizakiak eta txinpantzeak zuten antza nabarmentzen zuten ikertzaileek, eta orain pertsona bakoitzak dituen berezitasunei begiratzen diete. Horrek eragin handia du, besteak beste, norberak bere burua ikusteko moduan, pribatutasunean eta sendagileek gaixotasunei aurre egiteko moduan.

SNPetan dago gakoa. SNPak DNA osatzen duten baseetan dauden aldaketa ñimiñoak dira. 2007an egindako ikerketetan konturatu dira aldaketa horiek uste baino garrantzitsuagoak direla, eta frogatu dute zenbait kasutan gaixotasunekin erlazionatuta daudela, hala nola 2 motako diabetearekin.

Horrez gain, genomaren gaineko azken ikerketak lagungarriak izan dira beste gaixotasun batzuen gakoak hobeto ulertzeko; horien artean daude koloneko eta bularreko minbiziak, nahaste bipolarra, gaixotasun autoimmuneak, hipertentsioa, esklerosi anizkoitza eta artritis erreumatoidea.

Eta, belaunaldi gutxi batzuetako tartean, DNAren zati batzuk lekuz aldatu edo bikoiztu daitezkeela ere jakin dute, eta horrek jarduera genetikoan eragiten duela. Esaterako, ikusi dute almidoi askoko dieta duten gizarteetan, pertsonek almidoia digeritzeko geneen kopia gehiago dituztela gizarte ehiztari-biltzaileetan baino.

Zerrendan behera

Beraz, hori guztia kontuan hartuta, genomaren gaineko ikerketak jarri dituzte sailkapenaren lehen lekuan. Bigarrenean, berriz, zelulen birprogramazioa dago. Birprogramazioaren bidez, pertsona heldu baten zelula bat zelula amen antzekoa bihurtzen dute, eta, hala, gai da beste edozein zelula-mota bilakatzeko. Hortik, gaur egun sendaezinak diren gaixotasunentzako terapia berriak etor daitezke, eta, bide batez, enbrioien zelula amek dituzten arazo etikoak saihesten dira.

Izpi kosmikoen irudia
Pierre Auger Behatokia

Science-ren zerrendan, baina, dena ez dira geneak eta zelulak, bestelako gaiek ere badute tokia. Hirugarren lekuan, esaterako, Lurraren atmosferaren aurka jotzen duten izpi kosmikoak daude. Izpi kosmiko horiek Argentinako Pierre Auger behatokian aztertu dituzte, eta non sortzen diren ikusi dute.

Laugarren postuan, ordea, berriro gizakia eta haren funtzionamendua azaltzen dira. Hain justu, gorputzaren hainbat sistematan eragiten duten ikusmen-errezeptore batzuk identifikatu izana azaltzen da. Hortik aurrera, material berriak, spinak, birusen eta minbiziaren aurkako txertoen garapena, kimika sintetikoa, garunaren ikerketa eta adimen artifiziala azaltzen dira.

Beste sailkapenak

Science aldizkariak ez ezik, beste batzuek ere egiten dituzte zerrendak, eta horien artean oso ezagunak dira Time aldizkariarenak. Guztira 50 zerrenda egiten ditu, eta zientziaren barruan bost sartzen ditu: zientzia-aurkikuntzak, medikuntza, ideia berdeak, hondamendi naturalak eta gizakiak eragindako hondamendiak.

Aurkikuntza garrantzitsuenen zerrendak Science aldizkariarenaren antza du: lehen lekuan zelulen birprogramazioa sailkatu dute; bigarrenean, giza genomaren azterketa; eta, hirugarrenean, supernobarik distiratsuena detektatu izana.

Medikuntzako atalean, berriz, ikerketa hauek hartzen dituzte: gizonezkoetan, zirkunzisioa egina izateak hiesa harrapatzetik babesten duela frogatzen duten ikerketak, metastasia egiten duen bularreko minbizia detektatzeko testak eta hegazti-gripearen aurkako gizakientzako lehen txertoak.

Zalantzarik gabe, aurten gai nagusietako bat klima-aldaketa izan da.

Ideia berdeen zerrendan, ingurumenari mesede egiten dioten ekimenak azaltzen dira. Hala, IPCC klima-aldaketaz arduratzen den nazioarteko elkarteari eman diote lehen postua. Bigarrenean, USCAP erakunde estatubatuarra jarri dute. 2050erako atmosferara isurtzen den karbono dioxidoa % 60-70 gutxitzea da erakunde horren helburua. Horren atzean sailkatu dituzte saltoki berdeak, alegia, inguramenari ahalik eta kalte gutxien eginez ekoitzitako eta banatutako produktuak saltzen dituzten dendak edo merkataritza-kateak.

Hondamendi naturalen zerrendan, Bangladeshko zikloiak ageri dira lehen lekuan, eta, gizakiak eragindako hondamendienean, berotze globala. Besteetan ere ezusteko handirik egon ez den arren, horretan ez dago inolako zalantzarik. Hain zuen ere, klima-aldaketa eta berotze globala izan dira aurtengo gai nagusiak, ez bakarrik zientzian eta ikerketa-arloan, baita politikan eta gizartean ere. Eta ziur datorren urtean ere izango direla ikerketagai eta eztabaidagai.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia