}

Zientzialarien harrokeriak?

2019/10/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Oro ez da urre. Zenbaiten esanetan, fisikariak dira zientzialaririk harroenak: mespretxuz hartzen omen dituzte beste jakintza-alorrak. Esate baterako, Wolfgang Paul fisikari ospetsuari emazteak utzi egingo zuela azaldu zionean, norengatik, eta kimikari batengatik, zientzialariak ezin omen zuen sinetsi: «torero bat aukeratu balu, ulertuko nuen, baina kimikari bat…?», esan omen zion, harri eta zur, lagun bati.
zientzialarien-harrokeriak
Arg. Wikipedia

Ernest Rutherford fisikariak ere ez zuen zalantza-izpirik: «zientzia guztia fisika edo filatelia da». Rutherfordek ez zituen batere begiko fisika ez ziren zientziak. Nolabait esateko, fisika zen zientziarik zientziena. Guztietatik ederrena. Benetakoena. Eta patuak mendeku ironikoa prestatu zion.


Rutherford altua eta mardula zen, eta errugbi-jokalari fina, itxura trakets samarra izan arren. Haren ahotsak, berriz, trumoia zirudien, eta begirada ezin zorrotzagoa zeukan. Ez zen samurra izango hari kontra egitea…


Lan bikain ugari egin zituen fisikan, eta behin baino gehiagotan esan izan da fisika nuklearraren aita zela. Ez zen harritzekoa, beraz, 1908an Nobel Saria jasotzea… Kimikakoa eman zioten, ordea! Eta Rutherfordi gustatu ez. Lehena izan zen elementu bat beste bat artifizialki bihurtzen, baina zientzialariak berak haserre puntu batez adierazi zuen moduan : «askotan aldatu naiz nire bizitzan; hala ere, inoiz ez oraingoan bezala, bat-batean fisikari izatetik kimikari izateraino metamorfoseatuta!».


Ziur Nobel sarietako epaimahaikide bat baino gehiago beldurtu zuela Rutherforden ahots sakonak eta begirada zorrotzak. Kimikaria zela entzun behar… Sekula halakorik!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia