}

Zientzia eta Teknologiaren Astean, txikia nagusi

2004/11/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur goizean abiatu da Zientzia eta Teknologiaren III. Astea . Zientzia gizartera hurbiltzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dira: bisitak, lehiaketa, arte-ikustaldiak... Guztiak gai baten inguruan: mikroteknologiak eta nanoteknologiak. Hala, Saretek elkarteak puri-purian dagoen gaia ezagutzeko aukera ematen die etorkizunean zientziak eta teknologiak zer ekarriko duten jakin nahi duten guztiei.
Heinrich Rohrer.

Beraz, nanoteknologia zer den jakin nahi dutenek aukera paregabea izan dute gaur goizean Gasteizko Europa Jauregian hasi den sinposioan. Izan ere, sarrerako hitzaldia emateko maisu hobezina aukeratu dute: Heinrich Rohrer irakaslea, 1986ko Fisikako Nobel sariduna.

Heinrich Rohrer irakasleak txikitasunaren magiari buruz hitz egin du. Txikitzearen, miniaturizatzearen historia zein izan den kontatu du, baita nola sortu zen mikroelektronika ere, eta horrek izan zuen eragina. Nanozientziak eta nanoteknologiak dakarten iraultza , ordea, are handiagoa dela uste du.

Gaur egun atomoekin lan egin daiteke, atomoak ukitzeko, hartzeko, mugitzeko aukera dago. Eta maila horretan egiten denean lan, bestelako ezaugarriak azaltzen dira. Prozesuen abiadura azkartu egiten da, eta sentikortasuna, areagotu. Horri esker, aplikazio berriak sortzen dira, lehen imajinatzerik ez zegoena errealitate bihurtzen da.

Horretaz hitz egin du Rohrer-ek. Haren esanean, laster, nanoteknologiak posible egingo du 200 ordenagailuren memoria edukitzea zentimetro karratu batean. Horrek esan nahi du funtzionatzeko era adimentsua izango duela. Ez ditu datuak gorde bakarrik egingo; horretaz gain, aztertu egingo ditu, eta erabakiak hartzeko gai izango da.

Rohrer irakasleak aurkeztutako eskema bat.

Biologiaren eta nanoteknologiaren arteko parekotasuna haratago ere joango dela uste du Rohrer-ek. Adibide moduan, giza gorputza jarri du. Gorputzeko prozesu asko garunean kontrolatzen dira, baina beste asko lokalak dira, digestioa kasu. Etorkizunean, makinek ere horrela funtzionatuko dutelakoan dago Nobel sariduna; hau da, prozesu autonomo eta lokalak integratuta egongo dira sistema konplexu eta handi batean, biologian gertatzen den bezala.

Beste azalpen asko ere eman ditu Rohrer irakasleak, eta argi gelditu da ideia hau: etorkizuna letra txikiz idatziko da. Baina hitzaldi hau hasiera besterik ez da izan. Beste hitzaldi eta ekitaldi interesgarri asko egingo dira egun hauetan, eta horren ondoren guztiok hobeto ulertuko dugu zer den nanoteknologia eta zertan eragingo duen gure bizimoduan.

Gehiago jakiteko:
Nanoteknologia, txikiak nagusi
Nanoteknologia eta polimeroak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia