Zerurako bide geometrikoa
2013/03/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1144ko urtarrilaren 19an ekaitza izan zen Parisen. Oso haize-bolada bortitzak zebiltzan, eta Saint Denis basilikaren koroaren arku berriak erortzeko arriskuan zeuden. Eliza berritzeko, eraikitze-teknika berria ari ziren erabiltzen, eta ekaitzak unerik txarrenean jo zuen: arkuak bukatuta zeuden, elizaren nerbioak alegia, eta haien arteko paretak ez zeuden oraindik eraikita. Une hartan, ez zegoen arkuei eusten zien aldamiorik edo egiturarik, eta denak ez zeuden oraindik elkarri lotuta. Basilika berritzeko ideia Suger abadearena zen, eta apustu ausarta egin zuen. Eliza izugarri handia egin nahi zuen, eta, horretarako, eraikitze-teknika berri hura nahitaezkoa zen.
Berritze-lan haiek bukatu gabe zeuden, baina nabe nagusia aurreko basilikarena zen, eta, beraz, ez zen aldatu beharrik; horregatik, eliza bera erabiltzeko moduan zegoen, eta hain zuzen ere, ekaitzaren egun hartan, Dagoberto erregearen arimaren aldeko meza ari ziren ospatzen. Haize bortitza hasi zenean, erregearen alde ez ezik, eraikuntzaren alde ere egin zuten otoitz.
Arkuak ez ziren erori. Eta ez ziren erori, ez otoitzaren ondorioz, baizik eta geometriari esker. Nerbioak oinarri geometriko fin batekin diseinatuak eta zehaztasun handiz eginak zeuden. Emaitza oso arku egonkorrak ziren, eta, nahiz eta ekaitzak gertuko beste eraikin batzuk bota zituen, Saint Denisko arkuek zutik iraun zuten kalterik gabe, eta biharamunean berritze-lanari ekin ahal izan zioten.
Altua eta argitsua
Saint Denis basilikaren berrikuntza mugarri bat da. Arkitektura gotikoaren hasieratzat hartzen da. Sugerrek oso eliza handia eta argitsua nahi zuen, eta, horretarako, teknika eta egitura berriak behar zituen, edo, gutxienez, orduko teknika batzuk egokitu egin behar ziren, lehenago inoiz egin ez zen moduan. Ojiba-arkua erabiltzen hasi zen, altuera lortzeko, eta paretetan izugarrizko leihoak eta beirateak jarri zituen, argitasun aparta sortzeko basilikaren barruan.
Horrek arazo batzuk ekartzen zituen. Leihoz betetako paretek ezin zioten eutsi sabaiko bobeden pisuari. "Arazoa geometriaren eta aritmetikaren bitartez konpondu zen", idatzi zuen Suger abadeak. Egia esan, aritmetika gutxi eta geometria asko zegoen eraikin hartan. Baina ingeniaritza asko ere bazegoen; pisuari eutsi eta tentsioak beherantz bideratzen zituzten arkuak diseinatu zituzten, ostiko-arkuak eta kontrahormak gehitu zituzten pisuari eusten zion geometria hartan laguntzeko, eta estilo gotikoa jaio zen.
Zenbaki erromatarrak
Eraikuntza gotikoetan ez zegoen aritmetika asko ezin zelako askorik egon. Maisu eraikitzaileek kalkuluak egiteko zenbaki egokiak falta zituzten: zenbaki arabiarrak. Gaur egun erabiltzen ditugun zenbakiak dira: 1, 2, 3 eta abar. Jatorriz, indiarrak ziren, baina europarrek arabiarrengandik ikasi zituzten eta horregatik dute izen hori.
XIII. mendearen hasieran iritsi ziren Europara, Leonardo Pisano matematikari italiarrak ekarrita (Fibonacci
izenez ezaguna da). Herri musulmanetara bidaiatu zuen matematika ikastera, eta, itzuli zenean, Liber abaci liburua idatzi zuen musulmanekin ikasitakoa zabaltzeko. 1202. urtea zen. Liburuan, adibidez, zeroari buruz idatzi zuen. Eta zatikiei buruz eta zenbakien beste propietateei buruz. Azken batean, Fibonaccik zenbakien idazkera sistematiko eta ahaltsu bat aurkeztu zien europarrei. Eragiketa aritmetikoak egiteko aproposak ziren, eta prezioak, pisuak, neurriak, zergak eta beste edozein magnitude erabiltzeko ezin hobeak ziren.
Arkitekturako kalkuluak egiteko ere ezin hobeak ziren, baina ez ziren berehala hedatu. 1202 baino lehen europarrek hasitako dozenaka katedral gotiko zenbaki erromatarrekin bakarrik eraiki ziren. Eta, ia ziur, XIII. mendekoak ere bai. Katedral gotikoak "benetako kalkulurik egin gabe" eraiki zituztela dio Michel Henry-Claude historialari frantsesak.
Geometria
Eraikitze-maisuek benetako kalkulurik ez zuten egiten, trigonometria ere ez zuten ezagutzen, eta angeluekin lan egiteko modu bakarra geometria aplikatzea zen. Oso geometria konplexua, baina aproposa.
Chartresko katedralaren hego-dorrearen planta, adibidez, oktogonoz osatutako patroi konplexu batetik abiatuta diseinatu zuten. Oktogono asko dira, bata bestearen barruan inskribatuak. Askotan, abiapuntua poligono sinpleagoak izaten ziren, karratuak, triangeluak eta zirkuluak, baina haien konbinazioa oso konplexua da. Aditu ospetsua izan zen Titus Burckhardt historialariak zioen oso zaila dela hasierako patroi horiek zein diren igartzea katedrala bera ikusita, baina zorionez diseinuen marrazki batzuek iraun dute gaur egun arte. XIII. mendeko Villard de Honnencourt arkitekto frantsesaren Livre de Portraiture koadernoa da ezagunena, eta haren marrazkiek ederki adierazten dute, adibidez, Saint Denisko basilikaren berrikuntzarako zer geometria erabili zuten.
Burckhardtek dio geometriak bi funtzio betetzen dituela. Batetik, ondo aplikatzen bada, sortzen dituen egiturak egonkorrak direla, eta horregatik ez direla erortzen katedralak. Eta, bestetik, geometriari esker gai izan ziren katedral erraldoiak eraikitzeko pergamino txiki batean diseinatutako eskema batetik. Garai hartan, ezinezkoa zen plano txiki horietatik bukaerako dimentsioak kalkulatzea. Ez zuten horretarako baliabide zehatzik. Eskala handitzeko prozesuan zehaztasuna erabat galtzen zen, eta eraikina erortzeko arriskuan jarriko zuten. Aldiz, tamaina handiko poligonoak marrazteko gai zirenez, eskalatze-prozesua aurrezten zuten. "Nahiz eta konpas eta erregela modura sokak erabiltzen zituzten, eta haiek malgutasun-maila bat bazuten, oro har neurriak zehatzak dira, hazbete gutxi batzuen errorearen barruan"; nahikoa katedral gotiko bati zutik eusteko.
Istripuak
Benetako erraldoiak eraiki zituzten; Erdi Aroko estandarretarako, ia zerura iristen ziren. Estrasburgoko katedralaren dorrea 142 metro garai da, eta berrehun urtez izan zen munduko eraikinik altuena. Kanpoaldetik ez ezik, barrualdetik begiratuta ziren nabarmenki altuak tenplu haiek. Saint Denis basilikaren beraren nabe nagusiaren bobeda 29 metrora dago; Chartresko eta Amiensko katedralenak, adibidez, 37 eta 42 metroko altueran daude, hurrenez hurren. Erdi Aroko pertsona batek ezin zuen munduan barrualdeko espazio handiagorik aurkitu katedral gotikoak baino.
Eraikin izugarri handiak izateaz gain, boterearen ikur bihurtu ziren katedralak. Agintari zibilen aurrean kleroak egindako erakustaldi bat ziren; elizbarrutien garrantziaren adierazle ere bihurtu ziren. Apezpiku guztiek ondoko hirietakoek baino katedral ikusgarriago bat izan nahi zuten. XIII. mendean, Frantziaren iparraldean, katedralik handiena egiteko lehia bat jarri zen martxan, eta eraikitze-maisuak izar bihurtu ziren.
Katedralen eraikuntza handikeria bat bilakatu zen, eta lehia hori mugaraino eraman zuten. Beauvaisko katedralaren kasua esanguratsua da. Amienskoa baino handiagoa eraiki nahi izan zuten, eta 1248an bobeda nagusia erori zitzaien eraikuntza prozesuaren erdian. Lanari ekin zioten, eta, 1573an, berriz ere erori zen. Katedrala bukatu gabe geratu da, eta gaur egun zutik dirau altzairuzko euskarri erraldoi batzuei esker.
Amienseko katedralak berak ere arazoak ditu. Columbia Unibertsitateko adituek laser bidez aztertu dute eraikinaren egitura, eta emaitzak ez dira lasaigarriak. Nabe nagusiko zutabeek, adibidez, zuzen egon beharko lukete baina okertzen ari dira; norabide batean, erdialdean, eta kontrakoan, goialdean. 20 zentimetroko desbideratzea dute puntu batzuetan. Gehiegi. Eta ordenagailu bidezko ereduek erakusten dute katedrala lehenago edo geroago erori egingo dela, ez bada neurririk hartzen. Eraikitzen ari zirenean hasi ziren arazoak, eta Erdi Aroko maisuek konponketak egin zituzten. Besteak beste, burdinazko kate erraldoi bat forjatu behar izan zuten nabe nagusiaren perimetroari eusteko.
Arazoak arazo, zazpi edo zortzi mende geroago, Erdi Aroko lehiaren emaitzak zutik eta ikusgai daude Europako herrialde askotan. Oraindik ere, hiri askotako erakarpen turistiko nagusia katedral gotikoa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia