Zerk zikintzen du ura?
2000/06/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Inguruneak materia edo energia bere kasa bakandu, desegin, berziklatu edo metatu dezake. Baino ahalmen hori gainditzea (kopuru zein abiadurari dagokionez) poluitzea dela esan daiteke. Beraz, ingurunera gehitzen den edozer inguruneak berak "kudea" dezake eta ez du arazo handirik sortuko gehitze hori neurri baten barruan eginez gero (bere kasa bakandu, desegin, berziklatu edo metatu dezakeen neurrian). Neurri hori gainditzean legoke arazoa. Eta neurria desberdina izango da, noski, poluitzailearen arabera.
Poluitzaile toxikoen kontzentrazioa oso txikia denean ez dute kalte nabarmenik sortzen, baina "atari-maila" gaindituz gero, bizidunen hazkundea, ugalketa edo metabolismoa kaltetzen dute, eta kontzentrazioa oso handia denean hilgarriak izan daitezke. Maila horiek ez dira finkoak izaten; besteak beste, izaki bakoitzaren jasankortasuna desberdina delako. Batzuetan bizidun jakina poluitzaile jakin bat ezabatzeko gai da eta ingurunean kontzentrazio handia egon arren, ez dio ia kalterik egingo. Beste batzuetan, ordea, biometaketa gertatzen da: bizidun gehienek zenbait poluitzaile metatzeko joera dutenez (adibidez DDTa gantzetan), elika-sareetan zehar horien kontzentrazioa asko handiagotzen da. Horrelako substantziak, landare eta herbiboroei kalte gutxi egin arren, sare trofikoen erpinean dauden arrano, igaraba eta abarrentzat hilgarri suerta daitezke; baita gizakiarentzat ere.
Poluitzaile guztiak denbora igaro ahala desagertu egiten dira, baina iraunaldia oso desberdina izan daiteke: egun gutxi batzuk poluitzaile organiko batzuen kasuan eta milaka urte zenbait substantzia erradioaktiboren kasuan.
Uraren poluzioa
Urari dagokionez ere, orain arte esandakoa baliagarria da, baina urak ia edozer disolbatzen duenez, askotan, beste inon baino poluitzaile-mota gehiago egoten da uretan.
Oro har, uraren poluzio-bide antropikoak (hots, giza ekintzek eragindakoak) hiru taldetan biltzen dira (ikus 1. irudia). Batetik, nekazaritza-jarduerek eragindako poluzioa dugu; bestetik, jarduera industrialak eragindakoa; eta, azkenik, hiri-poluzioak eragindakoa. Tokian-tokian, batak edo besteak (edo zenbaitetan batek baino gehiagok) izango du garrantzi handiagoa eta, beraz, urak ezaugarriak ere desberdinak izango ditu.
Nekazaritza
Nekazaritza-jarduerek eragindako poluzioa, ongarri eta pestizidei dagokionez, lausoa da; hau da, ez du isurketa-puntu jakinik.
Laborantza-lurrak behar baino gehiago ongarritzen direnean, landareek zurgatzen ez duten eta lurrak atxikitzen ez duen ongarria, batez ere nitratoa eta fosfatoa, urak eramaten du pixkanaka eta azkenean ibilguetara (azalekoetara zein lurpekoetara) iristen da. Ongarritzea airez eginez gero, zuzenean ere iritsiko dira azaleko ibilguetara. Nitratoak eta, batez ere, fosfatoak uretara iristen direnean ura ere "ongarritu" egiten da. Horregatik, algak gehiago hazten dira eta, teorian behintzat, horietaz elikatzen direnak ere bai (ornogabe zein ornodun izan). Baina horrek, azkenean, oxigeno-kontsumoa areagotzea eragiten du eta urak oxigeno gutxiegi badu, bertako animalia asko hil egingo da eta espezie-dibertsitatea murriztu egingo da (oxigeno-urritasunarekiko toleranteenek soilik iraungo dute). Arazoa areagoa da urak bero badira. Prozesu horri eutrofizazio deritzo (berez ere, urak eutrofizatuago egon ohi dira ibilguen amaieran). Gainera, eutrofizazioari pestiziden eragina gehitu behar zaio, ondorioak ezaugarri kimikoen araberakoak direlarik. II. Mundu Gerraren ondoren pestizida organiko sintetikoen erabilera nagusitu zen (aurrekoak artsenikoa, merkurioa, kobrea eta beruna ziren). Horietakoak dira hidrokarburo kloratuak, hala nola DDTa, aldrina, dialdrina, heptakloroa, lindanoa, endrina eta toxafenoa. Produktu horiek guztiak nekez degradatzen dira eta, ondorioz, bizidunengan metatu egiten dira eta kontzentrazioa handiagotu egiten da kate trofikoan gora egin ahala. Oso kontzentrazio handia denean hilgarriak izan daitezke, baina horretara iritsi aurretik hazkuntza-, garapen- eta ugalkortasun-arazoak eragiten dituzte (malformazioak, antzutasuna, arrautza-oskol ahulak hegaztiengan...). Azken urteetan horien ordez konposatu organofosforodunak (hala nola, malation eta diazinon) eta karbamato-pestizidak (adibidez, karbofuranoa eta oxamila) erabiltzen dira. Lehenak oso azkar degradatzen dira eta, teorian, kalte gutxiago eragin beharko lukete; bigarrenak uretan oso disolbagarriak dira eta lurrari gutxi atxikitzen zaizkio. Nolanahi ere, biak ibilguetara degradatu aurretik iritsiz gero (adibidez euri asko egiten duelako), kalte handia eragin dezakete, oso toxikoak dira eta.
Jakineko haztegi eta eraikinetan egindako nekazaritza-jarduerei dagokienez, ordea, isurketa-puntua zehatza izaten da eta, alde horretatik, industria-jarduera gisa azter daitezke. Horietan poluzioa organikoa (eutrofizazioa eragingo duena) eta tratamendu, garbiketa eta abarretan erabilitako produktu kimikoek eragindakoa izango da.
Industria
Nekazaritzan ez bezala, industriak sortutako uraren poluzioa isurketa-puntu jakinetan eragiten da eta, horri dagokionez, neurriak hartzea errazago litzateke. Alabaina, industria-jarduera mota askotarikoa da eta, horregatik, sektore desberdinek sortzen edo sor dezaketen poluzioa desberdina da (ikus 2. taula). Arazo iraunkorrenak ingurugiroan degradatu gabe gehien irauten duten substantziek sortzen dituzte; hala nola metal astunek (malformazioak, garapen-arazoak... sortzen dituzte) eta PCBak edo bifelino polikloratuek (minbiziarekin eta bestelako garapen-arazoekin lotu dira). Produktu kimikoek ere fauna eta floraren bat-bateko heriotza eragiten dute. Horiez gain, industriak eutrofizazioa ere eragin dezake.
Azkenik, bada poluzio termiko deritzona ere; hots, ura berotzea, eskuarki hozte-sistemetan erabilitakoa. Horrek uretako bizidunen komunitateak eraldatu egiten ditu eta oxigeno gehien behar duten espezieak desagertu egiten dira.
Hiriak
Hirietako poluzioa ere isurketa-puntu jakinetatik egiten da, baina bi jatorri dituela esan liteke. Batetik, etxeetako sukalde eta komunetan sortzen dena dugu, osagai nagusiak materia organikoa, mikrobioak, xaboiak eta olioak direlarik. Batez ere lehen hirurek eutrofizazioa eragitea dute ondorio nagusi. Bestetik, euri-urek teilatu, errepide, aparkaleku eta abarretan bildutako poluzioa dugu eta aurrekoek baino arazo larriagoa sor dezakete. Osagaiak olio industrialak, ibilgailuetatik isuritako hainbat likido eta ihes-tutuetatik askatutako metal astunak eta abar izaten dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia