Zerk du lehentasuna, ekonomiak ala ekologiak?
2002/07/21 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Turismoari buruz egin diren azken inkestek biztanleak gero eta bidaiariagoak direla nabarmendu dute. ‘Bidaia’ produktu erakargarria eta atsegina da bidaiarientzat baina arriskutsua bisitatzen dituzten inguruentzat. Izan ere, bidaiariak ez dira beti horren garbiak izaten eta askotan bisitatzen dituzten gune berriak zabortegi bilakatzen ere badakite.
Hainbat eta hainbat mendizaleren ahotan entzuten da Everest mendia zabortegi itzela bilakatu dela: hango mendateak janari-potoz, plastikozko bidoiez, edo dendaz josirik daudela diote. Himalaiaren hegoaldeko Collado mendian adibidez, 2000 oxigeno-botila baino gehiago bildu dituzte.
Baina urteak dira mendizaleak gailur eta aldapak zikintzeari ekin ziotela. Nepalgo gobernuak, 1993. urtetik aurrera, hain zuzen ere, hainbat neurri hartu zituen mendiak txukunago edukitzeko: garbiketa espedizioak antolatzeaz gain, 4.000 dolarreko isunak ezartzen hasi ziren, eta oraindik ere bide beretik jarraitzen dute. Mendizale anitzek, geroztik, sherpei ordaintzen diete haien zaborrak herrira jaisteko, nola ez, Nepalgo gobernuaren isuna ordaintzea baino merkeagoa baita.
Turismo poluitzailea ez da mendietako bisitarien artean soilik atzematen, ordea; kostaldera jauzi eginez gero, gauza bera gertatzen da. Txangozale asko hurbiltzen da, adibidez, Bretainiako (Frantzia) uharte txikietara. Ponant-eko irlen kasua nabarmentzekoa da: azken urteotan nekazaritza eta arrantza erabat desagertzen ari dira turismoaren eraginez. Turismoak higiezinen merkatua izugarri eraldatu du eta zoko denetan etxebizitza garestiak eraiki dituzte. Ondorioz, hondakinen eliminazioa eta edateko uraren-eskasia arazo larria bihurtu dira. Uharte horietako herriek, bestalde, instalazio publikoak berregituratu behar izan dituzte (transformadore elektrikoak, bide eta errepideak...) turistak eroso senti daitezen, baina guzti horrek badu eraginik ingurumenean.
Gaur egun, bidaiariek munduko edozein txoko edo puntatara joateko zaletasuna dute; helmuga zenbat eta urrunagokoa hautatu, orduan eta erakargarriagoa dela dirudi. Adibide argia dugu Antartika: urtero, 15.000 bisitari baino gehiago pasatzen dira lurmutur horretatik. Bisitari horiek, aldiz, ez dituzte lur horiek iritsi zirenean bezala uzten.
Dirudienez, hara hurbiltzen diren turistek, argazki- eta bideo-kamerak eramateaz gain, bakterioak ere garraiatzen dituzte beren zapata-zoletan. Turisten oinetakoak, beraz, gure ekosistema arrisku larrian ezartzen ari dira. Hondamen ekologiko horrek zorigaitzeko ondorio gehiago sor ez dezan, Chris Curry Freemantle-ko (Australia) medikuak eta bere taldekideek desinfektatzaile eraginkor bat erabiltzera behartu dituzte turistak. Antartikara hurbiltzen den bisitari orok erosi behar izaten du produktu hori. Baina nola kontrola daiteke turista guztiek zapatak garbi dituzten edo ez? Momentuan, infekziozko gaixotasunik sor edo barreia ez dadin, zientzialariek bidaia-agentzietako arduradunei beren bezero denen zapatak kontrola ditzaten eskatu diete.
Turismoak lurrazala kutsatzeaz gain abereak ere kalte ditzake. Esate baterako, Botswanako (Afrika) Chobe herriko parke nazionalean bi epidemia azaldu dira han bizi diren mangostetan. Estatu bereko Kalahari desertuan, surikatuak kaltetu dituen hirugarren epidemia bat ere agertu da. Mangostak turistek parkean utzitako hondakin kutsatzaileak janez gaixotu dira. Kathleen Alexander Botswanako faunaren arduradunak dioenez, gizakiak dira epidemia horien errudun, orain arte ez baita sekula ikusi berez tuberkulosia duen animaliarik.
Ekonomiaren garrantzia...
Ondo asko dakigu turismoak diru anitz mugitzen duela. Askotan, ekonomiak ekologia edo ingurumena baztertu eta bere interesak soilik defendatzen ditu. Everestera egiten diren bidaien kasuan, espedizio-antolatzaileek mendizaleen diru-zorroak hartzen dituzte kontuan batik bat, eta ez beren kontzientzia ekologikoa edo/eta gaitasun fisikoa.
Bestalde, Pirinioetako biztanle asko azken urteotan modan jarri den ‘turismo berdeari’ esker bizi da. Bidaiatzeko modu berri horrek naturan eragiten dituen kalteak begi bistakoak izan arren, momentuan aurrera jarraitzen du.
Afrikako parke nazionaletako kasua berdina da: ekoturismoa bertako biztanle anitzen diru-iturria da (urtero parke bakoitzeko 1.5 milioi dolar biltzen dituzte). Bidaiariek bertan bizi diren abere batzuek kaltetzen badituzte ere, afrikarrek turismo-mota horrekin jarraitzeko asmoa dute.
Turismoak azken urteotan dakartzan kalteak ikusirik, batzar eta eztabaida asko antolatu da. Baina bilkura horietan erabakiak hartu badituzte ere, oso gobernu gutxik bete ditu turismoa mugatzeko neurriak. Nork irabaziko ote du ekonomia eta natura faktore indartsuen arteko gerra?
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia