}

Zergatik zuritzen zaigu ilea?

2000/06/07 Elhuyar Zientzia

Zahartu ahala ilea, gutxi edo gehiago, zuritu egiten zaigu; horren dudarik ez dago. Poliki-poliki hasten da, baina behin hasita ez dago atzera bueltarik. Horrela, zimurrak eta ilea zuritzea hain gazte ez garenaren seinale izan ohi dira.

Ileari ohiko kolorea ematen dion pigmentua melanina da; azalari kolorea ematen dion pigmentu bera; eta melanina gehiago edo gutxiago izan, ilearen ohiko kolorea argiagoa edo ilunagoa izango da. Melanina ilearen sustraian dauden zelula batzuek sortzen dute. Gaztetan melanina asko sortzen dute zelulek, baina zahartu ahala zelula horiek hil egiten dira, eta ileak gaztetako kolorea galdu egiten du.

Ilearen zuritze-prozesua luzea izan ohi da, 10 eta 20 urte bitartekoa, bakoitzaren ezaugarri genetikoen arabera. Batzuei oso gazterik hasten zaie ilea zuritzen eta beste batzuei, berriz, zahartzaroan edo bat ere ez.

Badira, hala ere, ilearen kolorea galtzen ez duten giza taldeak, besteak beste beren ileak inoiz kolorerik izan ez duelako: pertsona albinoak dira horiek, eta melanina sortzeko zelularik ez duten pertsonak dira. Mutazio genetiko baten ondorioz, ez dute melanina sortzeko gaitasunik eta horregatik dute beti ile zuria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia