Zergatik hitz egiten diegu landareei?
2010/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Gauzei giza ezaugarriak egoztea antropomorfizazioa edo gizatiartzea deitzen zaio; "Antropomorfizazioa" hitza Xenofanes filosofo greziarrak asmatu zuen, jainkoek sinestunekin zuten antza agerian jartzean: jainko greziarrek larruazal zuria eta begi argiak zituzten, eta Afrikakoek, berriz, larruazal eta begi ilunak.
Artikuluaren egileen ustez, gizatiartzeak ondorio garrantzitsuak ditu. Besteak beste, giza ezaugarriak eman zaizkion izakiari (biziduna izan edo ez) arreta morala zor zaio, eta zaindu egiten da. Horrez gain, gizatiartutako hori bere jokabidearen erantzule bihurtzen da, eta, beraz, saria edo zigorra merezi du, egiten duenaren arabera.
Bestalde, zer gizatiartzen dugun ikertu dute psikologoek, ez baititugu izaki guztiak berdin hartzen. Hala, horretan eragiten duen faktoreetako bat antzekotasuna dela topatu dute psikologoek; hau da, delako izakihorrek portaeran edo itxura fisikoan pertsonen antza badu, aukera handiagoa du gizatiartua izateko beste izaki batek baino. Esate baterako, errazago gizatiartzen dugu landare bat (jaio, hazi eta hil egiten da), auto bat (mugitu egiten da) edo maniki bat (antzeko itxura du), hozkailu bat edo armairu bat baino. Beste faktore bat bakardadea da: gizarte-harreman eskasak dituzten pertsonek besteek baino joera handiagoa dute gauzak edo animaliak pertsonatzat hartzeko.
Alderdi praktiko bat ere badu. Hain zuzen, Munduko Meteorologia Elkarteak pertsona-izenak ematen dizkiete urakanei eta ekaitzei. Hasieran, santuen, arrantzaleen andregaien eta gustuko ez zituzten politikarien izenak jartzen zizkieten, eta oraindik ere jarraitzen dute ohitura horrekin. Bada, psikologoen esanean, horrek erraztu egiten du komunikazioa, eta neurri eraginkorrak hartzen eta informazioa hedatzen laguntzen du.
Gizatasuna kentzea
Kontrako joera ere, hau da, gizatasuna kentzea, pertsonak gauzatzat edo animaliatzat jotzea, aztertu dute psikologoek. Hainbat adibide nabarmen aipatzen dituzte, hala nola naziek judutarrekin egindakoa, eta soldadu estatubatuarrek preso irakiarrekin Abu-Ghraiben egindakoa. Haien ustez, adibide horiek iradokitzen dute halakoetan parte hartzen dutenek talde baten partaide sentitzen direla, eta arrotzari aurre egiteko elkartzen direla. Halakoetan, gizatasuna kentzeko joerak taldea sendotzen lagunduko luke.
Horrenbestez, artikuluaren egileek uste dute gizarte-lotura estuak izatea ona dela banakoarentzat, baina gizatasuna kentzeko joera ekar dezakeela, eta, beraz, ondorio txarrak izan ditzakeela taldetik kanpo daudenentzat.
Psikologoen iritziz, pertsonon jokabideak ulertzeko, garrantzitsua da gizatiartzea eta gizatasuna kentzea, biak, ikertzen jarraitzea, eta adibide argigarri batekin bukatzen dute artikulua. 2008an, Kalifornian bi lege-proposamen onartu zituzten. Bigarren lege-proposamenari esker, haztegietako abereek ordura arte baino leku handiagoa dute; zortzigarrenarenaren arabera, berriz, bikote homosexualei ezkonduekin parekatzen zituzten eskubide batzuk kendu zizkieten. Giza jokabidearen aurkia eta ifrentzua.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia