}

Zergatik ez ditu argiak, soinuaren antzera, paretak zeharkatzen?

2000/03/22 Elhuyar Zientzia

Soinua eta argia, biak, uhinak dira, baina oso uhin desberdinak dira.

Soinua uhin mekanikoa da, hau da, materia behar du hedatzeko: mahaian kolpe bat ematen bada, soinua (hau da, uhin mekanikoa) sortuko da eta mahaiaren ondoko aire-molekulak bibratzen hasiko dira. Molekula horiek aldi berean ondokoei transmitituko diete bibrazioa, eta horiek ondokoei eta hala, belarriraino. Soinu-uhina pareta batera iristen denean, paretako atomoak aire-molekulen antzera portatzen dira eta soinua, atomo batetik bestera igaroz, paretaren beste aldera iristen da. Han, paretaren beste aldean, bibrazioa berriz aire-molekuletara pasako da eta azkenik belarrira.

Argia berriz uhin elektromagnetikoa da, hau da, batera higitzen diren eremu magnetikoa eta eremu elektrikoa da, eta ez du materiaren beharrik hedatzeko. Horregatik, paretara iristen denean, uhina islatua edo absorbitua izango da, baina ez da beste aldera pasako.

Guk argia esaten dugunean, betiere, argi ikusgaiaz ari gara; hau da, argiaren espektro osoaren barnean energia baxuko uhina. Baina badira energia handiko argi-izpiak, hala nola, X izpiak edo gamma izpiak, eta horiek bai, horiek zeharka dezakete aipatu materia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia